Hamaika koloredun Bilbo

Hamaika koloredun Bilbo

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bestelako hiriburua eraikitzea posible dela eta orain artean banaka defendatutakoa elkarrekin babestuko dutela argi azalduko dute bihar Bilboko kaleetan. Nork bere kolorea eta eskaera eramango du: hiriburu ekologista, feminista, Bilbo osasuntsua, bizi baldintza duinak izango dituena eta inor baztertuko ez duena. Hiriburuko auzo elkarteekin, 180 eragilek parte hartuko dute protestan. Besteak beste, Autopista Kanpora, Ekologistak Martxan, Metro Linea 4, REAS Euskadi, Osalde, Fekoor, Kaleratzerik Ez, Ikasle Ekintza, Ernai, Gazte Asanbladen Sarea, Auzotarrok eta Eragin elkarteek bat egin dute biharko mobilizazioarekin. Horietako batzuen iritzia jaso du BIZKAIKO HITZA-k.

PENTSIODUNAK
Tokian toki, erantzukizunez jarduteko eskaera

Azken asteetako mobilizaziorik jendetsuenak egin dituzte pentsiodunek. Urtea hasi zenetik, ia astelehenero elkarretaratzea egiten dute hiriburuko udaletxe parean, pentsio duinak eskatzeko. Pentsioekin dagoen arazoa tokian tokiko erakundeen erantzukizuna ere badela uste dute plataformako kideek, eta, horregatik, azken hilabeteetako eskaera bera eramango dute kalera bihar. “Udalak, pentsiodun askok duten pobrezia egoeraz jabetu eta udal tasengatik salbuetsi beharko lituzke”.

Udalak ez ezik, aldundiak ere zereginak badituela uste dute. “Diputazioak ezin du mendekotasuna duten pertsonen arreta zerbitzua pribatizatu, eta adineko pertsonen behatoki zerbitzua martxan jarri beharko luke”.

MUGIMENDU FEMINISTA
Emakumeen Bilbo

Ikuspegi feministatik aztertuz gero, ertz asko ditu argitu gabe Bilbok oraindik. Horregatik babestuko dute Bilboko auzo elkarteen federazioak jarritako zita. Eskaera zehatzak egin ditu Bilboko Mugimendu Feministak; tartean, hiriburuan emakumeen etxe bat egokitzea. “Mugimendu feministarena izango den gune propio bat nahi dugu, parte hartzailea, solidarioa eta auto-antolakuntza zein auto-kontzientziarako balioko diguna”.

Harago ere jo du mugimendu feministak. “Bilboko emakumeen beharrizanei erantzungo dien aurrekontu bat nahi dugu, eta, era berean, hiriburuko emakume talde zein erakunde feministentzat diru laguntza duinak ematea”. Indarkeria matxistaren aurkako plana ere eskatu dute. “Prebentzioan lana egingo duen egitasmoa eta egoerari aurre hartzeko baliabideak jarriko dituena”.

SINDIKATUAK
“Prekaritatea” bukatuko duen hiriaren alde

ELAk izan ezik, sindikatu gehienek bat egin dute biharko protestarekin. LAB, CCOO, UGT, USO, Steilas, ESK, CNT eta CGT sindikatuek babestu dute mobilizazioa, eta, oro har, hiriburu “duinagoa” aldarrikatuko dute sindikatuek. LAB sindikatuaren arabera, azken urteetako hiri ereduak prekaritatea besterik ez du eragin. “Bilboko langileok prekaritatean lan egiten dugu. Hiri prekario batean bizi gara”. Auzoen artean desoreka ekonomiko eta sozialak nabari ditu sindikatu abertzaleak. “Bilbo erakusleiho bihurtu dute, gutxi batzuen gozamenerako eta ez bilbotar guztien onurarako”. Bide horretan, lan eta bizitza duina bermatuko duen hiri batean bizitzeko eskubidea aldarrikatuko du.

Hiriburu “hobea” eraikitzea posible dela uste du UGT sindikatuak ere. “Produkzioa eta aberastasuna handitzea posible da. Bilboko hiritarren eta, batez ere, langileen egoera hobetu dadin pausoak eman behar dira hiriburuan. Horretarako, beharrezkoa da enplegu egonkorrak bultzatzea eta soldatak hobetzea”.

CCOOk ere atxikimendua eman dio biharko mobilizazioari. “Parte hartzeko eredu erreal eta eraginkorraren alde egiten dugu guk; hiritarren eskaerak entzun eta horiek bideratzea ezinbestekoa da”, adierazi du manifestazio bateratuari begira.

OSASUN ELKARTEAK
Osasuna eskubide gisa

Osalde Osasunaren Eskubidearen Aldeko Elkarteak ere bat egin du deialdiarekin. Elkartearen arabera, faktore sozial, ekonomiko eta kulturalek zehazten dute, besteak beste, komunitate edo gizarte baten osasun egoera. “Zeharkatu berri dugun krisi ekonomikoak ezberdintasun sozialak areagotu ditu. Pentsiodunen herenak, gainera, emakumeak dira, pobreziaren langan kokatzen direnak. Etengabe azaldu den aberastasun sorrerak ez du ekarri ezberdintasun horiek desagertzea. Kontrara, aberatsak aberatsago bihurtu ditu, eta pobreak, pobreago”.

Osasunaren sektorea pribatizatzen ari dela salatu dute Osalde elkartekoek. “IMQ Igualatorio Mediko Kirurgikoaren sustapena egitearen eraginez, bi abiadurako osasungintza bultzatzen du. Horrek ezberdintasun sozialak areagotu eta herritarren osasun egoera nabarmen okertzen du”. Parekidetasunaren eta osasunaren alde urratsak egiten jarraitzeko kaleak hartu eta protesta egitea beharrezkoa dela-eta, erabaki dute biharkoan bestelako hiriburu eredu baten aldeko mobilizazioan parte hartzea. “Protagonismoa itzuli behar zaie herritarrei, beraien bizitzaren jabe izan daitezen eta baita beraien osasunaren jabe ere”.

ELBARRIEN ELKARTEAK
Denentzako Bilbo

Mugikortasun eskubidea eta irisgarritasun unibertsala oinarrizko eskubideak dira. Hala gogorarazi du Fekoor koordinakundeak. Desgaitasun fisikoak dituzten pertsonen hogei elkarte baino gehiago biltzen ditu Fekoorrek, eta kalera aterako dira bihar. “Hiriburu irisgarri bat eraikitzean, hiri parte hartzaile eta inklusiboaren alde egiten dugu. Irisgarritasuna ez da elbarritasuna duten pertsonen arazoa bakarrik, hiritar guztien eskaera da, espazio guztietan eta bizitzaren eremu guztietan”.

Pertsona guztien garapen integrala bultzatzen duen hiri ereduaren alde egitea beharrezkoa dela uste dute koordinakundeko kideek. “Bihar, protestan egongo gara, beharrezkoa delako diskriminaziorik eta bazterkeriarik gabeko espazioak sortzea. Posible da hiriburu inklusiboagoa, solidarioagoa eta parte hartzaileagoa eraikitzea”.