Noranzkoa erabaki nahian

Noranzkoa erabaki nahian

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hatz erakuslearekin mapan marraztutako bideari zuzen jarraitu dio Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. “Hara, zentzua hartzen du guztiak”. Itsasadarraren azpitik Getxo eta Portugalete lotzeko egitasmoa seinalatu du, lehenik; Bilboko hegoaldeko saihesbidetik jarraitu du gero; eta Supersur ezizenez ezaguna den horretatik aurrera, azkenik, AP-68arekin lotuko dituen obren zatia marraztuz. “Metropoliaren eremu guztia libratuko da horrela”. Bizkaiko hiriburuko errepide sarea arintzeaz ari da ahaldun nagusia. Joan den astean iragarri zuen Bizkaiko XXI. mendeko obrarik garrantzitsuena abiatuko dutela hamar urteko epean: 2027. urterako Bilboko itsasadarraren eskuin eta ezker ibarrak lotuko dituen lur azpiko tunel bikoitza eraikiko dute. Artatzako lotuneko eta Arrondegiko zubiko auto ilarak arindu nahi ditu azpiegitura berriarekin. “Bizkaian mugitzeko modu berri bat eskainiko dugu”. Itsasadarraren azpitik egingo duten errepideaz gain, Bilboko hegoaldeko saihesbidearen luzapen lanak ere aurkeztu zituen ahaldun nagusiak. Orotara, 580 milioi euroko inbertsioa egingo du bi azpiegiturak eraikitzeko.

Joan den ostegunean aurkeztu zituzten egitasmoak Rementeriak eta Imanol Pradales Bizkaiko Garapen Ekonomikorako diputatuak. Eta, eraiki nahi dituzten bi azpiegiturek marrazten duten bideari erreparatuz gero, argi azaltzen da egitasmoaren logika zein den, Bilboko hegoaldeko saihesbidearen bi muturren jarraipena marrazten baitute bi-biek. Batetik, Getxo eta Portugalete bitarteko hiru kilometroko tunelak Ballontiko ardatzean bat egingo du saihesbidearekin; eta, bestetik, Gasteiz eta Logroño aldera doan AP-68 errepidearekin lotuko dute saihesbidea. Elkarren osagarri diren azpiegitura gisa aurkeztu dituzte biak, horregatik. Proiektu osoaren mapa aztertuz gero, ondoriozta liteke gaur egun Bilbo hirigunetik doan A-8 errepideko trafikoa saihesbidera lekualdatzeko asmoa duela aldundiak. Hegoaldeko saihesbideko lanen luzapena egingo dute lehenik. Iragarri dutenez, aurten hasiko dituzte lanak, eta 2023rako nahi dute martxan. Orduan hasiko dira Getxo eta Portugalete bitarteko lur azpiko tunelak eraikitzen.

Bi norabide hartuta

Batera eta bestera. Azken hamarkadan, kontrako norabidean doazen neurriak hartzen ari dira Bizkaiko erakundeak aldi berean: herri zein hiriguneetan, autoaren erabilera mugatzen duten mugikortasun planak osatzen ari dira; eta Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, autoaren erabilera bultzatzen duten azpiegituren eraikuntza berriak iragartzen jarraitzen du.

Hiru “arazo” konpondu nahi ditu diputazioak Getxo eta Portugalete arteko tunelak eraikiz. Bat: Artatzako lotunean, Bilborako noranzkoan, egunero izaten diren auto ilarak desagerrarazi; bi: Arrontegiko zubiak egunero izaten dituen pilaketak arindu; eta hiru: Barakaldon, A-8 errepidearen Max Centerreko lotunearen inguruan sortzen den aglomerazioa saihestu. Ahaldun nagusiaren hitzetan, azken urteetan trafikoak “nabarmen” egin du gora A-8an. Bizkaiak izan duen “hazkunde ekonomikoaren” ondorio dela uste du Rementeriak. “Joera ikusita, pentsatzekoa da gorantz egingo duela datozen urteetan ere”. Hortik tunela eraikitzeko “premia”.

Datu guztiak ez datoz iragarpenekin bat, ordea. Aldundiak berak trafikoaren bilakaerari buruz argitaratu duen azken txostenaren arabera, trafiko kopurua murrizten ari da Bizkaian. Diputazioaren esku dagoen errepide sareari begiratuz gero, 2011 eta 2016. urteen artean, %0,2 egin du behera. Krisi ekonomikoari leporatzen dio 2016ra bitarteko beheranzko joera aldundiak.

Izan ere, 2013tik 2016ra bitartean goraldi txiki bat nabari da; “hazkunde ekonomikoaren” seinale dela uste dute agintariek, eta joera bera mantenduko dela iragarri. Zehazki, egun bakoitzeko kilometroko 9.317 ibilgailu izan ziren 2013an; hortaz, azken hiru urtean, 416 ibilgailu gehiago zenbatu dituzte Bizkaian. Bada esanguratsua den beste datu bat ere. Diputazioak kaleratutako azken txostenaren arabera, 2011n baino ibilgailu gutxiago sartzen da Bizkaiko hiriburura: 272.694 ziren 2011n, eta 267.368 dira 2016an. Azken sei urteetako datuei begiratuz gero, Bilbora sartzen den ibilgailu kopuruak %0,4 egin du behera.

Aukerarik garestiena

Azpiegitura eraikitzeko momentu egokia dela uste du Rementeriak. “Zergatik orain? Uste dugulako oraintxe egin behar dela. Usteltzen utzi behar ez dugun aukera sortu zaigu. Gero eta diru gehiago ari gara biltzen, eta, aurreikuspen guztien arabera, hazkundeak hiru urte gehiago iraungo du gutxienez”.

Bizkaiko Foru Aldundia aspaldi ari zen Arrondegiko zubiko auto ilarak konpontzeko alternatiba bila, eta azken hamarkadetan bi aukera izan dituzte aztergai Batzar Nagusietan: Barakaldoko Lutxana auzoan edo Erandioko Axpe auzoan zubi berri bat eraikitzea. Joan den urtean bertan, Arrondegiko zubiari “neba-arreba biki bat” eraikitzeko asmoa iragarri zuen ahaldun nagusiak. Bada, ez bata eta ez bestea. Aurreikuspen guztien kontra, inor gutxik espero zuen egitasmo bat aurkeztu du: lurpetik doan hiru kilometro inguruko tunela egingo dute Leioako Artatzako biribilgunetik Portugaleteko Ballontiko ardatzera.

Aukera guztien artean, garestiena hautatu du aldundiak, baina, Rementeriaren esanetan, kostuen eta onuren arteko balantzari begiratuz gero, “hoberena da”. Iradoki du horrek ez duela esan nahi azpiegitura “handiak” egiteko bidea “libre” egongo denik. “Lehentasunak finkatzen jarraitu behar dugu”. Lehen kalkuluen arabera, 380 milioi euro jarri beharko dituzte itsasadarraren mutur biak lotzeko lanak egiteko.

Galeria bi izango ditu azpiegiturak: noranzko bakoitzeko tunel bat izango du, bina biderekin. Mota guztietako ibilgailuek izango dute bertatik igarotzeko aukera, eta errepideak ez du ordainsaririk izango. Harago ere egin du aldundiak, azpiegitura “multimodala” egingo duela iragarri baitu: hau da, auto eta kamioientzat ez ezik, trenari, autobus elektrikoari edo bestelako garraio publiko mota bati toki egingo diote galerietan.

Tunelak bi solairukoak izango dira horregatik: goiko solairua auto eta kamioientzat egokituko dute, eta behekoa, berriz, oraindik ere zehaztu gabe duten garraio motarentzat. “Ez dakigu etorkizunean mugikortasuna zelakoa izango den. Baina tunela prest egongo da etorriko den horretarako”. Proiektua zehaztearekin batera hartuko dute erabakia. “Denborak esango digu zein beste garraio mota igaroko den handik”. 2019ko uda ingururako izango dute esku artean azpiegituraren diseinu zehatza.

Aldundiak egindako kalkuluen arabera, egunero, 53.000 ibilgailuk erabiliko dute itsasadarra zeharkatuko duen errepidea, baina gehiagori egingo die mesede. “Bizkaian autoan ibiltzen den hiru pertsonatik birentzat onuragarria izango da”. Gaur egun lurraldeko errepide sareak dituen korapilo nagusiak konponduko ditu egitasmoak, Rementeriaren hitzetan.

Aipatutako bi azpiegiturak dira datozen urteetan egingo dituzten handienak, baina ez dira bakarrak. Kukularrako lotunearen obrak datorren urtean hasiko direla iragarri du aldundiak: Txorierriko lasterbidea Arrondegiko zubirantz eta Artatzako errepiderantz banatzen den lekua da. Bideak gehituko dituzte, Txorierriko lasterbidea gai izan dadin zubitik eta Artatzatik etortzen zaizkion ibilgailu guztiak jasotzeko. Ermu hegoaldeko saihesbidea ere bukatu gabe dago oraindik. Trafikoak Ermuko herrigunea zeharkatzea saihestuko dute lanek, eta 2018ko udan bukatuko dute errepidea.

Gaur egun, 1.304,1 kilometro errepide ditu Bizkaiak. Mugimendu ekologista aspaldidanik ari da aldarrikatzen auto pilaketa eta arazo zehatzei begiratu beharrean, lurraldeko mugikortasun ereduaren azterketa integrala egitea dela beharrezkoa: hau da, bide gehiago eraiki ordez, beharrezkoa dela dauden errepideen erabilerari buruzko hausnarketa lehenestea.