Gaur hasiko da Arrigorriagako Clown Jaialdiaren 23. edizioa

A. Larrabe Arnaiz

Errotuta dago Arrigorriagan egiten den Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Hogeitahirugarren aldia du jada, eta gero eta herritar gehiago biltzen du zitak. Nazioarteko clown konpainientzat ere erreferentzia bihurtu da topaketa. Clownak, trapezistak, ekilibristak, malabaristak… umorea ardatz hartuta, kaleko arte eszenikoen aniztasunaren erakusleiho bihurtzen da Arrigorriaga udaberriro. Gaurtik igandera bitarte ikuskizunak, tailerrak eta erakusketak hartuko dituzte herriko kale zein plazak. Orotara, Euskal Herriko eta nazioarteko hamar konpainia izango dira Arrigorriagan datozen hiru egunetan.

Lotta & Stina konpainia daniarrarekin eta Levelibular konpainia argentinarrarekin hasiko da gaur Arrigorriagako jaialdia. Kolonbiako Pass & Company taldearekin batera arituko dira, udaletxeko plazan, 18:30etan hasita. Juguete roto lana aurkeztuko du talde kolobiarrak: hiru pailazo zirkuaren enigma nagusiak argitzen saiatuko dira ikuskizunean. Antolatzaileek azaldu dutenez, euria egiten baldin badu herriko kiroldegian egingo dira emanaldi guztiak.

Asteburu osoko programa

Shakti Olaizola ere izango da Arrigorriagan, antzezlan berria aurkezten. Baina igandean izango da ikuskizuna. Hori baino lehen, larunbatean, lau konpainia izango dira beraien lana erakusten. Aimar konpainiak Etxea ikuskizuna aurkeztuko du, 18:00etan, Udaletxeko plazan. Etxeei buruzko hausnarketa egiten du Diego Aimar artistak, zura nagusi den eszenografia batean oinarrituta. Clowna, akrobazia eta oreka bidez, etxearen eta nortasunaren kontzeptuei tiraka arituko da Aimar.

Lehen ikuskizun horren ondoren, Erresuma Batuko Men in Coats taldeak A Little Lees Conversation komedia dibertigarria erakutsiko du. Txileko Trinity taldeak Si el mundo estuviera al reves erakutsiko du gero, eta, egunari amaiera emateko, Espainiako Albadulake konpainiak Las expertas lana antzeztuko du. Lau emakumek osatzen dute Alabadulake konpainia, eta, programa informatiko batek zuzendutako hautaketa proba batetik abiatuta, gizarteko estereotipoak hautsiko dituzte lau artistek; beti ere, umorea eta zirkuko elementuak ardatz hartuta.

Igandean emango diote amaiera 23. clown jaialdiari. Baina goiz eta eguerdian zehar sei emanaldi izango dira udaletxeko plazan; tartean izango da Euskal Herriko Zozongo konpainiaren Reziklator ikuskizuna. Kale ikuskizun pedagogiko gisa deskribatu dute obra, 12 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago pieza eta birziklatzen ikastea da ikuskizunaren helburu nagusia. Asteburuko azken ekitaldia herriko pilotalekuan egingo dute, 20:30etik aurrera. Hiru clown konpainia arduratuko dira jaialdiari bukaera ematen.

Ikuskizunez gain, zirko tailerrak ere egingo dituzte asteburuan zehar, besteak beste, eta zirkuko jantziei buruzko erakusketa bat ere jarri dute Euskaldun Berria aretoan.