Umeek kalea hartuko dute

Umeek kalea hartuko dute

Natalia Salazar Orbe

Auzo eta kale askotan aisialdia igarotzeko lekurik gabe geratu dira ume eta gazteak. Kaleez gozatzeko eta horietan ibiltzeko askatasuna galdu dute. Eskubide hori berreskuratu eta aisialdi alternatiboa garatzeko aukera badela erakutsi nahi du Umeak Kalean elkarteak. Aldarrikapen horri eusteko, Alde Zaharreko 23. Haur eta Gazte Jardunaldiak ospatuko dituzte beste urtebetez. Gaur eta bihar egingo dituzte jardunaldiok, Bilboko Plaza Barrian.

Espazioaren beharra eta aisialdi alternatiboa. Bi aldarrikapenok uztartzen ditu elkarteak. Hiru eragilek osatu zuten, duela 23 urte: Jatorrak eskaut taldeak, Bidegintza gobernuz kanpoko erakundeak eta Umeak Kalean taldeak. Eskaut taldeko begiralea eta jardunaldiak antolatzen dituen batzordeko kidea da Imanol Sagarna. “Ikusi genuen auzoan ez zegoela inongo aisialdi alternatiborik umeentzat eta gazteentzat. Erakutsi nahi dugu Zazpikaleetan ere aisialdi alternatiboa beharrezkoa eta posiblea dela”.

Hainbat faktorek bultzatutako beharra antzeman du elkarteak. Espazio falta da horietako bat. Baina ez bakarra: “Zazpikaleetako eta inguruetako familia askoren baliabide ekonomikoak urriak dira, eta familia desegituratu asko ere badaude. Erakutsi nahi dugu zabaldu den ohiko aisialdia alda daitekeela”.

Horrek guztiorrek helburu nagusi bat du atzean: kalea berreskuratzea. Aldarrikapen hori administrazio publikoari egin diote. “Alde Zaharrean lekuak oso mugatuta daude. Ez bakarrik Alde Zaharrean, ordea; baita Santutxun eta Uribarrin ere. Alegia, inguruko langile auzoetan, batez ere, kalea hartzeko lekuak oso mugatuta daude”.

Espazio aldetik pobre samarrak dira leku horiek, baina, aniztasunari dagokionez, aberatsak. “Iaz, esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak ere parte hartu zuen gurean. Ikusarazi nahi dugu aniztasun handiko leku batean bizi garela eta aniztasun horren barnean landu behar dugula gure etorkizuna”.

Auzoko umeek aniztasun hori gertutik ezagutu eta bizi dezaten lan egingo dute, betiere, bertako kulturari leku nabarmena eskainita. “Besteak beste, arratsaldeko egitaraua bertso topaketa batek osatzen du; inguruko ikastetxeek parte hartuko dute. Beraz, euskal kultura ere lotu nahi diegu jardunaldiei, Bilboko lekurik pluralenean ere euskara bultzatuz”.

Jardueretan ez eze, jardunaldiak babesten dituzten talde eta eragileengan ere nabari da aniztasun hori. Kartel beraren inguruan elkartuko dira Bilboko Udala, 7 Katu gaztetxea, Lokomotorak taldea, Maristas ikastetxea eta Solokoetxe institutua, besteak beste. Denen artean antolatu dute Plaza Barrira musika, tailerrak, ikuskizunak eta festa giroa eramango dituen egitaraua.

23 urteko ibilbidea

Hogei urtetik gora daramatza Umeak Kalean elkarteak kaleko espazioa ume eta gazteentzat berreskuratzeko lanetan. Helburuak ez dituzte guztiz bete, baina aurrerapausoak eman dituzte: “Aisialdi alternatiboa ez da hedatu guk nahi genukeen beste. Hala ere, Alde Zaharreko umeek badakite badutela gazte gune bat, Umeak Kalean existitzen dela eta bertara hurbilduta denetariko jarduerak egin ditzaketela. Beraz, badakite nora jo behar duten aisialdi alternatibo hori aurkitzeko”. Harategi Zahar kaleko bigarren zenbakian du egoitza elkarteak. Asteazkenetik larunbatera arteko arratsaldeetan izaten dute zabalik. Asteburuetan ere hainbat jarduera antolatzen dituzte.

Gaur hasita, asteburua berezi egingo dute jardunaldiek. Bertakoak zein kanpokoak elkartzeko gune bilakatuko dute Plaza Barria, eta, ordu batzuez bederen, haur eta gazteek hartuko dituzte kaleak.