Lan ildoak

Protestaren biharamunean lanean jarraituko dute Bilboko auzo elkarte eta eragileek, eta hamar puntuko dekalogo batean bildu dituzte helburuak.

Parte hartzea. Erakundeekin zubi gehiago eraiki nahi dituzte, herritarren parte hartzea berma dadin. “Benetako parte hartzerik gabe ez dago demokraziarik”.

Konfiantza. Hiritarren eta udal ordezkarien artean konfiantzazko harremana berreskuratzeko, parte hartzerik gabe udalak “inposatutako” azpiegiturak bertan behera uzteko lanean jarraituko dute.

Turismotik harago. Turismoaren mendekoa den eta postal itxura duen Bilbo ereduaren aurrean, hiri “ireki” baten alde egin dute, bertan bizi eta lan egiten dutenen mesedetan.

Auzoen Bilbo. Auzoen artean dauden arrakalak bukatzeko lanean jarraituko dute.

Hiriburu berdea. Eremu berdeak eta espazio publiko gehiago nahi dituzte auzoetan, merkataritza eta aisialdi komertzialari aurre egiteko.

Azpiegiturak. Hiritarrek eskatutako ekipamendu publikoen eraikuntzaren gaiari heldu behar zaiola uste dute, hezkidetza eta osasun zentro publikoak lehenetsiz.

Ondarearen zaintza. Hiriko elementu kulturalen zaintza eskatuko dute; tartean, Abandoko tren geltokiko estalkia babestea.

Parekidetasuna jomugan. Legez, lan esparruan gizon eta andreen arteko parekidetasuna ezartzeko presio egingo dute, baita indarkeria matxistaren aurkako neurri eraginkorragoak ezar daitezen ere.

Gazteen etorkizuna. Gazteek lan eta etxebizitza duina izan dezaten arituko dira.

Pentsionistak. Baldintza duinetan bizi daitezen lan egingo dute.