Beste mugarri bat galdeketen ibilbidean

Beste mugarri bat galdeketen ibilbidean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Orain arte Bizkaiko 63 herritan egin du etorkizunari buruzko galdeketa Gure Esku Dago plataformak: 325.000 herritar egon dira hautetsontzietara deituta eta, denera, %20,6k eman dute botoa orain arte. Bada, zazpi herri gehituko dira zerrenda horretara igandean, Arakaldo, Igorre, Lezama, Zamudio, Portugalete, Gueñes eta Gordexolan boto kutxak jarriko baitituzte. Orotara, 16 urtetik gorako 55.916 bizkaitarrek izango dute etzi botoa emateko eskubidea. Aipatutako herrietan ez ezik, Nafarroa eta Arabako beste hamasei herritan jarriko dituzte hautetsontziak. Abagune berezian egingo dituzte galdeketak. Izan ere, ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko 201,9 kilometroko giza katea egingo du platarfomak, erabakitzeko eskubidearen aldeko urrats kualiatiboa eman dadin eskatzeko. 100.000 herritar bildu nahi dituzte ekitaldian.

2014ko azaroaren 2an egin zen etorkizunari buruzko lehen galdeketa Bizkaian. Nafarroako Etxarri-Aranatzen lekukotza hartu zuen Arrankudiagak eta, ordutik hona, asko dira estatus politikoari buruzko galdeketa egin duten Bizkaiko herriak. Etziko hitzordua pasata, 70era iritsiko da galdeketa egin duten Bizkaiko herrien zerrenda.

Arakaldo, Igorre, Lezama, Zamudio, Gueñes, Gordexola eta Portugaleteko herritarrak izango dira etorkizunari buruzko botoa ematen hurrengoak. Tamaina eta nolakotasun ezberdinak dituzte zazpi udalerriek, eta oso bestelakoak dira bertako herritarren ezaugarriak ere. Aniztasun horren isla izan daitezke tokian toki proposatu dituzten galderak ere. “Nahi duzu gure geroa erabakitzeko eskubidea erabili, muga bakarra Euskal Herriko herritarron borondate aske eta demokratikoa izanik?” galderari bai ala ez erantzuteko aukera izango dute Arakaldon. Hura izango da igandean hautetsontziak jarriko dituen herririk txikiena: 157 biztanle ditu, eta 125ek izango dute galdeketan botoa emateko eskubidea.

Gero eta herri gehiago

Portugalete dago beste muturrean: Bizkaiko Ezkerraldea eskualdea osatzen duten herrien arteko lehena izango da etorkizunari buruzko galdeketa egiten. Getxoz geroztik, galdeketa egiten duen Bizkaiko bigarren herri handiena da Portugalete: 46.375 biztanle ditu, eta 40.801 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea. “Nahi duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa aske erabakitzea?” galderari erantzun beharko diote portugaletetarrek.

Ezkerraldean egiten den lehen galdeketa izango da etzikoa, eta Meatzaldean ere estreinakoz jarriko ditu hautetsontziak erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak. Gordexolan 1.300 herritarrek izango dute “Zure eskubidea erabili nahi duzu euskal herritargoaren geroa erabakitzeko, muga bakarra beraren borondatea dela?” galderari erantzuteko aukera. Gueñesen, aldiz, 5.340 herritar daude hautetsontzietara deituta. “Nahi duzu euskal herritarrok burujabe izatea bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kultura erabakitzeko?” itauna luzatuko diete herritarrei.

Arratiako herririk populatuena da Igorre. 4.200 biztanle daude udalerrian eta horietatik 3.553k eman ahal izango dute botoa. Herritarren artean zehaztu dute galdeketa han ere. “Euskal estatu bateko herritarra izan gure dozu?”.

Txorierrin ere ari dira erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak biltzen. Larrabetzun iaz egin zuten herri galdeketa eta Lezama eta Zamudiok hartu diote lekukoa aurten. “Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan gura dozu?” galdera luzatuko diete 16 urtetik gorako 2.047 lezamarri, eta, 2.750 herritarrek izango dute Zamudion “Euskal herritarra izanik, geure etorkizuna libre erabakitzeko eskubidearen alde zagoz?” galderari erantzuteko aukera.

Hilabete, giza katerako

Bere bosgarren urteurrenean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuak lotzeko mobilizazioa egingo du Gure Esku Dagok. Aurtengo ikusmiran, EAEko Estatutu berriaren zehazte fasean ari da Eusko Legebiltzarreko lan taldea, eta, horregatik erabaki du plataformak ekainaren 10eko giza katea EAEko eremuan egitea. 2018a urte “erabakigarria” izango dela azaldu zuen Angel Oiarbide plataformako bozeramaileak, “erabakia gauzatzeko aukera berriak” sor daitezkeelakoan.