Astebete falta da Ibilaldirako, eta besoak zabalik dago Santurtzi

Astebete falta da Ibilaldirako, eta besoak zabalik dago Santurtzi

Aitziber Laskibar Lizarribar

Dena prest dago. “Ia-ia dena”. Bederatzi egun besterik ez dira falta, eta antolatzaileak azken unekoak lotzen ari dira; milaka azken gauza. Bertan da aurten Ibilaldia. Maiatzaren 27an izango da, hurrengo asteko igandean, Santurtzin, eta Taup! leloa izango du. Bihotz Gaztea ikastolako kideak buru-belarri ari dira antolaketa lanean, eta, batez ere, bihotzez; ilusioz, bihotz osoa jaialdiari begira jarrita.

Arrakastatsua espero dute hitzordua: “Ehun mila lagun edo 80.000 etorrita ere, jende asko da”. Horiengan guztiengan hezkidetzan oinarritutako hezkuntza herritar, euskaldun eta eraldatzailearekiko atxikimendua indartzea dute helburu. Herritik bertatik euskaraz sortutako proiektuarekiko lotura areagotzea.

“Euskararen normalizazioan eragile aktibo izan nahi dugu”, adierazi du Andone Ruiz Uranga ikastolako zuzendariak, Ibilaldiko ekitaldien berri emateko agerraldian. Esan du lortu zutela euskarak Ezkerraldeko herri horretan zeukan beheranzko joera etetea. 45.000 biztanleko herrian, euskaldunak %19 dira gaur egun. Euskalduntzean sakondu beharra dagoela uste du, ordea, eta, bide horretan, “estrategikoa” dela euskaldun berriak sortzea.

Bihotz Gazteak egin du ekarpenik zeregin horretan. 650 ikasle ditu, eta zuzendariak ohartarazi du etxean euskara arrotza zuten ehunka ikasle euskaldundu dituela 50 urteko ibilbidean. “Harro egon!”, esan die horiei guztiei, “zuek euskaldunduko duzue Ezkerraldea”. Orain, “euskara plazara zabaltzea” da erronka, Josune Bañales Ibilaldia elkarteko lehendakariaren hitzetan, eta horretarako da, hain zuzen, Ibilaldia.

Baina hori ez da bakarrik egiten, eta ikastolak ondo daki hori. Ibilaldiaren antolaketan ere presente izan dituzte herriko eragile ugari, eta haiekin prestatu dute ekitaldia, elkarlanean. Hain zuzen, Ruizek gogoratu du Bihotz Gaztea “herriari oso lotuta” egon den ikastola dela, eta aurrerantzean ere hala jarraitu nahi duela.

Horregatik, aurtengo jaialdia herrian izango da. Horregatik, eta 1995eko Ibilaldia Serantes mendiaren inguruetan egin zuelako. Beraz, menditik itsasaldera egingo du jauzi ikastolen jaiak; itsaso bazterrean dagoen herrigunera.

Lau gune nagusi izango ditu ibilbideak, eta garrantzia berezia du ikastolaren aurreko plazak. Leloaren izena eman diote gune horri: Taup. Ume eta familientzako gune lasaia izango da, bereziki.

Asier Fontan egitarauaren koordinatzaileak azaldu du gainerako guneak adin guztietako pentsatuta daudela. Aurten, ez dute gazteentzako gune berezirik prestatu; guztietan egongo dira haientzako ekintzak.

Antolatzaileek nerabeentzako Erronka nabarmendu dute, besteak beste: 14-15 urteko gaztetxoei Ibilaldia “beste era batera” bizitzeko aukera eman nahi die erronkak: “Hainbat froga erakargarri burutu beharko dituzte, zeinetan azkarrenek eta indartsuenek ez duten beti irabaziko; batzuetan, oreka-gaitasuna gakoa izango da, eta, beste batzuetan, dastamena eta halako zentzumenak; askotan, berriz, taldekide guztiek bat egin eta lanean elkarrekin jartzeko ahalmena”. Hain zuzen, elkarlana sustatzeko, gazteek taldekako frogak izango dituzte, hasieran. Busti gunean izango da hori.

Governors taldearen kontzertua egongo da Busti gune horretan, eta Trikiziok dantzan jarriko ditu bertaratzen direnak. Portuan egongo den Gozatu gunean, Ibilaldirako abestia egin duen Ze Esatek eta Skakeitan arituko dira; eta, Mamarigako Sortu gunean, Itziarren Semeak.

Ohiko omenaldia egingo diete ikastolako lehen belaunaldikoei, haiek izan baitziren gero eta gehiago handitzen ari den ikastetxearen lehen oinarria. Ekitaldi berean, Lekeitioko Resurreccion Maria Azkue ikastolari emango diote lekukoa, 2019ko Ibilaldia prestatzen has daitezen.

Hain zuzen, txiki geratu zaiela-eta, ikastola handitzera bideratuko dute hurrengo asteko igandean bildutako dirua; izan ere, ikasle kopurua etengabe handitzen ari denez, “sardinak bezala” daude egun, zuzendariaren hitzetan.

Garraioari dagokionez, Santurtzin aparkatzea ia ezinezkoa izango dela-eta, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Metroa gomendatu dute bereziki, edo, bestela, trena. Bi garraiobide horiek hartzen dituztenek Peñota geltokian geratu behar dute. Autoa hartu behar dutenei, berriz, Barakoldoko BECera joateko esan die antolakuntzak; autoa aparkalekuan utzi, eta Santurtzira metroz iristeko.