Etxebarritik Erandiorainoko pasealeku bat iragarri dute oinezkoentzat

Etxebarritik Erandiorainoko pasealeku bat iragarri dute oinezkoentzat

Peru Azpillaga

Nekez topa liteke Bilboko metamorfosiaren ezaugarrien artean itsasadarra baino adierazgarriagorik: Bilbo industrialaren muina bilakatu zen ibaia, eta, hiria aldatu bada ere, Bilbo berriaren ardatza da oraindik ere gaur egun. Areatza, Uribitarte, Campo Volantin… pixkanaka hasi zen Bilboko Udala itsasadarraren bidez hiria eraldatzen, eta, orain, hirigintza antolaketarako plan orokorrean onartutako egitasmoaren bidez, eraldaketa hori burutu nahi du, Etxebarritik Erandioraino bederatzi kilometroko etenik gabeko oinezkoentzako ibilbidea osatuz.

Aspaldi amatatu ziren azken fabriken tximiniak, eta, kea desagertu zenetik, Bilbo garaikidearen mugarri nagusien lekuko bihurtu da itsasadarra. Bertan altxatu dira Guggenheim museoa, Zubizuri, eta Isozaki eta Iberdrola dorreak, baita palmondoak eta farol modernoak ere. Eta bertatik igarotzen da egun herritar eta turista andana, garai bateko langileen lorratzak estaltzen dituzten baldosen gainetik.

Horregatik, hiriaren eraldaketan aurrera jarraitzeko apustua berretsi du udalak, eta Bilbo berriaren fotograma guztien atzean ageri den pasealekua luzatzeko asmoa azaldu du, inongo etenik gabe Bilboko muga batetik besteraino oinez ibili ahal izateko.

Hainbat korapilo askatzeko

Bederatzi kilometroko pasealekua osatzeko, bi motatako lanak aurreikusten ditu proiektuak. Alde batetik, ibilbidea eteten den lekuetan moldatu beharreko zatiak; eta, bestetik, oraindik eraiki edo eraberritu ez diren ibaiertz zatiak, oro har Zorrotzaurreko proiektuarekin batera eraikiko direnak.

Guztira, itsasadarraren ondoko lau gunetan egingo dira lanak, eta horiei esker etenik gabeko pasealekua osatzea aurreikusten dute. Lan gehienak eskuinaldeko isurialdean egingo dituzte, baina ezkerraldean oraindik badira hobetu beharreko tarteak. Lehen gunea San Antonetik gora doan tartea da. Bertatik, Boluetaraino luzatu nahi da ibilbidea, han egiten ari den urbanizazio prozesuarekin bat egiteko. Itsasadarraren eskuinaldean, itsasadarraren ondoko paseoa etenda geratzen da Atxuri parean, Euskotrenen Bilbo-Donostia lineak eta tranbiaren helmugak baldintzatuta. Baina gune hori libratzeak aukera emango du erribera hiritarrentzat berreskuratzeko.

Bigarrena, Naxako espaziotik Mesedeetako zubiraino doan tartea da. Erripako nasan egindako moldaketarekin bat egingo du tarte berriak, eta egun dagoen etena konpondu egingo du. Alta, zati horretan hainbat lokal pribatu daude, eta udalak akordio bat egin beharko du bizilagunekin.

Zorrotzaurreko proiektuarekin lotutako tartea ere aipatzen da HAPO Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorrean; hain zuzen ere, kanal berriak sortutako ibaiertzaren moldaketa. Horrekin batera, itsasadarraren eskuinaldean, Botika Zaharretik Erandioko mugaraino eta Elorrietako bihurguneraino luzatuko da pasealekua.

Elorrieta industriala ere Zorrotzaurreko eredu moderno horren jarraipen gisa eraldatuko du Bilboko Udalak, eremua San Ignazioren luzapen gisa landuz. Itsasadarraren ertzeko pasealekua leheneratzeko, auto zirkulazioa mendialde ingurura eramatea aurreikusten du.

Azkenik, ezkerraldeko isurialdean ere lanak egitea aurreikusten dute. Pasealekua isurialde horretan egun ia eraikita dagoen arren, Zorrotzako Puntako zatia osatzea falta da, Barakaldoko mugaraino heldu ahal izateko. Horrela, etenik gabeko pasealekua izango du Bilbok bi aldeetan. Ibaiertzaren inguruan eraiki da horrenbesteko ospea lortu duen Bilbo garaikidea, eta badirudi bertan eraikiko dela etorkizuneko Bilbo ere.

Pasealekua baino gehiago

Dena den, udalak adierazi duenaren arabera, ibaiertza ez da izango pasealeku bat soilik. Bilboko Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorrean beste hainbat egitasmo ageri dira. Itsasadarrari lotuta, besteak beste, Zorrotzaurren 400.000 metro koadro gordeko dira enpresek beren egoitzak bertan zabal ditzaten.