“Breakdancea hasi da jasotzen merezi duen aitortza”

“Breakdancea hasi da jasotzen merezi duen aitortza”

Asier Arrate Iruskieta

Bilboko The Jungle da Derion arituko den taldeetako bat. Iaz sortu zuten taldea, baina dagoeneko arrakasta handia lortu du Euskal Herrian. Lohitzune Rodriguez taldekidearen esanetan (Bilbo, 1997), arrakastak ez du aldatu taldearen izaera, eta oraindik ere “ondo pasatzea” dute helburu.

1.000 dantzarik baino gehiagok hartu duzue parte Break on Stageko sailkatze txapelketan. Dantza urbanoa indartsu dago?

Zorionez, poliki-poliki indarra hartuz doa. Interesa zabalduz dabil, eta horrez gain, dantzari euskaldunok gehiago bidaiatzen dugu. Dantzarien formakuntza zabaltzea dakar horrek, eta lehiaketetan maila handiagoa egotea.

Beti ez zen horrela izango.

Orain gutxi arte oso atzetik ibili gara. Euskal Herriarekin alderatuta, kultura urbanoak oso presentzia handia du Bartzelona, Madril eta halako hirietan. Lehen aipatu dudan bezala, hori aldatzen ari da. Break on Stage jaialdia da horren erakusle.

Zenbat aldatu da kultura urbanoa Euskal Herrian?

Gaur egun lehiaketa gehiago daude, dantzari kopurua bikoiztu egin da eta publikoa ere handitu egin da. Horri esker, kultura urbanoa eta breakdancea merezi duten aitorpena jasotzen hasi dira.

Zerk ekarri du azken urteotako gorakada?

Musika eta dantza urbanoen zabaltzeak eta komertzializazioak. Azken finean, dantza edo musika estilo bat zenbat eta komertzialagoa izan, orduan eta gehiagoren interesekoa izango da. Hala ere, tentuz ibili behar dugu. Ezin dugu dantza urbanoa negozio bilakatu.

Negozio bilakatzeak breakdancearen izaera galtzea ekar dezake?

Breakdancea modan dago orain, eta hori funtsean ona da, baina neurrian betiere. Breakdancean hasten zarenean, buruarekin jokatu behar duzu, eta gauzak diren bezala ikasi. Horretarako, baina, denbora asko behar da entrenatzeko. Lehiaketetan, esaterako, oso denbora gutxi daramaten gazte asko ibiltzen dira, eta horrek ez dio laguntzen breakdanceari. Modatik harago, dantza urbanoa bultzatu eta indartu egin behar da, bestela ez dugu inoiz lortuko maila altua.

Oraindik ere handia izango da brekadancearen inguruko ezjakintasuna…

Ezjakintasun handia dago. Jendeak AEBetako kultura urbanoarekin lotzen du sarritan, eta ez du islatzen bertako breakdancearen izaera. Hala ere, ezjakintasuna egon badago ere, dantza mota horren inguruko interesa handituz doa.

Erraza da dantza urbanoaren munduan murgiltzea?

Bai; esan bezala, egun eskola piloa daude, eta kalean ere dantzatzeko eta biltzeko gero eta toki gehiago daude. Breakdancea zabaltzen ari da, baina, zoritxarrez, ez da futbola, eta dantzariek oraindik ez dute behar beste erraztasun.

Eskola gehienak AEBetakoak izango ziren hasieran. Bertako eskolarik hasi da sortzen?

Gaur egun, Euskal Herrian orokorrean eta Bilbon zehazki, akademia eta talde piloa daude. Gainera, akademiek atzerriko dantzariak ekartzen dituzte ikasleekin lan egiteko, eta dantzarien eta eskolen mailak gora egin du horri esker.

Dantza urbanoaren maila ez da txarra, beraz.

Ona da, baina, oraindik badu zer hobetu.

Zer falta da breakdancearen etorkizuna sendotzeko?

Interesa piztea eta zabaltzea. Zenbat eta pertsona gehiagok izan interesa, orduan eta eskola, ekitaldi eta jaialdi gehiago egongo dira.