Kanpomartxo, 25 urte Erandio euskalduntzen

Kanpomartxo, 25 urte Erandio euskalduntzen

Peru Azpillaga

Orain dela 25 urte sortu zen Berbots Erandion Euskaraz elkartea, euskara eta euskal kultura sustatzeko. Sortu eta berehala, haien jardunaren berri emateko, ekitaldiren bat antolatzea pentsatu zuten. Horretarako, galduta zegoen ohitura bat berreskuratu, eta festa egun bat antolatu zuten; halaxe jaio zen Kanpomartxo. Aurten, urteurrena ospatzeko, jaia asteburu osora zabaldu dute lehendabiziko aldiz.

Jende askok parte hartu du geroztik Berbots elkartean, eta baita Kanpomartxoren antolaketan ere. Hain zuzen, horietako bat da Josu Zarate. Bera sorreratik ibili da elkartean, eta harro azaldu da egindako ibilbide luzearekin: “Hasiera-hasieratik izan zuen egunak arrakasta; herriko eragileengana jo genuen, eta, bakoitzak berea emanez, jaiegun aparta osatu izan dugu beti”.

Ohitura zaharrean errotuta

“Gaztetan ibili ginen arakatzen ea Erandion zerbait antolatzeko ohiturarik zegoen, eta esan ziguten udaberri hasieran familiarekin landaren batera joateko ohitura zegoela, han bazkaltzeko; beste leku batzuetan egiten den txitxi-burruntziaren antzera”, azaldu du Zaratek. Beraz, euskara taldearen berri eman nahi zutenez, halako zerbait antolatzea erabaki zuten, Aste Santuaren aurreko domekan —Korrika dagoenean kointziditu egiten du, eta Aste Santuaren hurrengo domekan egiten dute—. “Ondoren esan ziguten jatorria berez inauterietako aurreko igandea zela, baina, jada birritan egina geneukanez jaia, ez zitzaigun ideia ona iruditu eguna aldatzea”, jarraitu du esplikatzen Zaratek.

Euskararen inguruko jaia antolatzea bururatu zitzaienetik, argi zuten haien helburua ahalik eta herriko pertsona eta talde gehien inplikatzea zela. Adibidez, mendi taldeen laguntza lortu zuten, eta talde bakoitza oinez joan zen bere auzotik festa ospatzen zen tokiraino. Ondoren beste hainbat ekintza ere egiten zirela adierazi du Zaratek: dantza taldeek emanaldia prestatzen zuten, bertsolariek kantuan egiten zuten, eta sokatira taldekoek jolasak edo sasi lehiaketa bat antolatzen zuten. “Gauza zen bakoitzak ahal zuena egitea eta menperatzen zuena besteekin konpartitzea”, laburbildu du. Gainera, taldekide batek, Gezurra Nagusi deituriko ETBko saioan aurkeztu, eta garai hartako 180.000 pezeta lortu zituen. Horrekin, lehenengo Kanpomartxoren gastuei aurre egin zieten. Helburua euskaldunak batzea eta euskararen aldeko jarrera sustatzea zen, eta, izandako bilakaera ikusita, lortu zutela dio Zaratek.

Gainera, Kanpomartxo lehen aldiz ospatu zutenean, konturatu ziren jende askok ez zuela tokia ezagutu ere egiten. “Ideia polita iruditu zitzaigun lekuz aldatzea urtero, baina egia da 25 urte hauetan, azkenean, errepikatu behar izan ditugula leku batzuk”. Jaiak bilakaera arrakastatsua izan du. Gaur egun, egitaraua asko aldatu da, eta beste mota batzuetako ekintzak ere antolatzen dituzte: dantza emanaldiak, kontzertuak, umeentzako antzerki zein jolasak eta trikitilariak, besteak beste. Alta, egunaren beraren antolaketa aldatzen joan den arren, Zarateren ustez, Kanpomartxok badu herriko beste jai batzuek ez duten bereizgarri bat: “Erandio auzoetan banatuta dago, oso urrun gaude bata bestearengandik, eta, Kanpomartxoren bidez, herri guztiarentzako den jai bakarra antolatzea lortu genuen”. Auzo guztietako jendea batzen dela dio, eta herrikoen artean elkar ezagutzeko balio duela: “Oso parte hartzailea da, eta jendeak beti erantzuten du”. Batzuetan jende kopuruarekin arazoak ere izan dituztela azaldu du, bildutako jendetza handia zela eta.

Ekitaldi berezia aurten

Kanpomartxo da Berbots elkartearen urteko mugarri nagusia; udaberriari ongietorria emateko jaieguna eta herriko euskaltzaleen bilgunea. Aurten, 25. urteurrena ospatzeko, asteburu osorako antolatu dituzte ekintzak. Gainera, Zaratek iragarri duenez, inoiz baino bereziagoa izango da. Joan den larunbatean, Marian de la Fuente Pampliega Berbots elkartearen sortzaileetariko bat hil zen; taldekideek elkartearen “arima, gatza eta piperra” gisa izendatzen dutena eta Kanpomartxo guztietan antolakuntza lanean izandakoa. “Lehendik ere edizio berezia bazen, orain, askoz bereziagoa izango da. Hasi baino lehen, goizeko hamarretan, omenaldia egingo diogu Akarlandan bertan. Eta inoiz baino presenteago izango da Kanpomartxon gure Marian”, nabarmendu du Zaratek.

Kanpomartxoz gain, beste ekintza ugari ere antolatzen ditu Berbots elkarteak urte osoan: Berbalaguna proiektua, bertso saioak, gazte txokoa… Eta gazteak ere batzen ari dira elkartera azkenaldian. Hori dela eta, gustura dago Zarate: “Oso pozik gaude; erreleboa badatorrela dirudi, eta hori beti da lasaigarria”.