Zahar hitzen jakintza berrituak

Zahar hitzen jakintza berrituak

Peru Azpillaga

Esaera zaharrak dira herri baten jakintza kolektiboaren adierazgarri argiena. Bizitzan zehar ikasitako irakaspenak; mendez-mende eta ahoz aho, belaunaldi batetik bestera helarazitako ikasbideak: Asko balio baitu indarrak, baina are gehiago buru azkarrak!.

Esaera zaharrek, gainera, herri baten kulturaren eta ohituren berri ematen dute, denboraren poderioari aurre eginez. Arbola, landa, eliza, gure arbasoen bizimoduaren adierazgarri dira, baina baita taberna, astoa, otsoa, ardoa edota jokoa ere. Gaur egun, ordea, gero eta ahaztuago daude esaerak.

Orain dela 25 urte baino gehiago, Uribe Kostako AEK-ko kide ziren bi irakaslek esaera zaharren lehiaketa bat antolatu zuten haien euskaltegien artean. Besteak beste, euskal kultura aldarrikatzeko. “Gabi Basañez eta Josu Landeta izan ziren sortzaileak. Biak ala biak oso bertsozaleak ziren, eta otu zitzaien bi gauzak nahastea eta haien ikasleen artean lehiaketatxo bat antolatzea”, azaldu du Aitor Fernandez de Martikorenak, Uribe Kostako AEK-ko kide eta egun lehiaketaren antolatzaileetakoa denak.

1995ean, ideia berreskuratu eta beste modu batera antolatzea erabaki zuten, txapelketa itxura emanez eta inguruko jendea ere inplikatuz: ikastolako kideak, euskara taldeak edota beste euskaltegiak. Hori izan zen bigarren aldia, eta, geroztik, ez dute etenik izan. Bihar, 25. aldiz egingo dute.

Hiru helburu ditu txapelketak. Alde batetik, euskara kalera ateratzea. “Sopela, orain dela 50, urte herri nahiko euskalduna zen. Gaur egun, ordea, ez da euskara horrenbeste entzuten; ezagutza handia da, baina erabilera, aldiz, ez”. Horregatik, lehiaketaren bidez, euskara plazara atera nahi dute. Tabernaz taberna hainbat ibilbide egiten dituzte, bertsoekin eta musikarekin lagunduta. “Pentsa, ibilbide desberdinen bidez, bospasei lekutan gaude aldi berean eta guztietan euskaraz; horrek presentzia handia ematen dio hizkuntzari”, adierazi du.

Bestetik, euskal kultura nabarmentzeko egiten dutela dio, horren adierazgarri diren bertsoak eta esaera zaharrak lotuz. “Bertsoak aktualak dira, kalitatezkoak, eta egunero sortzen dira. Esaera zaharrak, berriz, ahaztuta dauzkagu, eta gure ondarearen zati garrantzitsua dira; biak nahastea oso aberasgarria dela uste dugu”. Hirugarren helburua ere argia da: ondo pasatzea. “Musikarekin, bertsoekin, lehiarekin… benetan egun alaia izaten da, eta hori da garrantzitsuena”. Aurten, gainera, urtemuga borobila dela eta, bi sortzaileak omenduko dituzte, jada antolaketa lanetan ibili ez arren beti egon direlako laguntzeko prest.

Esaerak bertsotan asmatu

Lehiaketak hiru fase izan ohi ditu, eta egun osoa irauten du. Lehenik, 100 esaera argitaratzen dituzte, parte hartzaileek ikas ditzaten. Horietatik 99 benetakoak dira, eta bat faltsua —zein den asmatzen duenak saritxo gehigarri bat izaten du—. Urtero esaeren %40 inguru aldatzen dituzte, bestelako esaerak ere ezagutarazteko. Lehiaketaren funtzionamendua hurrengoa da: bertsoak egiten dira esaerak deskribatuz edota horiekin lotutako metaforak eta istorioak asmatuz, eta parte hartzen duten taldeek asmatu behar dute zein esaerari egiten dioten erreferentzia.

“Hainbat talde daude, eta ibilbide desberdinak antolatzen ditugu, kopuruaren arabera. Ibilbide bakoitzean hiruzpalau talde aritzen dira”. Taldeak tabernaz taberna doaz. Bakoitzean bertsolariek kantatu, eta, bertsoa entzunda, zein esaerari buruz ari den asmatu behar du dagokion taldeak; asmatu ezean errebotea egongo da beste taldearentzat. Goizeko ibilbide horretan puntu gehien lortzen duenak final-laurdenetarako txartela lortzen du.

Ondoren, herri bazkaria egiten dute, eta, hori amaituta, final aurrekoak izaten dira. Bertan, gauza bera egiten dute, baina jada, ez dituzte bertso idatziak erabiltzen. “Bertsolari profesionalak ekartzen ditugu. Aurten, Amets Arzallus eta Onintza Enbeita izango ditugu. Haiek bertsoak sortu, eta taldeek asmatu behar dute zein den esaera. Finalera igaro, eta esaera gehien asmatzen duenak irabaziko du.

Ideia beste leku batzuetara ere hedatu dela azaldu du Fernandez de Martikorenak, eta iragarri du, gazteei esker, txapelketak antolatzen jarraituko dutela. Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola.