Sinergiak sortzeko topagunea

Sinergiak sortzeko topagunea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bakarka edo taldean, gazte zein heldu; gero eta gehiago dira bideo jokoetan aritzen direnak. Aisialdirako ala heziketarako izan, gizartean gero eta toki gehiago hartzen ari dira. Baina, kalean bezala, sektorean hedatzeko zailtasunak ditu euskarak bideo jokoen eremuan ere, joko gehienetan erdarazkoak baitira komunikazio kanalak. Errealitatea aldatzeko lanean ari dira hainbat eragile, ordea, eta horren lekuko da Jokoteknia, bihar Bilboko Azkuna zentroko Bastida aretoan egingo den topaketa: Bizkaiko hiriburuan euskara hutsean egingo den lehen jardunaldia da biharkoa, eta, Euskal Herriko industriaren eta jokalarien diagnostikoa egiteaz gain, bideo jokoen egile eta jokalariei buruzko joeren inguruan hausnartuko dute.

Game Erauntsia jokalari euskaldunen komunitate birtualak eta Azkue Fundazioak antolatu dute jardunaldia, elkarlanean. Euskaraz egindako bideo jokoen ekoizpena bultzatzeko hitzarmena sinatu zuten erakunde biek martxoaren bukaeran, eta Jokoteknia topaketa da elkargune horren lehen emaitza. Arituek zein adituek elkar ezagutzea da jardunaldien helburua, antolatzaileen arabera. Gaur egun dauden proiektuak ezagutzeaz gain, euskal ekoizpenaren inguruko azterketa egingo dute, eta baita etorkizunera begirako proposamenak ere. Bideo jokoen eremuan dabiltzan herritarrak elkartu, ideiak partekatu eta sinergiak sortu nahi dituzte.

Hausnarketarako bideak

Jardunaldia doakoa izango da, eta, horregatik, aurretiaz izena emateko gomendioa eman dute antolatzaileek, Azkuna zentroko Bastida aretoan 60 lagunentzako tokia baitago. Beren beregi jardunaldiei buruzko informazioa hedatzeko sortu duten webgunean dago izena emateko aukera.

Orotara, ordu erdiko sei solasaldi eskainiko dituzte, 09:00etatik 14:00etara. Iker Alvarez izango da hitza hartzen lehena. Euskal Ikasketetan graduatuta dago Alvarez, eta bideo jokoen itzulpengintzan dihardu gaur egun. Lokalizazioari buruzko eta Japoniako industriari buruzko hitzaldia eskainiko du. Txus Ordorika programatzaileak bideo jokoen industriaren egoeraz jardungo du, eta, ondoren, Cristian Rodriguezi pasatuko dio txanda. Bideo jokoak euskaraz egiteko dauden arazoak landuko ditu Rodriguezek. Euskal Encounterreko sare sozialen arduraduna da, eta sektorean euskara nola indartu daitekeen azalduko du.

Carlos Coronado Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak ere hizkuntza gutxituen auzia izango du ahotan. Mundu mailan sortzen diren jokoetan euskaraz, galegoz eta katalanez ere argitaratzearen garrantziaz arituko da.

Julen Zaballa kazetariak euskal bideo jokoek azken hiru hamarkadetan izan duten garapena aztertuko du. “Industriatzat jo dezakegu ala hasiberria baino ez da?” galderari erantzuten saiatuko da Zaballa. Izan ere, Newzoo enpresak iaz argitaratutako txosten baten arabera, bideo jokoen eremua da gehien fakturatzen duen aisialdi industria —108.9000 milioi dolar—. Txinak eta AEBek ekoizten dute gehien, eta eremu horretan Euskal Herriak zer toki duen aztertuko du Zaballak.

Jardunaldiarekin bukatzeko, mahai ingurua egingo dute 12:45ean. Arantzazu Martinez, Laura Barrenengoa eta Andoni Alonso Digipen Teknologia Institutuko ikasleek parte hartuko dute bertan, eta Euskal Herrian bideo jokoen industriak duen egoerari buruzko hausnarketak plazaratuko dituzte. Aurrera begira urratsak egiten jarraitzeko mugarria izango da biharkoa: elkar ezagutu eta sare berriak sortzeko bidea.