Ardurak etxean hasten direlako

Ardurak etxean hasten direlako

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bai, gurea ere bada erantzukizuna”. Javi Secok argi du. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da Seco, eta ezinegona sentitzen du azken urteetako egoera dela eta: telebistaren bidez ezagutzen diren irudi gogorrengatik, eta krudeltasun horiei erreparatzeko lasaitasun orokortuagatik. Iruditzen zaio milaka pertsonaren heriotzak dakartzaten gerrei urrunegitik begiratzen zaiela; pelikula bat balitz bezala, edo hemengo gizartearekin “zerikusirik” ez balu bezala. Baina ohartarazpena egin du: “Gurea ere bada erantzukizuna”. Azken hiletako hausnarketek ondorio hori utzi diote Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari, eta bide horretan ekitea erabaki du, helburu argi batekin: herritarren inplikazioa lortzea. Hiru eguneko karabana antolatu du horregatik hilaren 28tik 30erako; Euskal Herrian egingo da, lehen aldiz, hemengo egoeraz konturatzeko: “Gerra hemen ere hasten da”, eta horren ondorio diren errefuxiatuei Bizkaian bertan ere ixten zaizkie ateak, hemen bertan ere jazartzen zaie.

Praktikoa izango da martxa. Geldiuneak ez dira ausaz aukeratu, eta horietako bakoitza plataformaren hausnarketaren adibide argigarria izango da.

Bizkaira, esaterako, hurrengo asteko astelehenean sartuko da karabana, hilaren 30ean. Mugak gainditzen leloarekin iritsiko da Bilbora, eta manifestazioa egingo du Plaza Biribilean hasi eta atzerritarren bulegoraino. Hileta martxa izena eman diote mobilizazio “berezi” horri, zendutako migratzaile bat oroitzeko baliatuko baitute protesta. “Bidean hainbat gauza salatuko dira”, azaldu du Secok: “Hor daude armak ordaintzen dituzten bankuak, eta hor daude Inditexeko hainbat denda; oso merke saltzen dute arropa, baina badakigu zein baldintzatan ekoizten den arropa hori hirugarren mundua esaten zaion horretan”.

Foru aldundiaren egoitza ere badago Kale Nagusi berean, eta adingabeen kudeaketa eredua salatuko dute eraikinaren aurrean. Gobernu zibilaren aurrean, Espainiako Gobernuak migratzaileekiko duen politika bortitza salatuko dute. Eta, atzerritarrentzako bulegoaren aurrean, atzerritarrentzako legea; “zer-nolako oztopoak jartzen zaizkion migratzaile kolektiboari”.

“Lotsaren harresia”

Bizkaiko portuetara egingo du jauzi martxak arratsaldean. “Bizkaiko portuetako bi errealitate” azalarazteko, Zierbena eta Santurtzi lotuko dituzte “giza eta besarkada katea” eginda, “lotsaren harresia eta armen trafikoa” salatzeko. Herritar gehienek telebistan ikusiak izango dituzte gerratik ihesi doazenei bidea ixteko eraikitako harresiak. Bizkaian ere badago halakorik: Zierbenan, migratzaileak Bizkaira sar ez daitezen. “Lotsaren harresia” esaten dio Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. “Pertsonen eta giza eskubideen kontrako harresia da, baina ez dirudunentzako merkantziak edo armak garraiatzeko oztopoa”, hausnartu du Secok. Eta, noraezean, zain egoten dira dozenaka errefuxiatu Zierbenan, euren helmugara iristeko itsasontziren batean sartzeko aukera amesten.

Bai, errefuxiatuen kanpalekurik ere bada Bizkaian. Migratzaileek etengabe sortu, eta poliziek desegin dituzte Zierbenan. Martxoa hastearekin batera suntsitu zituzten, azkenekoz, errefuxiatuen telazko dendak. Albaniar jatorriko pertsonak dira kanpaleku horietan batzen diren gehienak, eta 200 ere pilatu izan dira garai batzuetan. Ezkutuan iritsi, Zierbenako hesia gainditu, eta gordeka ibiltzen dira poliziek pasaportea kendu ez diezaien edota atxikitze zentroetara eraman ez ditzaten. Kamioi edo ibilgailuren batean ezkutatuta Portsmouthera doan ferryan sartzea da haien helburua; egun eta erdiko bidaia ibilgailuan ezkutatuta egin, eta bizimodu berri bat hastea. Lana aurkitu eta normal-normal biziko diren lekuren batera heltzea da euren ametsa.

Zierbenatik lau kilometrora dago Santurtzi. Saudi Arabiara tonaka arma bidali dira bertatik. Armagintzari lotutako gaietan nagusi den isiltasuna dela-eta datu zehatzik ezagutzen ez den arren, lehergailuak identifikatzeko zigilua zuten 312 edukiontzi gutxienez garraiatu ziren Bilboko Portutik Saudi Arabiara, 2016ko urritik iazko uztailera bitartean. Horiek ikusi eta zenbatu dituzte portuan.

Gerra hemen hasten da leloarekin, hainbat protesta egin ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak portuan, beste hainbat eragilerekin. Izan da armak garraiatzen dituzten itsasontziak seinalatu eta geldiarazten saiatu denik. Eta ekintza horiek eman dute fruitua, nolabait. Azkenaldian arma horiek ez dira Bilboko Portutik irteten. Ez dira oso urrutira joan, hala ere; Santurtzitik abiatu ordez, Santandertik (Kantabria, Espainia) ateratzen dira, orain, gerretara bideratutako arma horiek. “Armak Bizkaitik ez ateratzea lortu zen, baina, oraingoz, ez da lortu bidalketak etetea”, dio Secok sentsazio gazi-gozoarekin.

Armagintza

Eta garraiatu soilik ez. Egin ere egiten dira armak Euskal Herrian. Martxaren lehen egunean salatuko dute hori, Andoainen (Gipuzkoa), Sapa enpresaren aurrean. “Euskal Herriko leku askotan aritzen dira armagintzan, enpresa askotan”, azaldu du Secok; Sapa enpresaren kasuan, %100ean. Produkzio guztia du armagintzara bideratua.

Baina Euskal Herrian dozenaka enpresak lan egiten dute armagintzarako; osotasunean euren lana armak egitera bideratzen duten enpresak dira batzuk, eta produkzio zibila ere egiten dutenak besteak; produkzioaren zati bat soilik bideratzen dutenak armagintzara, eta, gehienetan, arlo hori oharkabean igarotzen dena herritarrentzat. Baina deigarriak dira datuak: Bizkaian, 33 enpresa daude armagintza jarduerari lotuta.

Bardea ere (Nafarroa) izango da armen eta gerraren aurkako protesten jomuga. Bardeako Batzordeak Nafarroako basamortua tiro eremu gisa mantentzeko akordioa berritu nahi du Espainiako armadarekin, eta hori salatuko dute Tuteran, igandean, Bardeako Batzordearen egoitzaren aurrean.

Aurrez, errefuxiatuek jasaten dituzten hainbat egoera gaitzetsiko dituzte karabanako parte hartzaileek. Hasi, adibidez, Hendaian (Lapurdi) hasiko da martxa. Iaz, Melillara (Espainia) egin zuten martxan, errefuxiatuen egoera eta haien bat-bateko itzulketak salatu zituzten. Baina Euskal Herrian ere gertatzen da hori. Hendaia eta Irun arteko mugan, azken bost urteetan, 7.500 pertsona atxiki eta berehala euren jaioterrira inolako bermerik gabe itzuli dituztela ohartarazi du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak. Hain zuzen, giza katea egingo dute Hendaiatik Irunera, Lapurdi eta Gipuzkoa batzen dituen Santiago zubitik igarota. Aurrez, Hendaian, zabaldu berri duten Atzerritarrentzako Zentro Itxiaren aurrean egingo dute protesta, halakoetan sartzen dituzten errefuxiatuen egoera salatzeko. 30 migranterentzako lekua duen zentro hori hil hasieran zabaldu zuten berriz.

Lehen egun horretako arratsaldean, Elhadji Ndiayearen omenezko ekitaldia egingo dute Iruñean. Jatorriz senegaldarra zen herritar hori Iruñeko komisarian hil zen, 2016an, atxilotze bortitz baten ostean, Poliziaren zaintzapean zegoela. “Atzerritarren legea salatuko dugu, sarekada arrazistak…”. Duela aste batzuk Madrilgo Lavapies auzoan gertatutakoa ekarri du gogora Secok; “Lavapiesen gertatu bezala, Iruñean, duela bi urte, Senegalgo jatorriko pertsona bat hil zen atxiloketa bortitz baten ostean”. Eta are gehiago esan du plataformako kideak: “Bilbon ere, adibidez, etengabeak dira arrazakerian oinarritutako halako sarekadak”.

Gasteizen, gizarte plural eta integratuari buruz hausnartuko dute parte hartzaileek igande arratsaldean, eta astelehen goizean protesta egingo dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, euskal instituzioei egoera iraultzeko neurriak har ditzatela eskatzeko.

Baina, horiei presio egiteko herritarren mobilizazioa ezinbestekoa izango dela sinetsita, autobusean egingo den karabanan parte hartzeko edo bestela herriz herri egingo diren mobilizazioetara joateko eskatu du Secok. “Oso garrantzitsua da”. Izena emateko edo informazio osagarria eskuratzeko, Mugak Zabalduz elkartearen webgunea egokitu dute.

Egitaraua
Bihar zortzi abiatuko da autobusean egingo den karabana. Martxa osoa egingo ez dutenei, lekuan lekuko ekintzetan parte hartzeko deia egin die Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek.

Apirilak 28, larunbata

Hendaia-Irun
10:15. Hendaian batuko dira martxistak.
11:00. Elkarretaratzea Hendaiako Atzerritarrentzako Zentro Itxiaren aurrean, eta giza katea Irunera, Santiago zubitik igarota.
12:00. Prentsaurrekoa egin, eta ofizialki hasiko da Euskal Herriko karabana.

Andoain
13:00. Elkarretaratzea armak egiten dituen Sapa enpresaren aurrean.
13:30. Herri erdigunera martxa, manifestazioan.

Iruñea
19:00. Elkarretaratzea Ndiaye mutil senegaldarraren omenez. 2016an hil zen, Iruñeko komisarian. Ostean, kalejiran Alde Zaharrera.

Apirilak 29, Igandea

Tutera
12:30. Manifestazioa Bardeako Juntaren egoitzatik udaletxeraino. Bazkaria gero, Siriako errefuxiatuen talde batek prestatuta.

Gasteiz
18:30. Ongietorria.
19:30. Hitzaldia euskal eskola inklusiboari buruz eta gizarte integrazioari buruz.
20:30. Mursegoren kontzertu didaktikoa gaztetxean, Siriako talde batek prestatutako afaria, eta afrobeat kontzertua.

Apirilak 30, astelehena

Gasteiz
10:00. Elkarretaratzea Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Bilbo
12:30. Hileta martxa migratzaileen oroimenez, Plaza Biribiletik hasi eta atzerritarren bulegoraino, Gobernu Zibiletik igarota.

Zierbena eta Santurtzi
17:30. Giza eta besarkada katea, Bizkaiko portuetako bi
errealitateak lotzeko: Zierbenako harresia eta Santurtziko armak. 19:30ak aldera amaituko da karabana.

Bilbo
21:30. Amaierako festa San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan. Kontzertua.