Gau eta egun euskaraz bizi nahi dute Getxon

Gau eta egun euskaraz bizi nahi dute Getxon

Natalia Salazar Orbe

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Joxean Artze usurbildarraren esaldiak bizirik dirau, eta, lelo ez eze, euskarak herrian dagokion lekua bete dezan bete beharreko jarraibidea ere bilakatu da. Izan ere, datu itxaropentsu bezain kezkagarriak utzi dituzte euskararen erabilerari buruzko azken urteetako ikerketek: gero eta gehiago dira euskaraz dakiten herritarrak, baina, era berean, erabilerak behera egin du. Joera hori iraultzeko asmoz Euskaraldia abiatu zuten hainbat herrik. Ekinaldi horretara iritsi aurretik beste jarduera batzuk ere egingo dituzte. Getxon, esaterako, 24 ordu euskaraz ekinaldia gauzatuko dute, maiatzaren 23an hasita. Euskara sustatzeko 24 orduko ekinaldia izango da, Euskaraldiaren probarako saialdia.

Norberak norbere inguruan hizkuntza ohiturak alda ditzakeela frogatzeko proba izango da. Ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko aukerak zabalduko ditu. Hasieran egun zehatz batzuetarako proposatzen diren hizkuntza ohituren aldaketa horiek etorkizunera begira iraun dezaten pentsatuta daude. Hala jakinarazi dute Getxoko ekimenak sustatu dituzten Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteek eta Getxoko Udalak.

Lehen hitza euskaraz egingo dutenak; hitz egiten ez jakin arren ulertu bai eta berari euskaraz egin diezaioten nahi dutenak; eta, jakin eta ulertu ez arren ahoz aho dabilen euskararekin bat egiten duten herritarrak. Horiexen beharra dute datorren ostegunean abiatuko duten ekinaldirako zein Euskal Herriko hainbat herritan azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo duten Euskaraldian parte hartzeko. Hala, ahobizi, belarriprest eta irribizi rolak hartzeko prest dauden herritarren bila ari dira.

Eginkizun horietako batean aritu nahi duenak izena eman behar du. Rola aukeratzeko orduan, txapa bat jasoko dute. Datorren asteko 24 ordu euskaraz ekinaldian zein Euskaraldian soinean jartzeko txapa izango da. Izena emateko, mahai bat jarriko dute Algortako Telletxe plazan, eta beste bat San Nikolas plazan; bihar, 11:30etik 14:30era. Dena den, horretarako aukera badago getxoztarrak.eus webgunean ere.

Euskaraldirako prest

Getxok ez ezik, beste hainbat herrik ere hartuko dute parte Euskaraldian. Bizkaiko 50 herrik baino gehiagok eman dute izena jada. Eta batean eta bestean motorrak berotzen ari dira. Getxon, 24 orduz euskaraz bizitzeko jarduera egiteaz gain, Euskaraldiaren Hamaikakoa aurkeztu dute. Hainbat arlotan ezagunak diren 11 pertsonak osatzen dute taldea. Modu pertsonalean eta norbere borondatez erabaki dute ekinaldiarekin bat egitea. Ahobizi rolaren bidez hartuko dute parte.

Ekinaldiaren enbaxadore izango dira. Herritarrei eta inguruko kideei euren hautuaren berri emango diete. Ondoko herritarrak dira zerrenda horretara batu dienak: Arrate Saitua irakaslea eta Bizarra Lepoan euskara elkarteko bazkidea; Afrika Bibang abeslaria; Asier Alda irakasletza ikaslea eta Musikalia elkarteko koordinatzaile eta musikaria; Maider Santxo Aixerrota institutuko ikaslea eta Aixerrota boleibol taldeko jokalaria; Pedro Larragan kazetaria eta Confebaskeko komunikazio zuzendaria; Victoria Bengoa biologoa eta Areetako berbalaguna; Amaia Garces matematika graduko ikaslea eta Ziztu Bizian eskaut taldeko begiralea; Ibon Larrinaga AEBetan lehenengoz borrokatuko den Itzubaltzetako boxeolari gaztea; Itxaso Arana sommelierra; Deu Txakartegi arkitektoa eta We are Standard taldeko kidea, eta Endika Guarrotxena Algortako ikastolako lehen promozioko ikaslea eta Athleticeko jokalari ohia.

Ostegunean 20:00etan abiatuta, euskaraz bizitzeko bidea eskutik hartuta abiatuko dute getxoztarrek. Ostiraleko 20:00etara arte izango da lehen proba hori. 24 orduko langa igarota egongo da ordurako. Erronka bukatzean, ordea, 25. ordutik aurrera ere bide berari eusteko proposamena egingo dute sustatzaileek. Euskarak bere lekua berreskura dezan eta txoko guztiak busti ditzan. Dakienaren erruz bederen ez dezan galdu esparru guztietara iristeko orain arte egin duen bide malkartsua.

’24 ordu euskaraz’

Asteazkenean hasiko dute ekinaldia, eta ostegunera arte jardungo dira. 24 ordu horietarako, egitarau zabala prestatu dute.

Maiatzak 23, asteazkena

20:00. Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan hasiko dute ekinaldia. Getxoko Euskaraldiaren ahots izango diren 11 herritarren testigantzak jaso dituen bideoa proiektatuko dute. Ostean, Tor magoaren ikuskizuna eta Kresaltxu kantari taldearekin batera abesteko aukera izango da. Handik aurrera, herritarrek 24 orduz euskaraz bizitzeko egindako hautuari ekingo diote.

Maiatzak 24, osteguna

09:00. Euskararen berbodromoa, Itzubaltzetako Santa Eugenia plazan. 11:00etan berriz egingo dute, leku berean. 19:00etan, bestalde, San Nikolas plazan egingo dute.

Egun osoan. Herritarrek selfie-ak egingo dituzte egun osoan. Argazki horiek 688-653 042 telefono zenbakira bidali beharko dituzte, eta sare sozialetan zabaldu, #Getxo24euskaraz traola erabilita. Bidalitako selfie horiek amaiera ekitaldian proiektatuko dituzte. Bukatzeko, Getxoko Hamaikako bi kidek mezua irakurriko dute. Kantu-jira poteoarekin bukatuko dute eguna, Itxas kantu, Itxas Argia eta Itzubaltzeta Kantuz taldeetako kideekin.