Herriaren lanaren erakusleihoa

Natalia Salazar Orbe

Euskal dantzak, musika, arte eszenikoak, zinema, joko tradizionalak, zesta-punta nahiz esku pilota partidak, literatura… Kultur adierazpen ugariz jositako egitaraua izan ohi du Durangok urte osoan. Herriko talde eta elkarteek landu eta prestatzen dituzten jarduera horientzako agertoki bateratua lortze aldera, erakusleku bakarrean bildu ditu, beste urtebetez, Euskal Jaia ekinaldiak.

21. aldia dute aurtengoa, eta orain arteko aberatsena, parte hartzeari dagokionez. 27 elkarte, kultur eragile eta erakunde publikok hartuko dute parte. Izen berrien artean Bizidun Nagusien Elkartea ageri da. Besteak beste, adinekoentzako mendi ibilbidea eta baserriaren garapenari buruzko hitzaldia antolatu ditu.

Artisten elkarteak, pilota zein zestazaleak, musika eta dantza taldeak, ikastola zein ikastetxeak, irratia zein tabernariak eurak ere, denek bat egingo dute hiru astez herria agertoki erraldoi bilakatuko duen egitaraua osatzeko. Gaur hasi eta ekainaren 17ra arte iraungo baitu Euskal Jaiak. Egun horietan guztietan, euskal kultura interes bereziko gune bilakatuko da herrian. Jardunaldion bidez, urte osoan euskal kulturaren arloan lan egiten duen jende askoren ahaleginak batu eta bideratu nahi dituzte.

Euskal kultura sustatzeko programa 1998an sortu zuten: herrian egiten ziren kultura arloko ekitaldi, lan eta ekarpen guztiei merezitako zabalkundea ematea izan du helburu sorreratik.

Durangoko Artisten Elkarteak antolatutako Eskola Arteko X. Pintura Lehiaketaren erakusketak emango die hasiera jarduerei. Durangoko Pilotazale Elkarteak antolatutako pilota txapelketarekin bukatu bitartean adin eta zale askorentzako egitaraua izango da herriko hainbat agertokitan. Joko tradizionalen topaketa, Durangoko ermitak ezagutzeko ibilbidea edota baserriko kirolak praktikatzeko aukera aurkitu ahalko dira. Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren sari banaketa egiteko ere baliatuko dituzte egunok.