Bilbo Zaharrari astindua

Bilbo Zaharrari astindua

Natalia Salazar Orbe

Iluntasuna kolorez jantzi eta bazterketari askotariko ekinaldien bidez erantzun dion auzo indartsu eta bizia da Bilbo Zaharra. Eragile eta elkarteen lanari esker, kultur adierazpen ugariren sorleku bihurtu da. Auzotarrek eurek biziberritutako auzoa hainbat kontzertuk eta bi azokak osatutako topaketak astinduko dute bihar. Last Tour eta Heinekenen eskutik iritsiko da, aurten ere, Hirian jaialdia. Udalaren babesa ere badu.

Kobetamendin sustraitu ondoren, BBK Live jaialdiaren adarrak hedatuz doaz. Horietako bat da Hirian, eta Bilbo Zaharrera, San Frantziskora eta Zabalara iritsi da. Jaialdi erraldoien ereduetako bat bilakatu denak doan eramango ditu Bilboko kaleetara hemengo eta kanpoko artisten emanaldiak.

Berritasunekin dator aurten. Ohi bezala, kontzertuek hartuko dute indar gehien. 21 artistak taularatuko dituzte emanaldiak, bost agertokitan: Mariaren Bihotzean, Erriberako Merkatuan, Bilbo Zaharrean eta Hiru Zutabeen plazan ariko dira. Horrez gain, Martzana Kaian ere izango dira batzuk. Artisten zerrenda luzea da. Besteak beste, zuzenean ikusi ahalko dira Audience, Billy Bomm Band, Daniel Kyo, Flamingo Tours, Hidrogenesse eta Ladilla Rusa. Askotariko proposamen gisa definitu dituzte antolatzaileek bihar ikus-entzuleek doan gozatu ahalko dituzten kontzertuak.

Ikuskizunetarako agertokiak gehitzeaz gain, beste jarduera batzuk ere prestatu dituzte. Hain zuzen, Maiatzaren Biko azoka eramango dute izen bereko kalera. Izaera bohemio eta alternatiboa bereizgarri izan ohi dituen azoka horrek jaialdiari lotutako ezaugarriak hartuko ditu oraingo honetan. Musikarekin lotutako elementuak aurkituko dituzte. “Kuxkuxeatzera, ongi pasatzera, parte hartzera zein bigarren eskuko edo eskuz egindako gauzak erostera” gerturatu ohi direnen topagune bilakatuko dela deritzote antolatzaileek.

Musika. Horixe izango da asteburuko protagonista nagusia. Dela ikuskizunetan, dela bertaratzen direnen belarrietara iristen diren uhinen bidez zein euskarri askotan iltzatuta geratu diren kantu eta doinuen formatuan. Halaxe aurkituko dute musika, bihar eta etzi, Bilborock aretora joaten diren bisitariek: diskoetan grabatuta. Han antolatu baitu KLTR Events enpresak Bilboko Diskoaren Nazioarteko X. Azoka. Biniloez gain, CDak eta musikari lotutako bestelako bitxiak izango dituzte salgai eta erakusgai. Besteak beste, singleak eta Extended Play diskoak.

Hirian jaialdiaren antolatzaileek ondo dakite zer-nolako espazioan eskainiko dituzten emanaldiak. Eta, musika programazioari dagokionez, “proposamen freskoak, erakargarriak eta gaurkotasunezkoak bezain askotarikoak” eraman nahi dituzte bost agertokietara. Izan ere, Hirian jaialdia “Bilbo Zaharreko izpiritu urratzaileari leial” izatea nahi dute.

Bilbo “izaera handiko” hiri gisa definitu dute: “Sortzailea ere bada, eta eboluzionatzen ari da”. Bizilagunak eurak bilakatu dira aktore kultura arloko aukera zabala eskaintzen duen eremu horretan. Eta Bilbo Zaharrean are nabarmenagoa da ideien irakinaldi hori. “Auzo honetan azaleratzen ari diren artistek eta bertako auzo elkarteek eta gizarte mugimenduek espazioa partekatzen dute. Askotan, baita kezkak ere”. Ideien laborategi gisa definitu dute auzoa. Hala, eremua izaten ari den “eraldaketa harrigarria” babestu nahi dute, eta “bertako balioz” kutsatu nahi dituzte Hirian aitzakia hartuta kaleez gozatzera bertaratuko diren guztiak.

Ereduari buruzko kritikak

Hala azaldu dute antolatzaileek. Auzotarrek beste iritzi bat dute, ordea. Ez datoz bat jaialdiaren deskribapen horrekin. Hirian-en ereduari lotuta, udalak ezarri nahi duen auzoon eraldaketa eredua ere badute jomuga kritikok.

Bertako bizilagunak kontuan hartu gabe antolatu den jaialdia dela salatu dute hainbat eragilek: Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Taldeen Koordinadorak, Sareanek, Xakek, Bilbo Zaharreko Kultur Etxeak, jai batzordeak eta auzo elkarteak, ANTI liburudendak, Consonnik, Goizaldek eta Kidekoopek. Era berean, esan dute jaialdia antolatu duten enpresa pribatuen helburua “sormenaren merkantilizazioa” izan arren espazio publikoa erabiltzeko inongo oztoporik ez dutela aurkitu; eta eurek, aitzitik, etengabe trabak izaten dituztela.

Bilbo Zaharreko eragileen esfortzuaz sortutako ereduaren aurrean, hainbat enpresak “kontsumo aisian oinarritutako eredua” ezarriko dutela salatu dute. Hala, sinetsita daude “Bilbon abiatutako turistifikazio eta gentrifikazio prozesuari” bultzada emango diola.

Horrez gain, adierazi dute Bilboko Udalak sustatutako auzoaren eraldaketa ereduak ez dituela kontuan hartzen auzoon benetako premiak. Behar horiek bizilagunekin, pertsonekin aztertu beharrean, zabaldu nahi duten hiri ereduaren arabera erabakitzen dituztela salatu dute: “Hirian, baina herritarrik gabe. Ikusleak gara soilik”.

Jaialdiak auzoak “okupatu” egingo dituela uste arren, bertaratzen den oro, beti legez, ondo hartua izango dela argitu dute, eta bertan parte hartuko duten artistei ere errespetua agertu diete.