“Patakon eta Tretatxu, biak bihurtu ziren baserritarren heroi”

“Patakon eta Tretatxu, biak bihurtu ziren baserritarren heroi”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bidelapurren istorioek beti erakarri dute Hektor Ortega kazetari eta historialaria (Bilbo, 1966), eta Xabier Amurizak Bizkaiko kopla eta bertso zaharrei buruz egindako liburu batek erabat esnatu zion harra. Tretatxu bidelapurra aipatzen zuen kopla batzuetan, hari gorazarre eginez: “lapurren gobernadore” esaten zion. Astia zuenean Tretatxu hura benetan existitu zen ikertu behar zuela pentsatu, eta hala egin du urte asko geroago, kontu kontari aritu zitzaion gizon batek hari buruzko aipamena egin eta gero. Kaleratu berri du urteetako lanaren emaitza: Tretatxu lapurren gobernadorea. XVIII. mendeko bandolero, gaizkile eta heroia liburua. Gehiago ere izango direla eta, gaiaz gehiago ikertzea nahi luke.

Nor zen Tretatxu?

XVIII. mendeko baserritar bat zen, Larrauriko baserritarra. Bere bizitzako une batean baserria eta familia alde batera utzi, eta bidelapur bilakatu zen. Horrek egiten du interesgarri guretzat, eta horregatik hartu dut bere bizitza berreraikitzeko lana.

Lapur, bidelapur bihurtu zen, baina zergatik da berezia?

Historialarientzat berezia da, hasteko eta bat, bere garaian bidelapur karrera egin zuenean oso ospetsu bilakatu zelako.

Zergatik?

Bere lapurretak ez ziren beste munduko ezer izan; beste lapur batzuek handiagoak egin zituzten. Baina sona handia lortu zuen. Orozkoko gertaera batek ospea eman zion: bertako alkateak segada bat prestatu zuen haren kontra, eta segadatik trabukazoka atera zen. Horrek ausart fama eman zion. Badakigu Bizkai osoan ezagutzen zutela, baina baita ere Arabako Aramaio aldean, Gipuzkoako herri askotan, eta pentsatzen dugu Nafarroan ere ezaguna zela… Dokumentazio asko gorde da bidelapur honen gainean, eta hori ez da oso normala. Dokumentazio aberats horri esker, bere bizitza nahiko modu zehatzean berreraikitzeko moduan izan gara. Bestetik, bere gomuta, bere oroitzapena ahozko tradizioaren bidez heldu da XXI. mendera, eta hori ere ez da oso ohikoa; ia 300 urte pasatu dira jaio zenetik, eta oraindik bere izena hor dabil ahozko tradizioan. Eta laugarren ezaugarri berezia da baserritar etxejabea zela. Oso gutxi izan dira Euskal Herriko historian, baserriaren jabe izanda, baserria eta familia utzi eta bidelapurretara joan ziren nekazariak; zeozer larria gertatu behar zen.

Eta jakina da zer?

Bai. Batetik, testuinguru sozioekonomikoa dago. XVIII. mendea hazkunde beteko mendea izan zen, baina etekinak gutxi batzuentzat baino ez ziren izan, eta gizarteko sektore zabalak onura horietatik kanpo geratu ziren. Bereziki baserritarren artean, asko izan ziren kaltetuta atera zirenak; Mungialdean, asko. Baserria ere galdu zuten askok. Tretatxu izan zen bere burua kaltetuta ikusi zuenetako bat. Bestetik, bertako jauntxoekin talka gogorrak zituen, eta jauntxo horiek jazarri egin zitzaizkion. Eta nortasun handiko pertsona zen, borrokarako prest egoten zena, eta ez zegoena prest bere bizitza emateko modu errukarri batean doi-doi bizitzeko.

Gaizkile eta heroia, dio liburuaren azpitituluak.

Bai. Gaizkilea, agintarien begietara; gaizkilea korrejidorearentzat, eskribau eta aguazilentzat, eta Mungialdeko jauntxoentzat. Heroia, ostera, baserritarrentzat; Larrauri, Meñaka inguruko baserritarrentzat. Bandolerismoa ikertzean badago, mundu mailan, kontzeptu bat: bandolerismo sozialarena. Kontzeptu horrek esaten duena da mundu osoan daudela baserritarrek mitifikatu dituzten bandolero jakin batzuk. Orain arte Euskal Herrian lapur mitifikatu bakarra ezagutu dugu, Manuel Antonio Madariaga Patakon, eta nik liburu honetan defendatzen dudana da Patakon ez zela bakarra izan, gehiago izan zirela, eta horietako bat Tretatxu izan zela.

Zein antzekotasun ditu Patakonekin?

Patakon eta Tretatxu, biak bihurtu ziren baserritarren heroi; biak mitifikatu dituzte baserritarrek. Gertatzen dena da Patakon berriagoa dela, XIX. mendekoa, eta haren historia gehiago zabaldu dela. Tretatxu ere Mungialdeko baserritarren heroia bihurtu zen baserritarrek hala nahi izan zutelako. Hori erakusten dute ahozko tradizioaren bidez heldu zaizkigun kopla batzuek. Kopla horietan esaten da “Bizkaiko lapur danen gobernadorea”, eta hortik dator liburuaren titulua. Inportantea da guretzat; ez soilik Robin Hood modukoekiko erromantizismoagatik, baizik ikusten delako gatazka bat egon zela. Aurkakotasun handia agertzen zaigu, zeren, pentsa: agintariek, korrejidoreak eta bertako jauntxoek gaiztoetan gaiztoena zela esaten zuten, baserritarrek euren heroi bihurtu zuten, eta haren aldeko kopla batzuk 250 urtez kantatu dira. Horrek erakusten digu Tretatxuk utzi zuen aztarnaren sakona, eta erakusten digu norainoko aldea zegoen agintarien justizia kontzeptuaren eta baserritarren kontzeptuaren artean. Baserritarrek euren kontzeptua zuten: Tretatxu ez zen gaiztoetan gaiztoena; Tretatxu heroia zen. Hor ikusten dugu klase arteko gatazka bat baserritarren eta agintari eta jauntxoen artean.

Larrauritik atera, eta Baiona, Iruñea, Bilbo, Gipuzkoako mendialdea… Leku askotatik igaro zen ihesean.

Asko mugitu zen; alde batetik, lapurretak egiteko, batez ere Bizkaia eta Araba arteko mendate batzuetan: Altube, Urkiola… Baita Araba eta Gipuzkoa artean ere. Ihesean ibili behar izan zuelako ere mugitu zen asko, eta baita kontrabandoan ibili zelako ere. Horregatik aurkituko dugu Baionan, aurkituko dugu Iruñean, Gipuzkoan barrena bentarik benta bizitzen, Bizkaian barrena zer esanik ez… Euskal Herriko bazter asko ezagutu zituen, eta denak oinez.

XVIII. mendeko Euskal Herri hura ere ezagut daiteke Tretatxuren ibilbideen bidez liburuan?

Bai, zeren, alde batetik, testuinguruan jarri behar da, batez ere, arlo sozioekonomikoan, azaltzeko zein mundu zen Tretatxurena. Eta, bestetik, Tretatxuren historiari segika ezagutuko dugu zelan funtzionatzen zuten garai hartako justiziak, foruetako agintariek, eta eskualde eta herri mailako agintariek. Ezagutuko dugu herritarrek zelan erantzuten zuten, garraioak zelan funtzionatzen zuen… Uste dut garai hartako gizartearen arlo asko islatuta geratu direla.