Beltzezko gizonen irtenbide ilunak

Beltzezko gizonen irtenbide ilunak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Jakina zen etor zitekeela; agerikoa. Etenik gabeko gainbehera luze baten amaiera logikoa. Eta, hala ere, sinistu ezina nagusitu zen duela bi aste, mailaz jaitsiko zela erabaki zen partidan. Denboraldi txar baten ondorioa begien aurrean jartzeak malkoak eragin zituen, eta ezusteko gertaera batek sortuko lituzkeen erreakzioak. Argi utzi zuen maiatzaren 13ko partida hark: ACB liga galdu du Bilbo Basketek. Partida hura galtzeak matematikoki adierazi zuen saskibaloiko maila gorenetik bigarren mailara jaistea zekarkiola Bilboko taldeari; datorren denboraldian Urrezko LEB mailan jokatzea dagokiola.

Baina goi mailako kirolean ez da kirola batzuen eta besteen mailak erabakitzen dituen eragile bakarra. Nagusia ere ez askotan. Diruak baldintzatu eta erabakitzen du, sarri, talde baten ustezko kirol maila. Horixe da Bilbo Basketen kasua. Eta oraindik diruak konpon lezake kirol emaitzek ezin izan dutena; kantxan lortu ez dena bulegoetako negoziazioetan eskura daiteke. Zail du, halere, gaur-gaurkoz.

Aukera onik ez

Gauzak horrela, beltzezkoen taldearen etorkizuna galdera marka handi bat da oraingoz, eta irautea bera ere ez du ziurtatua. Hiru aukera ditu mahai gainean: batetik, denboraldiko kirol emaitzek utzi duten egoera gauza liteke: mailaz jaitsi, eta LEB mailan arituko litzateke Bilbo Basket. Egun dituen diru arazoak ez lituzke desagerraraziko horrek, ACB Ligak berekin dakarren diru iturria galduko bailuke; partidak telebistaz emateak dakarren dirutza, esaterako. Taldearen gastuak nabarmen murriztu behar lituzkete, beraz, eta jokalarien maila ere egoera horretara egokitu. Oreka zaila litzateke, halere, ACB Ligara itzultzea bailuke helburu, eta talde egonkor eta sendoa behar bailuke horretarako.

ACBn mantentzea litzateke beste aukera bat. Denboraldiko partiden emaitzak teorian mailaz jaistera behartuko lukeen arren, gerta liteke mailaz igotzeko aukera duen Urrezko LEB mailako talderen batek ez izatea horrek eskatzen duen dirutza ordaintzeko modurik. Sarri gertatu da hori saskibaloian, eta irabazle geratu diren taldeak maila berean mantendu dira behin baino gehiagotan, ACBrako sarrera ordaindu ezinik.

Maila gorenera igotzeko aukera duten bi taldeetako batek esana du ACBrako jauzia egingo duela. Baina beste taldeak ez du oraindik bere asmoen berri eman. Bigarren maila horretan mantentzea erabakiko balu, Bilbo Basketek ACBn jarraitzeko aukera izango luke. Oso egoera zailean geratuko litzateke, hala ere, aurrera egiteko diru gabe. Bost milioi eurotik gorako zorra du taldeak egun, eta inbertsio handia behar luke goreneko ligan mantendu ahal izateko. Beharrezko dirutza lortuko balu ere, agonia luzatzeko neurria izan liteke.

Azken urteetan taldea itotzeraino eraman duen zorren pilaketa ikusita, nekeza izango da halako inbertsore handirik erakartzea. Eta, orain arte egin dituzten adierazpenen arabera, instituzio publikoak ez daude ezohiko diru gehiago emateko prest. Azken urteotan dirutza jarria dute dagoeneko.

Duela bost urte, esaterako, taldea kinka larrian zegoela eta, 5,3 milioi euro eman zituen Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbo Basket erreskatatzeko. Hautsak harrotu zituen erabakiak. Diru publikoa milioika euro mugitzen dituen eliteko kirolera bideratzeak herritar asko sumindu zituen. Orain, azaldu du ez duela halakorik errepikatuko. “Aldundira iritsi bezain laster esan nuen ez genuela dirurik sartuko kirol profesionalean, eta gauza bera esaten jarraitzen dut”, adierazi du Unai Rementeria ahaldun nagusiak, azken partida erabakigarria galdu ondoren.

Eusko Jaurlaritzak ere jakinarazi du ez duela diru publikorik emateko asmorik, eta oraingo laguntza bera mantenduko duela esan du Bilboko alkateak. 200.000 euro ordaintzen ditu, urtero, udalak. 2017an hartu zuen bere gain 2021era artekoa izango den ordainketa hori. Saskibaloi taldeak bankuari milioi bat euroko kreditu bat eskatzeko bermea jarri zuen udalak, eta hori da ordaintzen ari dena. “Edo neurri hori gure gain hartzen dugu, edo taldea desagertu egingo da”, argudiatu zuen orduan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. 2016ko uztaila zen. Eta, aipatutakoak adibide esanguratsuenak diren arren, diru publikotik laguntza gehiago ere jaso ditu taldeak azken urteetan, Bilbo Arena pabiloiaren eraikuntza kontuan hartu gabe.

Mahai gainean dagoen hirugarren aukera taldea desagertzea da. Beste galdera batzuk sortzen ditu horrek: batetik, milaka jarraitzaile fidel sortu dituen kirol bat talderik gabe geratuko da? Urterik urte haziz joan da Bilbo Basketen zale kopurua, eta Miribillako jokalekua bete egin dute partida gehienetan. Taldea egoerarik zailenetan egon denean ere, 9.000 ikusletik gora batu dira Bilbo Arenan. Marea beltza efektuaz ere hitz egin da. Zale asko eta sutsuak sortu ditu. Europako ligetan halako jarraitzaile kopurua mugitzen duen talde gutxietakoa da. Hain zuzen, argudio horixe erabiltzen dute inbertsio publikoa egitearen aldekoek instituzioei ordainketa gehiago eskatzeko.

Zer egin Bilbo Arenarekin?

Taldea desagertuko balitz, beste galdera nagusi bat sortuko litzateke: zer egin Bilbo Basketentzat Miribillan beren-beregi eraiki zen Bilbo Arena eraikinarekin? Duela zortzi urte eraikitako pabiloi horrek 37 milioi euroko kostua izan zuen. 2014. urtera arte taldearen buruzagi izan zen Gorka Arrinda kirol enpresariaren gutiziatzat jo zen eraikin handi hori Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ordaindu zuten. 10.000 eserlekuk inguratzen duten jokalekua Bilbo Basketen egoitza bihurtu da, eta hamabostero hartu ditu beltzezkoen partidak. Baina, hortik aurrera, ezer gutxi. Pabiloiak ez du bestelako erabilera jarraiturik.

Izan ere, Barakaldoko BEC azokara bideratzen dira Bizkaira hel daitezkeen ekitaldi gehienak, urteetan ekitaldiz janzteko premia izan baitu, sortu duen zulo ekonomikoa arintzeko premiagatik. Hura egiteak ere dirutza eskatu zion kutxa publikoari: 520 milioi euro. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ordaindu zuten. Eta, eraikin erraldoia erabiltzeko eskaerarik gabe, milioika euroko zuloa sortuz joan zen urteetan. 2014an, esaterako, 400 milioi euroko zuloa zuen pilatua. Orain, eraiki eta zortzi urtera, Bilbo Arena erabilerarik gabe geratzeak eztabaida sakon bat berpitz lezake beste behin: Bizkaian azken urteetan egin diren azpiegitura erraldoiei buruzko eztabaida, horien beharrari eta bideragarritasunari buruzko zalantza.

Gauzak horrela, zalantzak dira nagusi Bilbo Basket inguratzen duten hainbat arloren inguruan. Aukera errazik ez, eta gauza bakarra dago argi: inork ez du nahi taldea desagertzerik; ez instituzioek, ez jokalariek, ezta zaleek ere.