Karnizeria

Nerea Ibarzabal

Teoriek eta diskurtsoek tarte bat behar dute poroetan barrena sartzeko. Bizitza oso bat batzuetan. Ez da aski larruazalean behin eta berriro zabaltzea, barrura sartzeko denbora bat eman ezean. Dena ulertu eta barneratu duzula uste duzunean ere, beti egon daiteke nabarmen utziko zaituen azken azal txatal biluzi bat, zure barruko azken zentimetro karratu bat: inertziena.

Inpultsua, bat-batekotasuna, erortzen ari zarenean zeri heltzen diozun lehendabizi. Hor ikusten da zenbateraino errotu zaizun zuk nahi zenukeen ideia hori, edo zenbateraino agintzen duten oraindik erro zaharrek. Inertziek balio dute konturatzeko, adibidez, zuk nahi baino matxistago, arrazistago, klasistago, zeurekoiago… izaten jarraitzen duzula. Batzuetan zu zeu ohartzen zara, ahotik zapo bat atera izan balitzaizu bezala, “nire barruan al zegoen hori?”. Beste batzuetan parekoek abisatzen dizute.

Ipar Euskal Herriko entzuleengana gerturatu behar izan dut nik, ikusteko euskaltzale, bizkaitar, kazetari eta beste hainbat euskal –ari-rekin identifikatzen naizen honen euskara zenbateraino duen konkistatuta gaztelaniak. Bertsotan genbiltzala, azken puntu bat “karnizeriren batean” esanez amaitu nuen. “Hau oso ondo moldatuko da / karnizeriren batean”. Publikoan denak umeak eta gaztetxoak ziren, eta mutiko batek beste bati ahapeka esan zion orduan, itzulpen lanetan: “Karnizeria euskaraz harategia da”.

Kar-ni-ze-ri-a, bost silaba; ha-ra-te-gi-a, beste bost. Ez dago bertso-aitzakiarik justifikaziorako balio didanik. Mutiko horren hitzak aski izan ziren ahotik ateratzen zitzaizkidan zapo espainol denak argi ikusteko bat-batean, madarikazio batean bezala: monitore, klaro, benga, nobedade… bata bestearen atzetik eta saihestu ezinda. Ikusezinak liratekeen zapoak, publikoko haurrak lekeitiarrak balira eta Durangon bageunde kantuan.

Metafora polita da harategiarena, ikusteko oraindik zenbat falta zaidan azaletik okelara iristeko. Kritikatzen dut gure hegozentrismoa, Bilbotik eta Donostiatik haratago ezer ez ikustea eta Errioxa hobeto ezagutzea Zuberoa baino, baina uste dut nik ere lotsa ederra pasako nukeela Iparraldeko herriak probintziaka sailkatu beharko banitu. Harategi, begirale, noski, goazen, berritasun idatziko dut beti testuetan, mutiko hark bezain ongi dakit hala esan behar dela euskaraz, baina nire herrian karnizerixan erosten da okela beti.

Elkartzen garen uneetan elkarri ulertzen ez dizkiogun hutsune horiek, zapo erdaldun horiek ikusten saiatuko bagina elkarrekin ez gaudenetan ere, agian neurtu ahalko genuke noraino heltzen diren konkistaren erroak. Mugak geroz eta lodiagoak diren garaian, hizkuntzak batuko gaitu, zerbaitek batzekotan.