“Proiektua egiaztatu ondoren, gauzatzea gustatuko litzaiguke”

Ane Maruri Aransolo

Arrain kontserben isuriek itsas ekosisteman duten eragina murrizteko sortu da Life Vertalim proiektua. Monica Gutierrez koordinatzaile teknikoa da.

Zertan datza Life Vertalim proiektua?

Life Vertalim esaten zaion proiektua eremu berean dauden elikadura enpresa txikietako isurketek sortzen duten kutsadura arazoa konpontzean datza. Hau da, enpresa txikien isurketak hiri saneamendurako sistemaren barruan sartzea, eta itsas ekosisteman dituzten eraginak murriztea. Proiektuak balio duela frogatzeko lanetan ari gara.

Zergatik sortu zen Life Vertalim proiektua?

Ikusi genuen ezinezkoa zela enpresa handiek dituzten araztegi osoak inguruko enpresa txikietan ezartzea, kostua oso handia izango litzatekeelako. Beraz, ordezko aukera bat pentsatu genuen Aztin, kontserben sektorean egingarria zena. Hau da, erabaki genuen isurketak hiriko saneamendu sarean ezartzea. Baina bagenekienez ezinezkoa zela enpresetan araztegi osoa ezartzea, erabaki genuen enpresa bakoitzean isurketen tratamendu errazagoa bideratzen zuen araztegi txikiago bat ezartzea, konektore nagusira eramateko ur egokia sortuko zuena. Eta horretan gabiltza orain.

Zeintzuk dira proiektuaren helburuak?

Ura kudeatzen duten entitateentzako eta elikadura sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako kudeaketa tresna erabilgarria garatzea da helburua. Guk sortutako kudeaketa tresnak esandakoa egin dezakeela frogatu behar da; erakutsi behar dugu proposatutako irtenbidea integratutako aukera bat dela, eta teknika, lege eta ingurumen baldintzak errespetatzen dituela. Gainera, egiaztatu behar dugu kontserben industriak eragiten dituen kutsadurak murriztu ahal ditugula, eta horrek ez duela ingurumenean ondoriorik eragiten.

Proiektua bigarren fasean dago. Zenbat denboran egitea espero duzue?

2016ko uztailean hasi zen proiektua, eta 2019ko abenduan bukatuko da. Lea-Artibai eskualdean egiten ari den frogatze fasea abenduan bukatuko da, baina, baliozkoa dela frogatu ondoren, proiektuak bertan jarraituko du; izan ere, arrain kontserben isurketek itsas ekosisteman duten eraginarekin zerikusia duten alde guztiak batzea lortu dugu. Azpimarratuko nuke elkarlana dela proiektuaren arlo garrantzitsuenetarikoa.

Zer da orain arte Aztitik egin duzuena?

Igaro den urte eta erdian kontserba fabrikekin lan egiteaz arduratu gara, eta haien produkzioa eraginkorragoa bihurtzeko teknikak eman dizkiegu. Enpresa gehienek beren produktua asko babesten dutenez, ez dugu produktua bera moldatu nahi izan. Baina enpresek sortzen dituzten isurketak eta azpiproduktuak errentagarriagoak eta jasangarriagoak izateko aholkuak eman dizkiegu lehenengo fasean. Bestalde, Berriatuko enpresekin lan egiten ari gara, eta, bigarren fasean, haien isurketa propioak Ondarroako ur hondakinen hiri saneamenduko sarean integratzeko prozesua gauzatu dute. Araztegi txikiak jarri dituzte beren instalazioetan. Hala, enpresen isurketak Ondarroako ur hondakinen araztegira egokitzen dira.

Zergatik instalatu behar izan ditu enpresa bakoitzak araztegi indibidualak ?

Berriatuko enpresen isurketak bere horretan kutsatzaileak izan ez arren, gatz eta koipe askokoak dira. Gazitasun horrek araztegiko makinen funtzionamendu eskasa sor dezake, eta koipeak arazo bera sortzen du, baina fabrikako konektore guztietan eragiten du horrek. Enpresetan instalatutako araztegi txikiek koipea kanporatzen dute, eta gazitasuna murriztu.

Zer momentutan dago orain Life Vertalim proiektua?

Ur partzuergoa sentsore berezi batzuk jartzen aritu da kontserba enpresa eta bestelako konektoreetan. Sentsore horiei esker, posible da jakitea zenbatekoa den isurketen gazitasuna eta ur kantitatea. Bitartean, simulazio plataforma bat sortu dugu, isurketak urrunetik kontrolatzen dituena. Plataforma horien bitartez, isurketak noiz eta nola bidali behar diren jakingo dute enpresek, eta araztegiak bakoitzaren energia neurtzea ahalbidetuko du. Horrela, urte bukaeran, gomendio eraginkorrak emateko prest egongo gara, arazoak daudenean nola jokatu behar den azaltzeko.

Egiaztatze prozesua bukatu ostean, zein da Life Vertalim proiektuaren etorkizuna?

Ipiniko ditugun sentsore guztiak enpresetan eta araztegian geratuko dira, baita araztegi indibidualak ere. Proiektua egiaztatu ondoren, gauzatzea gustatuko litzaiguke. Proiektu hau beste eremu batzuetan ere erabilgarria dela ikusarazi nahi dugu; Mutrikun eta Bermeon, besteak beste. Europan ere, proiektua Siziliara (Italia) eramatea gustatuko litzaiguke. Busturialdeko Ur Partzuergoarekin kontaktuan gaude, baita Bermeoko Serrat enpresarekin ere. Markina-Xemeingo enpresek ere interesa agertu dute, baita Gipuzkoako Ur Partzuergoak ere.