“Mugagabeko itxialdian gaude asteazken gauaz geroztik”

“Mugagabeko itxialdian gaude asteazken gauaz geroztik”

Natalia Salazar Orbe

Getxoko biztanleen herenek 60 urtetik gora dauzkate, udalaren datuen arabera. Errealitate horren aurrean udalaren jokabidea kontraesanezkoa dela deritzo Rafa Martinek (Malaga, Espainia, 1952), Itzubaltzetako Ibar Nagusien Etxeko presidenteak. Etxe hori hustu nahi du udalak, eta adinekoak eta bertako zerbitzuak kultur etxe berrira eraman. Erabiltzaileak kontra daude.

Ibar Nagusien Etxea ixteko asmoa du udalak. Zein da egoera?

Etxe hori mojen etxea eta ikastetxea izan zen. Eraikinaren 30. urteurrena bete da [udalak eta foru aldundiak erosi ostekoa]. Udalak erabiltzaile guztiak pasatu nahi ditu eraikin berrira, eta hau bota, etxebizitzak egiteko. Duela ia 40 urte antzeko gatazka sortu zen. Mojek bota egin nahi izan zuten. Auzoan borroka ederra egin genuen, eta lortu genuen aldundiak eta udalak eraikina erostea. Une honetan, antzeko borroka daukagu. Mugimenduak hasi ditu udalak. Kultur etxe berriko hirugarren solairuko areto batean sartu nahi gaitu. Hala gertatuko balitz, oso espazio garrantzitsua galduko genuke: egun daukagun azaleraren laurdena izango genuke. Ia 500 metro koadroko patioa ere galduko genuke.

Zenbat jende elkartzen zarete egoitzan?

Milatik gora gara. Batzuk karta jokoan aritzen dira, besteak mendi irteerak prestatzeko etortzen dira, gimnasia edo tai txi egiteko, memoria tailerretan aritzeko… Eraikinaren barruko bizitza oso inportantea da, eta adinekoak oso gustura egoten dira. Giro hori galdu egingo genuke eraikin berrian. Hotza da. Guretzat ez da egokia. Orain, gainera, jarduera gehienak eraikineko beheko solairuan dauzkagu. Eta, bestean, gauza batzuk hirugarren solairuan izango genituzke, beste batzuk, bosgarrenean, egunkaria irakurtzeko liburutegira joan beharra, kafe bat hartzeko beheko solairura… Ez da erosoa guretzat.

Zergatik atera nahi zaituzte?

Eraikina eraitsi eta etxebizitzak egiteko. Aspaldiko planean jasota dago hori. Orain artean eman gabea zuten pauso handirik. Pixkanaka aritu dira, baina orain mugimenduak hasi dituzte: tutoretzapeko etxebizitza batzuk zeuden, eta itxi egin dituzte; gure ondoan euskaltegia eta kultur aretoa zeuden, eta horiek ere itxi dituzte. Orain gu atera nahian ari dira, eraikina hustu eta eraisteko.

Zeintzuk epe daude?

Ez dakigu. Euren asmoa da lehendabizi hustea. Udal hauteskundeak igaro ostean EAJk bere programan sartu nahi zuen afera, eta eraikina eraitsi. Beraz, datorren urtea baino lehen ez dute botako. Beste kontu bat da atera ahal izango gaituzten edo ez.

Esana duzue zuen kabuz ez zaretela aterako.

Ez. Batzordeko kideok hor mantentzearen alde gaude. Galdeketa ere egin genuen, eta %84 azaldu ziren hor geratzearen alde.

Mobilizaziorik egiteko asmorik badaukazue?

Mugagabeko itxialdian gaude asteazken gauaz geroztik. Datorren astean manifestazioa egiteko asmoa ere badugu.

Udalaren datuen arabera, handia da hirugarren adineko herritarren kopurua.

Kontraesana da gero eta adineko herritar gehiago dagoela eta guretzat dauzkagun ekipamenduak gero eta txikiagoak direla. Horrek ez dauka zentzurik.

Udalak esan du eraikin berrian orain dauzkazuen zerbitzuak izango dituzuela.

Zerbitzuak ia berberak izango dira. Ile apaindegia eta fisioterapia zerbitzua, kasurako, hara eramango dituzte, gurekin zuten kontratua apurtuta. Han espazio gutxiago dago. Eta ez da batere erosoa. Imanol Landa alkatea eta Amaia Agirre hurrengo alkategaia historiara pasatuko dira Itzubaltzetan euren Gernika partikularra egin dutenak bezala? Oso larria iruditzen zaigu hau.

Oraingoz, ez dute itxiko. Baina gaur mugimenduak egongo dira. Zer gertatuko da?

Zerbitzu batzuk kendu eta eraikin berrira eramango dituzte. Baita atezainak ere. Hala, beldurra sartzen hasiko dira. Kontu horrekin jokatzen ari dira: batetik, beldurra sartzen digute ixteko prozesuarekin, baina, bestetik, auzoaren aurrean ez dute azaldu nahi adinekoak eraikinetik ateratzen. Joko maltzur horretan dabiltza.