Eraikin hutsari bizitza komunala eman nahian

Eraikin hutsari bizitza komunala eman nahian

Peru Azpillaga

Gernikako udaletxeko plaza gurutzatuta, kirol denda baten gainean, buztin koloreko etxebizitza bloke bat dago herriko plazara begira. Kanpotik arrunta dirudi. Beste edozein bezalakoa. Alta, barruak husturik eta fatxada garbi, bakardadean itota eman ditu azken 23 urteak, plazako beste eraikinei so. Joan den hilean ordea, sentsazio arraro bat nabaritu zuen: pausoak, hotsak; zerbait aldatzen ari zen bere baitan… Gernikako Egurre Gazte Asanbladako kideek okupazioaren bidea hartu, eta eraikina berpizteko lanari ekin zioten.

Orain, kanpoko pankarta eta lorontziek apainduta, harro ageri da plaza erdian, bakardadea atzean utzita, proiektu berria aurrera eramateko ilusioz beterik. Izena ere badu: Eztena. Portala gurutzatu eta lehenengo pisuan Muhammad Aliren pegatina batek agurtzen ditu bisitariak faxismoa borrokatzera dei eginez.

Etxebizitza proiektu osoa

“Hau jantokia izango da”. Komunak eta leihoak berri daude, eta zoruko parketa orbanik gabe. Gela batean jarritako izozkailuak eta bitrozeramika inprobisatuak, etorkizunean jantoki komunala bihurtu nahi duten espazioaren seinale dira. “Merkatuarekiko dependentzia handia dugula uste dugu eta alternatibak eskaini nahi dutugu”, azaldu dute asanbladako kideek. Hain proiektu “integralaren”, lehen adarra da jangela.

Horrekin batera, lur eremu bat lortu eta haien produktuak landu nahi dituzte, biltegi komunal bat osatzeko. Jangela, egitasmo guztia bezala, beharrizana duten pertsonentzat eta proiektuko kideentzat zuzenduta dago. “Epe luzerako proiektua da, elikadura eskaintza alternatibo bat egiteaz gain, harreman berriak sortzeko, batez ere, adin, genero eta arraza desberdinen artean”.

Erleen irudiek apaindutako eskailerak igota, bigarren pisua dago. Egoera antzekoa da; lau ate daude, eskumakoa itxita eta besteak irekita. “Berez bi etxebizitza handi daude solairu bakoitzean, zerbitzuarentzako ate eta guzti; aspaldi eraikitako etxea da, eskualdeko familia dirudun batena, baina jada ez dira hemen bizi”. Solairu horretan, gaztetxea eta liburutegia kokatuko dira. Ikasteko, udalak 60 pertsonarentzako tokia bermatzen du soilik, eta Gernikak 17.000 biztanle ditu. “Pasa den urtean Astran espazio bat sortu eta izugarrizko erantzuna izan zuen”. Gainera, horretaz gain, espazio hori formakuntzarako ere erabiliko da.

Jakinarazi dutenez, hirugarren solairua etxebizitzak sortzeko erabiliko dute; egitasmoaren oinarri nagusia. Horretarako hainbat gela antolatu dituzte eta beste espazio guztiak komunak izango dira. Etxebizitza da gehienbat Astraren proiektuarekin desberdintzen duena. Hala ere, argi utzi dute helburua ez zela bereiztea, baizik ahalik eta kontrabotere espazio gehien eraikitzea: “Gaur egun Astra herrian kontsolidatuta dago, segurua da, horregatik ikusi genuen bazela ordua beste proiektu autogestionatu batzuk sortzen hasteko”. Gero eta kontrabotere espazio gehiago eraikitzea dute helburu, gizartearen esparru desberdinak eraldatzeko.

Etxebizitzaren egoerari lotuz, eskualdean pisurik ez dagoela salatu dute eta daudenak izugarri garestiak direla; azaldu dutenez, landa eremu guztian txaletak eta baserriak baino ez daude eta horiek garestiegiak dira gazteentzat; “hemen 30 urte izan arte ezinezkoa da emantzipatzea”. Horretaz gain, egungo emantzipazio eredua ere kolokan jarri dute: “Beti ematen du eredu berdinean joan behar zarela etxetik, bikotearekin edo, eta guk beste eredu bat aldarrikatu nahi dugu, beste era batera bizitzeko era bat; komunala”.

Etorkizuna, epaitegien esku

Orain dela pare bat aste mezu bat jaso zuten, ertzainak euren ateetako sarrailak aldatzen zeudela esanez. “Ezin genuen sinetsi, gu hor bizi gara, lehenengo solairuan jan eta sukaldatu, hirugarrenan lo… Orain nahiko geldirik dago dena, kolokan”, jakinarazi dute. Lehen, eraikin guztia zuten erabilgarri. Orain, egun hartako gertakarien harira, hamar etxebizitzatik lau soilik dituzte eskura.

Hirugarren pisuko jabea agertu zen ertzainek lagunduta, eta baimen judizialik ez zuten arren, sarrailak aldatzen hasi ziren. “Haien arabera, bizitzeko erabiltzen ez genituen espazioak ixten ari ziren, ez dute ulertzen zer den etxebizitza komunala”. Bi pertsona atxilotu zituzten. “Etxera sartzeko identifikatu beharra genuen momentu oro. Arratsaldean bakoitza pisu batean jarri ginen; ezin zinen etxetik irten, bestela sarraila aldatzen zizutelako”. Bat-batean hirugarren solairuan zarata entzun zuten eta igotzerakoan haien kide bat atxilotzen ari ziren, ez identifikatzeagatik: “Ez zuen zentzurik, laugarren aldia zen identifiatzen zela eta gainera, modu bortitzean eraman zuten”, kexatu dira. Horretaz gain, tartean sartu zen beste kide bat ere atxilotu zuten, agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta. Itxitako geletan, alarmak eta kamerak jarri dituzte: “Gure gauzak barruan geratu dira eta ezin ditugu berreskuratu”.

Jabearen jarrera ere salatu dute. Berez, eraikin guztia familia berarena da. “Etxebizitza ugari dituen familia dirudun bat da, bere garaian, arrazoi desberdinak medio, Euskal Herritik kanpo bizitzera joandakoa”. Etxebizitzak 23 urte eman ditu hutsik, eta 2006. urtean obra batzuk egin ziren arren, inoiz ez da proiekturik proposatu. Gainera, etxeak aluminosia izan dezakeela entzun dute. Hala ere, udaletxera eraikinaren paperei buruz galdezka joan direnean, desagertuta daudela esan diete.

Egun, okupazioaren egoera kolokan dago. “Kideen epaiketa dela eta, behin-behineko kaleratzea heldu zitekeela uste genuen, baina badirudi ez dela hala izango. Hala ere, ez dakigu zer geratuko den”. Dena dela, prozesua luzatuko dela dirudi, asanbladako kideek ere jabea eta Ertzaintza salatu dituztelako: “Egin zutena guztiz ilegala da”, azpimarratu dute haserre.

Eskaileretatik gora jarraituz, momentuz itxita dagoen laugarren solairua dago; eraikinaren dimentsioek eta aurrekontu murriztuak ezinezkoa egiten zuten hasieratik dena egokitzea. Halaber, terraza ez dago ondo eraikita, ez da benetan iragazgaitza, eta hezetasunez beteta dago, eskaileratako paretak bezala.

Lanean jarraitzeko prest

“Proiektuak aurrera jarraituko du”. 40 bat lagun daude gazte asanblan eta argi dute, edozer gertatuta ere, eraikinetik kaleratuta ere, beharrizanak ez direla aldatuko. “Gure helburu nagusia babes sareak eraikitzea da, ez etxebizitza sinple bat: hau azpiegitura bat baino ez da , elkarlana eta babesa sustatzeko; hemendik botatzen bagaituzte proiektuak aurrera jarraituko du”.

Proiektua era integralean ulertzen dute bertako kideek. Etxebizitza behar duten pertsonei aukera bat eskaini nahi diete, baita gazteei ere, baina, proiektuaren parte bihurtuz. “Hau ez da etxea ematea, bakoitzak ahal duen ekarpena egin behar du, parte hartzea ahalik eta gehien susutatuz eta proiektua bere osotasunean ulertuz”, azaldu dute.

Eraikinean mantentzen badira, ez dizkiote ateak ixten egitasmoa ireki, eta bestelako ideiak txertatzeari: “Hain espazio handia izanik, hamaika borroka garatu daitezke”. Adibidez, bi kubatar eta perutar bat ezagutu dituzte, hirurak dabiltza etxebizitza bila, baina horretaz gain proiektuarekin bat egin dute eta era aktiboan ari dira parte hartzen. “Zoritxarrez, oraingo egoeran, ezinezkoa da inori etxebizitza bat eskaintzea”.

Hilabete osoan, 250 pertsona inguru pasatu dira eraikinetik. “Inor ez da azaldu proiektuaren kontra, harrera ona izan du eta babes handia sentitu dugu; benetan ilusionantea izan da”. Horrelako zerbaitetan murgiltzeak “asko markatzen” duela diote eta euren arteko harremanak ere asko estutu direla. “Koherentziarako intentzioa sortu da, eta tira, ikusi dugu hau aurrera eramateko kapazak garela”.

Azkenik, laugarren pisuko eskaileretatik gora, okupazioaren bandera ilargian ezarri duen astronauta batek, terrazara iritsi zarela iragartzen du. Bertatik Gernikako inguru osoa ikusi daiteke, hiribildu historikoa mendi berdeek harresiturik. Plazan, bonbardaketaren urtemugako prestaketekin dabiltza.