Bestelako hiriburua jomugan

Bestelako hiriburua jomugan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lau urtetik behin botopaper bat hautetsontzi batean sartzearekin ez da herritarren parte hartze politikoa bermatzen. Argi dio Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lehendakariak. “Hiritarrak eta auzokideak etxeen atarietako politikez arduratu gaitezen nahi dute, beraiek, herritarren ordezkari direnak, hirigintzaz, azpiegitura handiez eta, oro har, Bilbo ereduaz arduratzen diren bitartean”. Dioenez, Bilboko Udalak ez du auzo elkarte zein hiriburuko eragileen ahotsa aintzat hartzen, eta bilbotarrei begira baino gehiago, munduari begira dago. “Ez dugu erakusleiho hutsa den hiriburu bat nahi”. Mu-ñozen hitzetan, bilbotarren parte hartzea beharrezkoa da Bilbo eraikitzeko, eta aldarri hori kalera aterako dute, bihar, Bestelako Bilbo posible da. Kalea ez da isilduko goiburupean egingo den manifestazioan. Auzo Elkarteen Federazioa osatzen duten 25 elkarteen ekimena izan bada ere, hiriburuko eragile kolektiboen babesa jaso du deialdiak, eta 180 elkarte baino gehiago gehitu dira mobilizaziora. “Elkarrekin indar gehiago dugu bereizita baino”. 12:00etan abiatuko da martxa, Plaza Eliptikotik.

Kasualitatea da, baina duela hamar urte ere mobilizazio erraldoia egin zuen Auzo Elkarteen Federazioak. 2008ko ekainaren 15ean, hiriburua sortu zeneko 708. urtemugaren testuinguruan, milaka herritar atera ziren kalera. Hala zioen protestaren bukaeran irakurri zuten agiriak: “Auzo elkarteek ideiak eta proiektuak ditugu, eta parte hartzeko eta hitz egiteko prest gaude beti. Herritarrentzako Bilbo bat eraikitzen lagundu nahi dugu […] Gaur hemen elkartzeko arrazoi bera dugu: auzo guztietan ditugu jaramonik egiten ez zaien eskaerak, eta auzotarren mugimenduentzat ateak itxita dauzkan udala dugu denok”. Bada, antzeko argudioei tiraka aterako dira kalera bihar, hamar urteren ondoren.

Muñozek azaldu duenaren arabera, joan den urteko irailean hasi zen mobilizazio erraldoia egiteko ideia ernatzen. Araudi zaharrarekin 25 urte egin ondoren, hiriko barrutietako antolakuntza eta funtzionamendu araudi berria onartu zuen Bilboko Udalak 2017ko uztailaren bueltan, eta haserrea sortu zuen auzo elkarteko kideen artean. “Burla bat izan zen. Araudia berritzeko parte-hartze prozesua abiatu zuten. Baina gobernatzen dutenek ardura hartu zuten prozesuaren bukaeran beraiek nahi zutena ondoriozta zedin”.

Gero eta ahots gutxiago

Hirietako barrutietako araudi berriak herritarren zein herri eragileen parte hartzea are gehiago mugatu duela salatu du auzokideen federazioak behin eta berriz. Hiriburuko zortzi barrutietan sortu dituzten Barrutiko Kontseiluak hemezortzi ordezkarirekin osatu behar direla dio legeak; horietatik hamahiru udal ordezkaritza duten alderdi politikoek aukeratzen dituzte, eta gainontzeko bost kideak elkarte ala auzokideak izan daitezke. Kontua da azken bost horiek ez dutela boto eskubiderik kontseiluan.

“Frustrazioa”. Hitz hori aipatu du Muñozek auzo elkarteetan duten aldarteari izena jartzeko orduan. “Uste genuen Iñaki Azkuna alkate ohiak eragile sozialen aurka abiatutako politika gogorrak bukatu egingo zirela, eta alkate sozialagoa eta harkorragoa eta irekiagoa izango zela Juan Mari Aburto. Hauteskunde kanpainan ere hala adierazi zigun berak, gurekin elkartu baitzen. Bazirudien gure hitza aintzat hartzen hasiko zirela”.

Usteak erdia ustel. Auzo elkarteen hitza entzun eta aintzat hartzetik urrun dago egungo udal gobernua Muñozen arabera. “Egoera hori ikusita, erabaki genuen mobilizazio handi bat egin behar genuela, eta nolabait udal ordezkariei erakutsi hor gaudela, Bilbori buruz hartzen diren erabakietan parte hartu nahi dugula eta gure hitza aintzat hartu behar dutela”.

Mobilizazioak utziko duen irudian ala jende kopuruan baino gehiago, egin duten lanketan jarri du arreta Muñozek, askotariko elkarte eta plataformen babesa jaso baitu deialdiak. “Auzo elkarteek, gainontzeko eragile sozial zein plataformek banaka eskatzen dutena biltzen dugu gure aldarrikapenetan. Mugimendu ekologistak, mugimendu feministak, sindikatuek… sektore horien guztien aldarrikapen eta ikuspegiak txertatzen saiatzen gara gure auzoen eraikuntzarako zein hobekuntzarako proposamenak egiten ditugunean”. Horregatik erabaki dute guztiak elkartuta agertzea. “Eragile bakoitzak zeresana du hiriburuaren ezaugarritzean eta eraikuntzan, eta hori irudikatu nahi dugu”.

Hiri bakarra, bi ikuspegi

“Bilbo aldatu behar dela uste dugu; hiriburu sozialagoa eta bizitza kalitate hobea duena eraiki nahi dugu”. Adibide zehatza ere jarri du Muñozek. EHUko Opi ikerketa taldeak Bizkaiko herritarren bizitza itxaropenari buruz iaz kaleratutako ikerlana ekarri du gogora. Bizitokiak bizi itxaropenean duen eragina zehazten zuen azterlanak: Bilboko lekurik aberatsenetan dute bizi itxaropen handiena, Albia eta Kale Nagusiaren inguruetan (85,9 urte); Bilbo Zaharrekoak baino ia hamar urte gehiago (71,5 urte) bizi dira bertan. “Nola da posible? Bizitokiak ezin du bilbotarren osasuna baldintzatu. Auzo batean ala beste batean bizitze hutsak ezin du zehaztu zenbat urtez biziko zaren”.

Hiriburuari buruzko bi ikuspegi daudela uste du auzo elkarteko lehendakariak. “Klase ertaineko herritarrak biltzen dituen Bilbo eredua ari dira eraikitzen, eta apalagoa den jendea hainbat esparrutatik botatzen ari dira. Bilbo Zaharrean, adibidez, nabarmen ari da nabaritzen. Postal txarteletan irudikatzen den Bilbo eraiki nahi dute, kanpora begirakoa”. Argi azaldu du federazioan ez daudela turismoaren aurka, gaur egun bultzatzen ari diren turismo eredua dela zalantzan jartzen dutena. “Guk sinesten dugu hiri sozialagoa eraiki daitekeela, parekideagoa eta atseginagoa, non bilbotarrak zoriontsuago biziko diren, lanpostu eta bizitza duinarekin”.

Oro har, hiriburuaren erdiguneari egiten diote “mesede” udal politikek. “Baina zer gertatzen da? Huts egiten diela. Azalduko dut zergatik: auzoetan beraien interes eta beharrak defenditzen dituzten eragile eta elkarteak daude, auzoen eta erdigunearen arteko desoreka etengabe ikusarazten dutenak. Baina bada beste aldagai bat ere: erdigunea ere esnatzen hasia da. Espazio publikoen gehiegizko okupazioak eta, kasu askotan, hiri espazioen pribatizazioak hainbat eta hainbat eragile esnarazi ditu, eta sortu dira elkarte berriak inoiz egon ez diren tokietan”.

Abando auzoaren inguruko auzokideak biltzen dituen Bilboko Herritarren Foroa eta Uribitarte auzoko hiritarrek sortutako Anaitasuna dira adibiderik argienak. Klase ertain eta goi mailako hiritarrak biltzen dituzten auzoetako elkarteak dira biak, baina, erdigunean egonagatik ere, bestelako hiri eredua nahi dute. “Batasunak indarra ematen du, eta, bakarrik aritu baino, badakigu elkarrekin jardunda gauza gehiago lor ditzakegula”.

Biharko mobilizazioa mugarria izango da. Baina begirada urrunago jarri du Muñozek. “Hau ez da egun bakarreko ekitaldia. Guk egunero egiten dugu lan, eta egiten dugun lana altruista da, gainera. Gure auzoak ezagutzen ditugu, ziur aski, edozein ordezkari politikok baino hobeto: badakigu bertako auzokideek zer-nolako beharrak dituzten eta behar sozialak non dauden”. Urtearen hasieran Otxarkoagan izan ziren hilketen kasua ekarri du gogora. “Auzo elkartekoek inork baino hobeto zekiten zergatik jazo zen orduko hura, eta halakoak saihesteko auzoan hartu beharreko neurriak zeintzuk diren. Otxarkoagan dagoen errealitatearen sintoma bat besterik ez zen izan orduan gertatu zena”.

Begi onez ikusi du udalak onartu berri duen segurtasun ituna, nahiz eta salatu duen itunetik kanpo utzi dituztela auzo elkarteak. “Ondo dago segurtasun itunarena. Baina, bizikidetza lortu nahi bada, bestelako neurriak hartu behar dira, arazo guztiei ezin zaielako aurre egin polizia gehiago jarrita”.

Ezberdinen sarea

Ez du egin biharko mobilizazioaren aurreikuspenik. “Esango nuke oso konformista dela gizartea, oro har. Bilbotarrak ahoberoak garela esaten da, eta uste dut, hein handi batean, jendeak sinistu duela Bizkaiko hiriburuko bizitza kalitatea ona dela, hiritar guztiak bizi direla ondo eta ezer gutxi egin daitekeela hiriaren bizitza kalitatea hobetu dadin”. Hedabideek ere iruditeriaren eraikuntza horretan nabarmen eragiten dutela iradoki du Muñozek, eta gaur egungo komunikabideen jarrera salatu du. “Guztiz menderatuta daude”.

Alarma bat izango da biharkoa. “Gauzak aldatzeko eta ezker soziala biltzeko saiakera bat izan daiteke”. Argi du dagokien tokian mantenduko direla beraiek. “Guk argi dugu auzo elkarteak garela. Ez ditugu alderdi politikoak ordezkatu nahi, baina gizartean dugun tokia aldarrikatu nahi dugu. Horretarako, argi dugu sektore eta eremuen arteko elkarlana eta parte hartzea ezinbestekoak direla. Guk inoiz ez dugu esan udalak ez direla beharrezkoak edo udalaren jarduna ordezkatu nahi dugula guk. Baina, esan dudan gisan, hiriburuko auzokideak gara, eta Bilbo eraikitzeari begira badugu zer esan eta zer egin”.

Gaur egun, 25 auzo elkarte daude federazioan. “Auzo elkarte asko sortzen da arazo konkretu baten lanketa egiteko, eta, behin arazoa konponduta, desagertu egiten da”. Hogeitik gora dira iraunkorki lanean ari direnak. “Bestelako hiriburu eredu baten alde aritzen gara lanean egunero, gure auzoetan egiten ditugun jarduera guztietan. Elkarlanean egiten dugu lan, eta oso argi dugu denok nork bere auzoan nahi ez duen egitasmo ala arazo bat ezin dela konpondu arazoa beste auzo batera eramanda”. Ezberdinen arteko sarea osatzen dute, eta guztiak kabitzen diren hiriburua eraiki nahi dute.