“Sindikatuen arteko elkarlana funtsezkoa da hitzarmenerako”

Ane Maruri Aransolo

Bizkaiko metalgintza sektorean, 2003. urtean onartutako hitzarmena dago indarrean. Bizkaiko ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuak metaleko industriarako hitzarmen berri bat negoziatzen ari dira patronalarekin. Oraindik ez dira ados jarri, baina LABek aldaketa positibo baten alde egin nahi duela dio. Hurrengo batzarrean aurrerapausorik ematen ez bada mobilizazioak planteatuko dituztela azaldu dute LABeko industria federazioko kide Jobi Alkortak (Ondarroa, 1961) eta Iratxe Azkuek (Erandio, 1975).

Zein da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren egoera?

JOBI ALKORTA: 2003. urteko hitzarmena dago legean, eta hura ez eguneratzeak metalaren sektorea erregulatu gabe izatea eragin du. Enpresa bakoitzak bere interesen arabera hartu ditu erabakiak azken urteetan, langileen eskubideak guztiz desberdinak izatera iritsi arte. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu Bizkaiko metalgintza erregulatzea, eta LABetik apustu sendo bat egin nahi dugu egoera orekatzeko, berdintzeko eta gaurkotzeko. Horretarako, beharrezkoa da duintasunezko hitzarmen bat lortzea. Izan ere, metaleko hitzarmenak 55.000 langileri eragiten die, eta horietako %66 eguneratu gabeko hitzarmenarekin ari dira lanean.

Zein bide darama hitzarmen berria lortzeko negoziazioak?

J.A.: Gaur egun indarrean dagoen hitzarmena, zoritxarrez, 2003. urtekoa da, eta Bizkaiko hitzarmenetan garrantzitsuena da metalarena. 2008 eta 2011. urteen artean, tarteko hitzarmen bat egon zen, baina eragin murritzekoa izan zen, gure ustetan. Izan ere, hitzarmen hori gutxieneko adostasun batekin sinatu zuten UGT eta CCOO sindikatuek. Ordutik hona, baina, hitzarmen falta izan da metalgintzan. Hori horrela, Bizkaiko metalgintzako sindikatuek eta patronalak mahai bat osatu zuten 2017. urtean, egoera konpondu eta hitzarmena eguneratzeko asmoarekin.

ELAk lortu zuen gehiengoa; ez, baina, gehiengo osoa. Bigarren CCOO kokatu zen, eta hirugarrenak izan ginen gu; laugarren lekuan UGT dago. Patronalak blokeatuta eduki du negoziazioa, eta sei batzar egin ditugu jada, baina sindikatu bakoitzak bere bideari jarraitzen dio, nahiz eta sindikatuen arteko bateratasuna egon zenbait puntutan.

Sindikatuen arteko adostasuna lortu da Bizkaiko metalgintza hitzarmena negoziatzeko mahaian?

J.A.: Egindako sei batzarretan sindikatu bakoitzak bere bidea hartu du, baina denborarekin norabide bera ezartzen goaz sindikatu guztiak. Hala ere, oraindik ez dugu lortu batasun osoko aldarrikapena egitea. LABeko kideoi, hitzarmena aurrera ateratzeko, funtsezkoa iruditzen zaigu sindikatuen arteko elkarlana. Negoziazio taldeen errealitatea askotarikoa da, baina eskubide komunen aurrean gutxieneko bateratasunak aurkitu behar ditugu. Oraingoz, diagnostikoan eta planteamenduan nahiko ados gaude. 2003. urtetik gaur arte lortu ez dena lortzeko nahia beharrezkoa da; baina, ezin bada batasuna lortu, argi daukagu bakoitzak bere printzipioekin jarraituko duela.

LAB sindikatutik zer eskatzen diozue patronalari?

IRATXE AZKUE: Lana eta aberastasuna banatzeko neurriak ezarri behar dira, gaur egun sektoreko 8.000 langile inguru baitaude langabezian. Borondatea izanez gero, hori egiteko aukerak badaudela uste dugu. Soldatei erreparatuz, krisiaren aitzakiarekin lapurtu digutena berreskuratu behar dugu. Lanpostu berriak, gainera, duinak izan behar dira; gaur egun lan bat izateak ez duelako esan nahi lan duina edukitzea. Horretarako, beharrezkoa da lan baldintza duinen aldeko neurriak hartzea; azpikontratazioa duten beharginei subrogazioa bermatzea, esaterako. Gazteen eta emakumeen berdintasunaren aldeko neurriak ezarri behar dira, emakumeen presentzia oso murritza baita sektorean. Negoziazioan ez ditugu atzerapausoak onartuko, eskubideak eskubide direlako eta horiek hobetu nahi ditugulako. Langileak nekatu dira , eta prest daude beraien eskubideen alde borrokatzeko. Perspektiba ekonomikotik at, ikuspuntu soziala ere landu behar delakoan gaude.

Zeintzuk dira metaleko patronalak eskaintzen dizkizuen aukerak?

J.A.: Patronalari astakeria bat irudikatzen zaizkio gure eskaerak, eta beraien proposamena soldata igoera txikia da, inongo erreferentziarik ez duena. Gainera, ezarrita dauzkagun puntu batzuk gutxitu nahi dituzte; langileen gaixoaldiari dagokion puntua, esaterako. Sindikatuok, baina, horren aurka gaude, eta ez dugu, inondik inora, langileen eskubideak murrizten utziko.

Zergatik da hitzarmena eguneratzeko momentu egokia?

I.A.: 2016. urtekoak diren azken datu ofizialetan patronalak 1.300 miloi euro garbi banatu zituen, eta 2017. urtea oso ona izan dela jakinarazi zuten. Eta 2018rako aurreikuspenak hobeak dira. Beraz, patronalak esaten duena ez da mantentzen, eta aldaketarako momentu egokia da oraingoa. Lan mundutik kanpo prekaritatea nagusitzen da, baina lanean daudenen artean ere nagusi da.

Hurrengo batzarrean ados jartzen ez bazarete, zein bide hartuko duzue?

J.A.: Gizartea, eskubideak, errealitatea eta metalaren industria asko aldatu dira azken hamabost urteetan, eta hori erregulatu beharra dago. Patronalak ez du horretan sartu nahi, eta, gauzak nola dauden ikusita, pentsatzen dugu uda aurretik ez dela ezer konponduko. Mahaia zabalik eta hitzarmena ate joka egon arren, atea zabaldu egin behar da, eta 55.000 langileren eskubideak bermatu. Maiatzaren 28ko bileran ez bada ezer aurreratzen, beste jarrera bat hartzeko unea izango da. Negoziazio mahaitik alde egin ez arren, mobilizazioekin hasi beharko ginateke, eta sindikatu guztiok bat egingo bagenu, eta batera mobilizatuko bagina, indar handiagoa izango genukeela uste dugu. Baina ikusi beharko da zein den beste sindikatuen jarrera.

I.A.: LABek, behintzat, mobilizazioen bidea planteatuko du, sindikatu guztiak batera joateko asmoarekin. Hori baita hitzarmen duin baten alde egiteko bidea. Hala ere, ordezkaritza handiena duen sindikatuarena da erantzukizun handiena; kasu honetan, ELArena.