Ibilaldia oroimenetik

Ibilaldia oroimenetik

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hiri eta herri gehienetan daude gertakari zein pertsona ezagunak gogoan hartzeko monumentuak edo plakak. Herritarren oroimen kolektiboan eragitea dute helburu, eta espazio publikoan toki egiten zaie horregatik. Adituen arabera, memoria kolektiboaren eraikuntzan eragin nabarmena dute hirietan jarritako sinboloek, monumentuek eta kale izendegiek. 1936ko gerraren ondorengo frankismo aldian erabateko garrantzia izan zuten eraikuntzak horiek, eta, hain zuzen, garai horiekin zerikusia duten monumentuak ezagutzeko MemoriTourrak antolatu ditu Gernikako Bakearen Museoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zehar barreiatuta dauden oroitarriak —errepublikazaleak omentzekoak ala erregimen frankista goratzen dutenak— bisitatzeko hiru txango egingo dituzte. Bihar egingo dute lehena: Derio, Santurtzi, Sestao eta Bilbon dauden monumentuak bisitatu, eta bertako historiaren berri emango dute. Bilbotik eta Gernikatik abiatuko da autobusa, eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Ekainaren 3an egingo dute bigarren ibilaldia. Gipuzkoako monolitoetatik bira egingo dute: Elgoibarko, Tolosako, Andoaingo, Hernaniko eta Donostiako 1936ko gerrako eta frankismoaren aldiko memoria tokiak bisitatuko dituzte. Irailaren 16an egingo dute azken txangoa: Gernikako, Durangoko, Otxandioko, Legutioko eta Gasteizeko oroimen lekuetara egingo dute.

Doakoak dira bisita guztiak, baina 50 lagunentzako tokia besterik ez dute, eta, horregatik, beharrezkoa da aurrez izena ematea. Hiru txangoak egiteko autobusak Bilbotik eta Gernikatik abiatuko dira.

Aurten 20 urte beteko ditu Gernikako Bakearen Museoak, eta egitarau berezia prestatu dute urtemugarako. Harrizko eta altzairuzko memoriak izeneko erakusketa, tartean. Izen bera daraman liburuarekin osatu dute erakusketa. Jesus Alonso Carballes historialari eta Bordeleko Unibertsitateko irakasleak museoaren laguntzarekin batera osatu du lana, eta 1936ko gerraz geroztik bi aldeetako biktimak omentzeko eraiki diren monumentuen azterketa egin du bertan.

Sinboloen indarra

Liburuarekin erakusketa sortu, eta ikusgai jarri dute Gernikan. Bada, museoaren paretetatik kalera egingo dute bihartik aurrera, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako monumentuetatik ibilbideak egingo dituzte. Alonso bera arituko da azalpenak ematen.

Memoria kolektiboak izan duen muturreko aldaketa erakutsiko dute ibilbideetan: alde batetik beste aldera egin duen ibilbidea ezagutarazi. Izan ere, 1936ko gerra bukatuta, faxistek ehunka oroitarri altxatu zituzten, “Jainkoaren eta Espainiaren alde eroritakoen” memoria goratu eta Espainia Berria eraikitzeko. Kale izendegian ere goitik behera aldatu zuten dena: “Sabino Arana enparantzak” desagerrarazi, eta “Plaza del Caudillo” izenarekin ordeztu zituzten. Ideologia berreraiki behar zuen frankismoak, eta propaganda funtsezkoa izan zen bide horretan. Denboraren eta historiako gertakarien jabe egin, eta memoria kolektiboaz baliatu zen estatu berriaren oinarriak sendotzeko: garailea eta garaitua nor zen argi uzteko.

Sinbologiak garrantzi handia izan zuen frankismoaren eraikuntzan, eta martirien eta erorien kultua etengabekoa izan zen diktadura justifikatzeko. Horregatik, monumentu ugari eraiki zituzten garaileen bandoko hildakoen omenez. Bestelako patua izan zuten errepublikaren aldekoek, ordea. Ez monumentu, ez kale; errepublikaren aldeko sinbolo edo pentsamenduak ezabatzeko saiakera berezia egin zuen frankismoak.

Azken hamarkadetan irauli da egoera: frankismoaren aldeko sinboloak kentzeko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta tokian tokiko elkarte memorialistek bultzatuta, faxismoaren aurka borrokatu zirenen aldeko monumentuak eraiki dituzte. Gernikan bertan egin dute azkena: gudarien omenezko eskultura inauguratu zuen apirilean udalak, “bakearen, askatasunaren eta demokraziaren alde” borrokatu zirenei omen egiteko asmoz.

Bizkaiko oroitarriak

Derion, Santurtzin, Sestaon eta Bilbon dauden eraikinetatik ibilaldia egingo dute bihar. Derion, Vista Alegre Bilboko hilerria bisitatuko dute, errepublikazaleen eta faxisten aldeko monumentuak gordetzen baititu eremuak. 1936ko gerran faxisten alde borrokatu ziren soldaduei eskainitako panteoia dago hilerrian oraindik ere. Noiz eta nork eraiki zuten ezezaguna den arren, jakina da 1942. urtearen ondorengoa dela. Panteoia ez da izan Bilboko hilerriaren monumentu faxista bakarra, duela gutxi kendu baitzituzten berezko tamaina zuten lau soldaduren eskulturak.

Errepublikazaleen oroimena gordetzen duen plaka bat ere badago, eta ez edonon. Horma zulatuaren artean, Garcia Lorcaren eta Gabriel Arestiren bertsoak idatzia dituen xafla jarri dute. Ehunka borrokalari fusilatu zituzten horma horietan.

Deriotik Santurtzira joko dute gero. Hain zuzen, 1937ko maiatzean Santurtziko portutik ihes egin zuten gerrako umeak gogoratzen dituen mosaikoa dago portuan, garabi baten oinarrian. Gaur egun, Habana izeneko transatlantikoa da 1936ko gerrako haurren ihesaldiaren sinbolo nagusia. Ontzi horrek eraman zituen erbesteratutako haurren erdiak. Maiatzaren 6an egin zuen lehen bidaia, Goizeko Izarra ontziarekin batera. Guztira, 2.500 errefuxiatu inguruk utzi zuten Bizkaia egun hartan. Baina bi hilabetean hamaika espedizio antolatu ziren. Jaurlaritzaren datuen arabera, maiatza eta ekaina bitartean 26.659 herritar atera ziren Santurtziko portutik, Frantziara, Britainia Handiara eta SESBera. Horietatik 19.144 ziren haurrak. Sestaon, Juanjo Novellaren Gurasoen etxea eskulturan egingo dute geldialdia. Frankismoan zigortutako herritarren omenez eraiki zuten, 2007. urtean.

Bilbon bukatuko dute biharko bisita. 1936ko gerrari eta frankismoari erreferentzia egiten dioten hainbat monumentu eta sinbolo daude Bizkaiko hiriburuan. Azken urteetan, sinbologia frankista kentzeko ahalegina egin du Bilboko Udalak. Plaza Eliptikoko armarri frankista kentzeko urratsa da horren isla. Monumentu faxistak kendu ahala, faxismoaren aurka borrokatutakoei omen egitekoak jarri dituzte: Artxandako La Huella monumentua da horren adibide. “Askatasunaren eta demokraziaren alde” borrokatu ziren gizon-emakumeen aldeko Memoria bizia eskultura ere badago Casilda Iturrizar parkean. Nestor Basterretxeak egin zuen pieza, eta Blas de Oteroren Nos llamaron a todos poema du idatzia, baita Gabriel Arestik egindako euskarazko itzulpena ere.

Ekaineko bisitan, Gipuzkoan dauden oroitarriak ezagutuko dituzte, eta irailean, Bizkaiara egingo dute berriz. Harriaren eta altzairuaren bidez, 1936ko aztarnetarako bidaia egingo dute.