Musua

Igor Elordui Etxebarria

Musuz bete zaizkit Facebook, Twitter, WhatsApp… Arrazoia? Nonbait, Musuaren Nazioarteko Eguna da gaur. Bai, bai, hala da; ez dut asmatu. Ez da nazioarteko egun ofizial bat, Nazio Batuen Erakundeak ematen dituen horietako bat esan gura dut; baina izan, bada.

Kuriositateak eraginda, Internetera jo dut, zer dela-eta den apirilaren 13a Musuaren Eguna jakitearren. Horrela jakin dut 2011n, gaurko egunez, Thailandiako bikote batek hautsi zuela, txapelketa batean, historiako musurik luzeenaren errekorra. Antza, 46 ordu jarraian egon ziren elkarri musu ematen, bata besteari ezpainak itsatsita; ez jan, ez edan, ez lo… Ez zituzten ezpainak askatu ezta komunera joateko ere. Sari potolo samarra eskuratu zuten, hori bai. Eta harrezkero da gaurko eguna Musuaren Nazioarteko Eguna.

Gauza ederra da musua benetakoa, sentitua, denean. Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du musua: “Adiskidetasuna, maitasuna edo begirunea erakusteko, norbait edo zerbait ezpainez ukitzea”. Ederra da musua, ederrak direlako maitasuna, adiskidetasuna eta begirunea. Eta ederra da, definizioan agertu ez arren, ederra delako plazera ematea zein hartzea.

Ai, zer plazera den, zenbaitetan, musukatzea! Musua ederra dela esan dut. Alabaina, ederra izateaz gain, osasuntsua ere bada. Esaten dutenez, musuak estresari zein depresioari aurre egiteko onak dira; endorfinak askatzen dituzte eta kolesterola gutxitzen laguntzen dute.

Musu guztiak ez dira berdinak, ordea. Musu-motaren, mementoaren edota musu-emaile zein musu-hartzailearen arabera, izan daitezke musuak hotzak ala beroak, hezeak ala lehorrak, lizunak ala kastoak, lotsatiak ala ausartak… Eta musu mota asko dago gure kulturan: apasionatuak, gabon esateko musuak, egun on esatekoak, aurkezpen-musuak, agurtzeko musuak eta abar, eta abar. Zenbat musu ematen dugun bizitzan zehar. Eta, aldi berean, zenbat geratzen diren eman barik. Zenbat eman ditugun alferrik, debalde (musu-truk, esan beharko genuke), eta, ostera, nola akordatzen garen eman behar izan genuen (eta eman ez genuen) hartaz.

Ikasi, eta irakatsi, beharko genuke konbentzioz ematen ditugun musuei garratzi gutxiago ematen, eta bene-benetan barrutik ateratzen direnak ez ostentzen.

Alabari zor diot, hiruzpalau urteko haur koxkorra zela, inoiz ahaztuko ez dudan lezioa. Bolada batean (bolada luzea, inondik ere), alabak uko egiten zion inori musu emateari; ez bazen amari eta ume txiki-txikiei, kasik jaioberriei. Ezta niri, aitari, ere. Horrenbesteren aurrean desenkusatu behar izaten genuen, aldiro-aldiro: halakoa da bera, ez da zugatik, ez dio inori musurik ematen…

Konturatu ginenera arte ez zela ez zitzaizkiolako musuak gustatzen, baizik eta kontrara, berarentzat musuak zirela (eta direla) egiazko maitasun-keinuak, ez edonori, ez edozelan, ematekoak. Behin hori ulertuta, eskatzeari utzi nion eta, halako batean, hasi zen niri ere musu ematen. Bejondeizula, alabatxo. Pa!