Elikagaien banaketa duintzeko gune finkoa irekiko dute Bilbon

Elikagaien banaketa duintzeko gune finkoa irekiko dute Bilbon

Peru Azpillaga

1995ean ekin zion bere jardunari Bizkaiko Elikagaien Bankuak. Gizartearen egituraketa dela eta, asko dira oso baldintza kaskarretan irauten duten pertsonak. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan ia 385.000 herritar —hots, biztanleen %17,6— txiroak dira edota gizarte bazterketan erortzeko arriskuan daude EAPNren (Pobreziaren eta Giza Bazterketaren aurka egiteko Europako Sarearen) azken ikerketaren arabera. 2017an, gizarte-bazterkeria tasa %2,3 hazi zen, eta, azken urteotan, batez besteko errenta pertsonala %6,8 murriztu da.

Hori dela eta, Bizkaiko Elikagaien Bankuak lan egiten du pertsona horiek guztiek, gutxienez, elikadura minimo eta duin bat izan dezaten. Gaur egun, adibidez, 8.750 familia inguru elikatzen dituzte; gutxi gorabehera, 22.000 pertsona. Alta, eskaria hain handia izanik, arazo larriak izaten dituzte elikagaiak jaso eta banatzeko orduan: ilara luzeak, banaketa ez zuzenak, lehia handia elikagaiak eskuratzeko… Askotan, erabiltzaileen egoera ez-duin bilakatuz.

Horregatik guztiagatik abiatu dute BBK Lagun Guneak proiektua. BBK-k, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Elikagaien Bankuak batera abiatutako egitasmo horren bidez, egun egiten den elikagaien banaketa hobetu nahi dute. Horretarako, banaketa zentro bat irekiko dute irailetik aurrera Bilbon. Gizartean bazterturik dauden edota bazterturik geratzeko arriskua duten pertsonentzat izango da zentroa. Bertan, elikagaiak modu bidezkoagoan eta eraginkorragoan banatzeaz gain, arreta integrala eskainiko zaie premia duten pertsona horiei. Guztira, 1.000 familia inguru hartuko ditu gune berriak; hau da, gehienez, 3.000 pertsona elikatu ahalko ditu.

Aipatutako eragileez gain, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak ere parte hartuko dute proiektuan; haien ekarpena oraindik ere zehazteko dago.

Zentro berriaren funtzionamenduari dagokionez, bi berrikuntza nagusi eskaintzen ditu: elikagaiak banatzeko era eta erabiltzaileei eskainiko zaien arreta integrala. Alde batetik, funtzionamendua eraldatu egingo da, erabiltzaileen egoera duinagoa izateko. Hori lortzeko, zentroak puntuen bidezko sistema bat erabiliko du. Puntu horiek familien egoeraren arabera adjudikatuko dira, eta produktuekin trukatzeko erabiliko dira.

Gainera, banaketa zentro berriak autozerbitzu formatua izango du; hots, supermerkatu baten antzekoa izango da —eta ez biltegi bat orain bezala—. Hau da, premia duten pertsonek erabaki ahalko dute zer produktu nahi duten, eta dituzten puntuen arabera bete beharko dute haien saskia. Horretaz gain, ordutegi zehatz batean irekiko ditu ateak, astean lau bider. Azkenik, erabiltzaileei bi hitzordu emango zaizkie hilean, eta, horien bidez, produktuen oinarrizko saskia bermatuko zaie.

Bizkaian berritzailea izan arren, sistema hau ez da berria. Nafarroan eta Katalunian, jada, badira halako zentroak. Haien arrakasta ikusita, molde hori Bizkaian ere txertatzea erabaki dute, eta, gauzak aurreikusitakoaren arabera joanez gero, etorkizunean Bizkaian halako beste asko irekitzea espero dute. Oraingoz, zentro berria publiko egingo ez duten Bilboko auzo batean kokatuko da. Lekua ez dute jakinaraziko, auzoko biztanleak eta erabiltzaileak ez estigmatizatzeko.

Zentro berriek egun dauden hutsuneak betetzea dute helburu, arreta berezia eskainiz erabiltzaileei eta haien premiak modu egokiagoan asez. Formatu berriarekin, gaur egun eratzen diren ilara luzeak ekidin ahalko dira, sustatzaileen ustez, eta elikagaiak modu bidezkoagoan eta autonomoagoan banatuko dira.

Elikagaietatik harago

Zentro berriak ez dira soilik elikagaiak banatzera mugatuko. Arreta berezia eskainiko zaie bertara joaten diren pertsona guztiei, eta, oro har, erabiltzaileen lan aukerak hobetzea izango da haien helburu nagusia. Horretarako, hainbat tailer eskainiko dira, besteak beste, etxeko ekonomiarekin lotutakoak —elikagaiak modu egokian erabiltzeko—, eta baita gizarteratzeko beste jarduera batzuk ere: hizkuntza klaseak, kulturen arteko programak edota haur eta familientzako laguntzak. Horrekin guztiarekin, gosea kentzeaz gain, erabiltzaileei haien egoerari aurre egiten lagundu nahi zaie; irtenbideak topatu ahal izateko baliabideak eskaini.

Irizpide aldakorrak

Herritar andanak joan behar izaten du hilabetero Elikagaien Bankuak antolatutako produktuen banaketetara. Krisiak egoera oso latzean utzi ditu hainbat familia, eta askorentzat kimera bat da elikagai horiek gabe hilabete amaierara heldu ahal izatea. Hala ere, beharra duten pertsona guztiek ezin dituzte elikagai horiek eskuratu.

Egun, instituzioek eta udalek erabakitzen dute zeintzuk diren beharreko baldintzak elikagai horiek jaso ahal izateko. Besteak beste, berez, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) kobratzen dutenek eta hortik beherako diru sarrerak dituztenek osatzen dute multzoa. Bizkaiko Elikagaien Bankuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren datuek garbi uzten dute errenta minimo hori kobratzeak, egun, ez duela elikadura duin bat bermatzen.

Alta, udaletxe batzuek, Bilbokoak kasurako, DSBE jasotzen dutenei ez diete uzten elikagai horiek jasotzen beste hainbat tokitan egiten den bezala. Gizarte zerbitzuen zeregina ere desberdina izaten da tokiaren eta agintean dagoen udalaren arabera.