Kalea agertoki bihurtuta

Kalea agertoki bihurtuta

Asier Arrate Iruskieta

Hiriak bere egingo du bihar landa ingurua. Break on Stage kultura urbanoaren jaialdi arrakastatsuak Bilbao Arena atzean utzi, eta Deriorako bidea hartuko du. Lekualdaketa ez da izango jaialdiaren hemeretzigarren edizioaren berritasun bakarra. Aurten, agertoki bakarreko formatua alde batera utzi, eta kultura urbanoko zenbait arlo landuko dituen lau guneko espazio bat osatu dute Derioko kiroldegian. Gainontzekoari dagokionez, jaialdiak betiko errezetari jarraituko dio, Europako hitzordu ezagunenetakoa bihurtu duen horri: aukera bat bertan eta nazioartean erreferente diren kaleko kulturaren artistak bertatik bertara ezagutzeko eta ikusteko.

Aurten, beraz, jaialdia ezagun egin duen dantza lehiaketari eutsiko diote, baina hainbat ekintza antolatuko dituzte kiroldegi inguruko lau instalazioetan. 16:00etatik aurrera, jaialdiko hainbat gunetan ikusi ahal izango dira breakdance saioak, scooter eta BMX erakustaldiak, parkour ikastaroak eta beste hamaika ekintza. Antolatzaileen berbetan, formatu berri hori izango da modua eskaintza zabaltzeko eta dantza, musika eta kirol urbanoekin lotura duten ekintza gehiago antolatzeko.

Jaialdiaren ardatz den dantza lehiaketari dagokionez, bertako eta kanpoko ehun artista inguru arituko dira jaialdian. Talde hauek arituko dira, izen handiko breakdance taldeen artean: Latinoamerikako hainbat herrialdetako kideek osatutako Union Latina taldea, Madrileko Flavor Kingz eta Iruñeko Team Rockers. Azken horiek hip-hopa eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizun bat eskainiko dute. Hiru talde horiez gain, Bilboko Feel the Soundek ere emanaldi bat eskainiko du lehiaketatik kanpo. Antolatzaileen esanetan, azken horiek erakutsiko dute “breakdanceak etorkizuna ziurtatuta duela” Euskal Herrian.

Breakdance lehiaketa

Bertoko artistek ere izango dute tokia. Izan ere, breakdance lehiaketa da jaialdiaren ardatzetako bat. Buruz buru zein taldeka, jaialdiko finalera sailkatu diren ume eta helduek beren koreografiak erakusteko parada izango dute. Taldekako lehiaketari dagokionez, hamabi talde lehiatuko dira: sei umeenak eta sei helduenak. Antolatzaileek aurtengo edizioan izandako parte hartzea nabarmendu dute. Aurten egin diren bi sailkapen jaialdietan, 80 taldek hartu dute parte; guztira, adin guztietako ia 1000 dantzarik.

Bertako taldeen presentziak jaialdian duen garrantzia azpimarratu du Ander Garaizabalek, Break on Stage jaialdiko antolatzaileak: “Jaialdiak nazioarteko artista ezagunak eta bertakoak biltzen ditu, baina biak pareko daude. Agertoki, material eta azpiegitura berdinak erabiliko dituzte”. Deriora joaten direnek, beraz, punta-puntako taldeez gozatzeko aukera izango dute, izan bertakoak zein atzerrikoak.

Muturreko kirolak ere leku berezia izango du jaialdian. Scooter eta BMX lehiaketak antolatu dituzte, horretarako bereziki prestatutako Urban gunean. Antolatzaileek adierazi dute erakustaldi ikusgarria izango dela, urtero legez. Arrapalak eta barandak baliatuz, parte hartzaileek parada izango dute erakusteko zein abilak diren bizikletan zein Scooter izeneko patinetean.

Lau gune, hamaika ekintza

Azken bost urteotan, Break on Stage Bilbao Arenan egin dute. Aurten, ordea, jaialdia Deriora eraman eta formatua goitik behera aldatzea erabaki dute. Agertoki bakarra jarri beharrean, lehiaketak eta ekitaldiak bilduko dituzten lau gune sortu dituzte: agertoki nagusia, dantzarako gunea, muturreko kirolentzako gunea eta parkour egiteko gunea. Garaizabalek azaldu du eredu aldaketaren bidez jaialdiaren barruko modalitate eta estilo urbano batzuk irudikatu nahi izan dituztela.

“Formatuak funtzionatzen zuen, baina geure burua berrasmatu behar genuen”, azaldu du Garaizabalek. “Horregatik erabaki genuen lekuz aldatzea”. Gaineratu duenez, egitura aldatzeak eskaini die “gauza berriak erakusteko eta jaialdiaren ibilbidearekin esperimentatzeko aukera”. Hala ere, antolatzaileak onartu du formatu berria “erronka” izan dela, produkzioari dagokionez. “Erosotasunetik atera gara, baina aukera bakarra zen jendeak zer nahi duen jakiteko”.

Ondo finkatutako jaialdia

Break on Stage jaialdiaren XIX. edizioa izango da aurtengoa. Garaizabalen hitzetan, jaialdiaren helburua kultura urbanoa zabaltzea eta duen balio kulturala aitortzea izan da beti. Horretarako, jaialdiko antolatzaileek duela 19 urte “erabat berritzailea” zen eredu baten alde egin zuten: kultura urbanoa taularatzea. Eta erabaki horrek jaialdia indartu zuen Garaizabalen esanetan. “Egun, Break on Stage jaialdi sendoa da, eta publiko finkoa du”, adierazi du antolatzaileak.

Eta dagoeneko bada aurtengo edizioaren arrakastaren adierazle bat: sarrera guztiak agortu dira. Hortaz, datorren urtera arte itxaron beharko du kultura urbanoaren erakusle bihurtu den jaialdi honetaz gozatu nahi duenak, ez badu aurrez sarrerarik erosi.