Arnasaldien elkargunea, Diman

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Arnasaldia emango dio Dimak bihar euskarari. Udalerri euskaldunek euskararen etorkizunean duten garrantzia hedatu eta euskararen aldeko konpromisoak bultzatzeko, Udalerri Euskaldunen Eguna egingo dute bihar bertan, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bultzatuta. Orain arte egindakoa ospatu eta aurrera begira dauden erronkak irudikatuko dituzte Euskara, gure lurra goiburupean antolatutako festan. Mankomunitateko kideez gain, udalerri euskaldunen ahalik eta herritar gehien biltzea dute xede. Egitarau oparoa prestatu dute horretarako. Goizean, mankomunitateko bilkura orokorra egingo dute, eta Bakiok eta Arantzazuk Ueman sartzeko egindako eskaera onartuko.

Mankomunitateko kide izan ala ez, udalerri euskaldun guztien bilgune izan nahi du Udalerri Euskaldunen Egunak. Hala baieztatu zuen Josu Labaka Uemako lehendakariak jaialdiko aurkezpenean. “Askotan nabarmendu dugu, baina maiatzaren 26an, Diman, festa giroan gogoratuko dugu udalerri hauek egundoko ekarpena egiten diotela euskararen normalizazioari. Areago: herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak”.

Ildo berari jarraituz aukeratu dute aurtengo leloa: Euskara, gure lurra. “Euskara da herri hau lora dadin ezinbestekoa den lurra. Euskara baita herri honen sustraiek duten ongarri naturala. Euskara da gure lurra”. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira, Labakaren esanetan, euskaldunak, edo biztanleen %70etik gora euskaldunak dituztenak.

Ospatu eta hausnartu

2016an sartu zen Dima mankomunitatean, euskararen arnasgune izaten jarraitzeko neurri gisa. Herri euskaldun askoren gisan, azken hamarkadetan behera egin du euskararen erabilerak Diman, eta joera hori iraultzeko erabaki zuten, besteak beste, mankomunitateko kide izatea. Urrats bat gehiago egin, eta Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko erronka hartu dute aurtengoan. Uema eta Dimako Udalaz gain, herriko eta Arratia eskualdeko hainbat elkarterekin elkarlanean antolatu dute egitaraua; besteak beste, hauexekin: Abizarie euskara elkartea, Dimesten, Zamakola, Andraizea, Dimetaleroak, Bertso Eskola eta Dimako eskolako guraso elkartea. Larunbatekoa girotzeko hainbat jarduera egingo dituzte gaur.

1991tik 2014ra bitarte, Uema Eguna antolatzen zuen mankomunitateak urtero. Baina jauzia ematea erabaki zuen 2014an: elkarlanerako eremu zabalagoak beharrezkoak zirelakoan, Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu zuen estreinakoz, Tolosan (Gipuzkoa). 2016a arte urtero antolatzen zuten Udalerri Euskaldunen Eguna, baina bi urterik behin egitea erabaki zuen mankomunitateak urte hartan. Txandaka aritzen dira ordutik: urte batean udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak egiten dituzte, eta hurrengoan, berriz, jaialdia.

Leitzan egin zuten jaia 2016an, eta Bizkaiko Arratia eskualdeak hartuko dio lekukoa bihar. Ospakizunaz gain, hausnarketetarako tartea hartuko dute antolatu dituzten ekitaldietan. Goizean, hainbat herritako esperientziak ardatz hartuta, euskararen normalizazioan eragiteko praktikez jardungo dute Udalerri euskaldunak eta euskalgintza mintegian. Ondoren, beren-beregi gazteentzat prestatutako Gazteak eta euskara, inertziatik kontzientziara mintegia egingo dute.

Bi kide gehiago Ueman

Goizean, batzar nagusia egingo du Uemak Diman bertan: mankomunitatea osatzen duten 85 herrietako ordezkariak bilduko dira. Arantzazu eta Bakio mankomunitatera gehitzeko erabakia onartuko dute bertan. Hortaz, larunbateko hitzorduaren ondoren, Euskal Herriko 87 udal izango dira mankomunitateko kide. Guztien artean, dagoeneko, 250.000 biztanleko eremua hartzen dute.

Aho batez erabaki zuten Bakioko Udalean Ueman sartzeko eskaera egitea: udalbatza osatzen duten EAJ, EH Bildu eta Bakio Baiko 11 ordezkariek eman zuten aldeko botoa. 2.604 biztanle ditu Uribe Butroeko udalerri horrek, eta, bertako euskaldunen indizea handia den arren, “kezkatuta” begiratzen diote euskararen erabilerak herrian erakutsi duen joerari.

Hizkuntzaren transmisioa, iraupena eta erabilera bermatzeko neurri bereziak hartzea beharrezkoa da Isabel Barturen Kultura eta Euskara zinegotziaren hitzetan. “Udalak izan dituen zor ekonomikoek itota, orain arte ez dugu aukerarik izan egoerari heltzeko”. Egoerari aurrea hartzen saiatuko dira orain, ordea, eta mankomunitatearen laguntza “ezinbestekotzat” dute norabide horretan. “Mankomunitateak bultzada emango dio euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiari, eta horrekin herriko egoera soziolinguistikoan eragin, eta, pixkanaka, egoera irauli nahi dugu”.

Beheraldia eteteko

Bestelakoa da Arantzazuren egoera. Martxoan erabaki zuen udalak Ueman parte hartzea. Bakion ez bezala, mankomunitatean sartzearen kontra azaldu ziren EAJko udal ordezkariak; hortaz, EH Bilduren botoekin egin zuen aurrera proposamenak. Herri txikia da Arantzazu: 394 biztanle besterik ez du. Baina hizkuntzarekiko kezka handia dute bertan. Euskararen erabilera %76koa bada ere, azken urteetan atzeraldia nabaritu dute euskararen erabileran. 1981ean, adibidez, %86 ziren euskal hiztunak.

Bada, beheraldia etetea da, Nekane Zuazo Arantzazuko Euskara zinegotziaren esanetan, udalaren asmoetako bat. “Euskarari eusteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko sentsibilizazio lana areagotzea dagokigu, eta Uemaren esperientziak eta laguntzak bide horretan aurrera egiten lagunduko digu”.

Egitaraua
Bihar ospatuko dute Udalerri Euskaldunen Eguna, Diman. Gaurtik ┬źmotorrak berotzeko┬╗, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Dimako Udalak eta herriko eragileek.

Gaur
19:00. Harrera udalerri euskaldunetako topaketetako gazteei.
20:00. Pilota desafioa.
22:00. Kontzertua: Zazkel.
19:00. Euskal karaokea, Dimako tabernetan.

Bihar
10:00. Uemaren batzar nagusia.
10:15. Mintegia: Udalerri euskaldunak eta euskaltzagintza.
11:00. Mintegia: Gazteak eta euskara, inertziatik kontzientziara.
11:00. Haurrentzako jolasak.
12:00. Kalejira buruhandiekin, txotxongiloekin, Jentiltxu eta Jentilirekin.
12:30. Ekitaldi nagusia.
13:15. Kantujira.
14:45. Bertso bazkaria, Unai Iturriaga eta Jon Maiarekin.
20:00. Areatzako batukada, herriko kaleetan.
22:00. Kontzertua: Egurra Ta Kitto.
23:00. Erromeria: Ezten Giro.