Tunelak zabaltzeko prest daude

Tunelak zabaltzeko prest daude

Natalia Salazar Orbe

Kostatu da, baina bukatu dituzte lanak: Autzaganeko tunelak zabaltzeko prest daude. Aurreikusi baino beranduago zabalduko dituzte; hasieran aurreikusi baino hiru urte geroago, hain zuzen. Lanak abiatuta aurkitutako zailtasunei aurre egin ostean, 2018ko martxorako iragarri zuten irekiera. Epe hori ere ez da bete, baina dena dago prest Muxika eta Zornotza lur azpitik lotu dituen errepidea estreinatzeko.

Zornotza aldetik Busturialdera arteko joan-etorria egunero egiten duten gidariek denbora luzez eskatu dute azpiegitura hori. 15.000 ibilgailu inguruk igo eta jaisten dute Autzaganeko mendatea egunero. Azpiegitura berria zabaltzen dutenean, ez da izango istripu ugariren lekuko izan den bihurgune handiko errepide hori erabiltzeko beharrik.

Urdinbideko tuneletan sartzeko argi berdea jaso bezain pronto, errazagoa izango da Zornotzako Biribieta auzoaren eta Muxikako Gorozika auzoaren arteko bidea egitea. Zazpiehun metro inguruko luzera dute batera eta bestera begira dauden tunelek. Ibilbide osoa artez egiterik ez da izango: proiektuak ez ditu desagerrarazi biribilgune guztiak. Hala ere, peraltea hobetzeko lanak egin dituzte.

Mendatean gora doan errepidetik bistan da lan guztiak bukatuta daudela. Tunel barruak argiztatuta daude; baita abiadura muga ezartzen duten seinaleak ere. Norabide bateko eta besteko errepideko markak margotuta daude, eta bestelako seinaleak ere euren lekuetan jarri dituzte beharginek. Oraingoz sarbidea ixten duten elementuak kentzea besterik ez da falta tuneletarako bidea hartzeko.

Atzerapenez jositako bidea

Buruhaustez, arazoz eta kritikaz jositako proiektua izan da Autzaganekoa. Aspaldiko eskaera zen 620 metroko garaiera duen mendate horretako bidearentzako alternatiba bat. Bizkaiko Batzar Nagusiek 2006ko maiatzean onartu zuten Autzaganeko saihesbidearen lanak aurreratzea. 2010ean egin zituzten kalkuluen arabera, Gernika-Lumo eta Zornotza arteko bidea hamahiru minutu laburtzen lagunduko zuen ibilbide berriak. Hala ere, hasierako proiektutik azken emaitzara, aldaketa nabarmenak egon dira. Hasieran pentsatutako lanetarako, 147 milioi euroko aurrekontua kalkulatu zuten.

Azkenik, 2012an aurkeztu zuen aldundiak egitasmoa. Epe laburrean A-8 autobidea eta N-634 errepidea lotzeko obrak bukatzea zen hasierako asmoa. Hala ere, uste baino zailtasun gehiago aurkitu dituzte prozesuan.

Hainbat zailtasun

Trazatuak berak kritikak eragin zituen hasieratik. EH Bilduk, esaterako, tunela egitea gaitzetsi zuen, eta errepidea trenbidearen paretik egiteko eskatu. Gero etorri ziren zailtasun ekonomikoak eta inguruneari lotutakoak, ordea, kontuan hartu behar da-eta Urdaibaiko biosferaren erreserban egin dela azpiegitura.

Urdinbideko tunelaren eraikuntza izan da prozesua korapilatu duen elementu nagusia. Proiektuaren muina izan da, Autzaganeko mendatea zeharkatzen baitu. Hainbat arazo aurkitu dituzte lan horietarako. 2012ko irailean hasi zituzten lanak. Jose Luis Bilbao orduko ahaldun nagusiak adjudikatu zituen, eta 30 hileko epea jarri zieten. Hala, 2015 hasierarako bukatuta egotea aurreikusi zuen aldundiak.

ABEE Aldi Baterako Enpresen Elkartea eratu zuten Sacyr, Mariezcurrena, Bycam, Viconsa, Cavosa, Zubieder eta Febide enpresek. Lanak hasi eta gutxira, eten egin zituen ABEEk berak, ordea, ezusteko geotekniko, geologiko eta hidrologikoak agertu zirela argudiatuta. Tunelak zeharkatzen zituen lurpeko akuiferoak indusketa lanak zaildu eta kostuak handitzen zituela arrazoituta, hain zuzen, bertan behera utzi zituzten obrak. Akuifero handi bat aurkitu zuten tunelaren gainean: 50 metro bertikalean urez betea.

Aldundiak eten egin zuen enpresen elkartearekin zuen kontratua. Hori bakarrik ez: 4,2 milioi euroko isuna ere jarri zion, adostutako epeak eta lanak ez betetzeagatik. Aldundiaren arabera, lanak adjudikatzeko orduan “argi” zehaztu zuten enpresek hartuko zituztela euren gain arazo hidrologiko, geografiko edo geotermikoek sortutako gastuak. Egoera ikusita, kalkulu okerrak egitea egotzi zion enpresari.

Beraz, Urdinbideko tunelak egiteko lanak berriro adjudikatu behar izan zituzten. 2015eko irailean egin zuten, 20,3 milioi euroren truke. Orduan, Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak iragarri zuen 25 hilabeteko epean bukatuta egongo zirela saihesbideko lanak. Azkenean, data hori ere atzeratu egin da, baina dena dago prest orain.

Kritika ugari egon dira prozesu osoan. Oposizioak behin eta berriro salatu du aldundia gardentasunik gabe aritu dela. Pradalesek berak ere azalpenak eman behar izan zituen, Sacyr enpresaren akzioak erosi zituelako jada diputatu zela. Jokabide horren “etika gabezia” salatu zuen EH Bilduk; eta gogora ekarri enpresa horrek beste seirekin batera osatzen zuen ABEEk bertan behera utzi zituela Urdinbideko tunelen lanak.