Odol gaztearen taupada, bigarrenez

Odol gaztearen taupada, bigarrenez

Gotzon Hermosilla

Iaz izandako arrakastak akuilatuta, aurten ere New Blood Weekend jaialdia egingo dute Bermeon, gaurtik hasita eta igandea bitartean. Eta iazko espirituari jarraikiz egingo dute aurten ere: punkaren esparru zabalaren mugetan, betiko talde ezagun eta entzutetsuak albo batera utzi eta banda gazteen aldeko hautua egingo dute asteburu osoan.

Lehenengo jaialdia iaz egin zuten, arrakasta handiz egin ere, antolatzaile taldeko Alex Lertxundik esandakoaren arabera: “Jende asko etorri zen hiru kontzertuetara, Bermeotik kanpokoak ere bai, eta pozik gelditu ginen. Horregatik erabaki dugu aurten ere egitea”.

Hiru ezaugarri nagusi ditu New Blood Weekend jaialdiak. Lehenengoa izenburuak berak ezartzen du, odol berria baita erreferentzia nagusia, hots, talde gazteak eta berri samarrak lehenestea, beharbada entzule gehiago erakar zezaketen talde ospetsuagoen gainetik. “Ez zaigu gaizki iruditzen talde zaharragoak programatzea”, esan du Lertxundik, “baina guk jaialdi honekin talde gazteak ekarri nahi ditugu plazara. Aurten badago gazteak izan arren eskarmentu handi samarra duen talderen bat, La URSS esaterako, baina talde hasiberri eta oso kontzertu gutxi emandakoak ere badaude”.

Generoa edo estiloa da jaialdiaren bigarren ezaugarria. Punk jaialdi bat da New Blood Weekend, baina ikuspegi irekiari eutsi nahi diote antolatzaileek, eta punk rock, oi, afterpunk, hardcore (eskola zaharrekoa zein berrikoa) eta antzeko doinuak jorratzen dituzten taldeak ekarriko dituzte: “Egitarauari erreparatuz gero, konturatuko gara aniztasun handia dagoela, talde guztiak esparru horretakoak diren arren”, azaldu du Lertxundik.

Eta, azkenik, jaialdi autogestionatua da Bermeokoa, irabazi asmorik gabea, gertutasuna eta giro ona zaindu nahi duena. “Ez da negozioa”, dio Lertxundik, “eta horretatik apur bat aldenduta egon nahi genuen. Dirua garrantzitsua da, jakina: talde batzuk Ingalaterratik eta AEBetatik etorriko dira, eta abioi txartelak ordaindu egin behar dira. Baina saiatu gara sarreren prezioari eusten”.

Aurten ere hiru kontzertuk osatuko dute jaialdia. Gaur bertan, Nuntxaku zentro sozialean, batez ere Euskal Herriko taldeek jarriko diote soinu banda festari: Cuero —ez daukate zerikusirik 90eko hamarraldiko Kuero taldearekin; hauek Bilbo ingurukoak dira, eta oi iluna egiten dute—, Bermeoko Puro Odio —iaz ere jo zuten jaialdian— eta Donostiako Arrotzak egongo dira agertokian. Haiekin batera, Madrildik datorren Satelite —hiru neskak eta mutik batek osatutako afterpunk taldea— izango da estreinako gauaren eskaintza.

Bihar, Permission talde ingelesak bereganatuko du ikusleen arreta, lehenengo aldiz joko baitu Euskal Herrian. La Vida Es Un Mus punk zigilu ospetsuaren bidez Contagious life izeneko diskoa plazaratu dute berriki, eta haien hardcore punk oldarkor, ilun eta zaratatsua Die Kreuzen, Chaos UK eta antzeko taldeekin alderatu dute maiz.

Haiekin batera, Espainiatik iritsitako bi talde arituko dira Bermeon, La URSS eta Sudor. Musikari gazteek osatutakoak badira ere, ez dira talde hasiberriak: biek ala biek ibilbide luze samarra egin dute, birak egin dituzte Europan zein AEBetan, behin baino gehiagotan jo dute Euskal Herrian, eta zale ugari dituzte inguru hauetan.

Bi-biek edaten dute 80ko hamarkadako punketik, haien artean desberdintasun nabariak dauden arren —oldarkorragoak dira Sudor, melodikoagoak La URSS—. Duela hilabete gutxi, Sudor Euskal Herrian jotzen aritu ziren, eta zenbait aretotan ikusleak sartu ezinik gelditu ziren. La URSSek, gainera, jaialdiaren himnoa izan zitekeen abesti bat badu, Sangre joven (Odol gaztea) izenekoa.

Motorastola bilbotarrek —Discharge eta Motorhead-en arteko aleazio bat egiten dute— eta Ultra katalanek —Subterranean Kids, Anti-Dogmatikss eta, oro har, Bartzelonako hardcorearen tradizioa berreskuratzen dute— osatuko dute biharko eskaintza.

Igandea, berriz, eskola zaharreko hardcore klasikoaren doinuei eskainitako eguna izango da, eta estilo horretako bi talde arituko dira eguerdi partean Beleza Malandra ateneoan: Cutting Through AEBetako Portlandeko taldea, eta Appraise Bartzelonakoa. Bi-biek straight edge filosofiarekin uztartutako hardcore azkarra egiten dute. Cutting Through taldekoek A Will to Change izeneko diskoa plazaratu dute duela gutxi, New Age Records zigiluarekin. Appraisek, berriz, diskografia luze samarra du. Talde biak Europan zeharreko bira bat egiten ari dira elkarrekin, Frantzia, Alemania, Polonia, Suitza eta beste zenbait herrialdetara jotzera eraman dituena, eta orain Bermeora iritsiko dira bira horri akabera emateko.

Aldez aurretik sarrerarik ez

Emanaldietako sarreren prezioak merkeak izango dira: gaurko kontzertuak eta igandekoak bost euro balioko du bakoitzak, eta biharkoak, berriz, zortzi euro. Hau da, hogei euro baino gutxiago balioko du emanaldi guztietara joan eta 11 talde ikusteak. Baina antolatzaileek ez dute aldez aurretik sarrerarik salgai jarriko, ezta kontzertu guztiak ikusteko bonurik ere.

“Nahiago izan dugu horrela egitea”, azaldu du Lertxundik. “Ez dugu uste leku arazorik egongo denik; Bermeora etortzen diren guztiek izango dute kontzertuak ikusteko aukera. Baina nahiago izan dugu jaialdiaren neurri txikiari eustea eta horrelako kontuetan ez sartzea”.

Aurtengoa bigarrena bada ere, badirudi New Blood Weekend jaialdiak lekutxo bat egitea lortu duela Bermeoko kultur eskaintza oparoan. “Ez gara asko, baina, oso leku txikian azkar mugitzen garenez, gehiago garela ematen du”, azaldu du Lertxundik, olgetan-benetan. Eta asmoa da bigarren jaialdi hau azkena ez izatea: “Gauzak oso ondo doazela ikusiko bagenu, beharbada pentsatuko genuke jaialdia areto handiagoetan antolatzeaz”, esan du Lertxundik, “izan ere, aurten horrelako eskaintzaren bat izan dugu ildo horretakoa, baina oraingoz pozik gaude ekitaldiak duen neurriarekin. Badakigu Bermeora etortzea ez dela erraza, eta nahi dugu hona jotzen duen jendeak zerbait gertukoa eta familia girokoa topa dezan”.