“Swingak poztasuna ematen du; oso energia handiko dantza da”

“Swingak poztasuna ematen du; oso energia handiko dantza da”

N.S.O.

Duela urtebete pasa eratu zuten Swing Side Bilbao elkarteko kidea da Naia Torre (Bermeo, 1981). 1930eko hamarkadan AEBetan sorturiko estilo horren zaleei dantza egiteko aukera mordoa zabaltzen die elkarteak. “Oso soziala” dela esanez definitu du dantza mota hori, eta lortu duen arrakasta argitzeko gako batzuk eman.

Atentzioa ematen du Bilbon swing talde jendetsua dagoela jakiteak. Nola sortu zen?

Hau sortu aurretik, txiki bat zegoen. Batzuek beste leku batzuetan ikasi zuten dantzan. Hemen, Bilbon, akademaia bat hasi zen eskolak ematen. Euren artean elkartzen hasi ziren, eta lokalen bat alokatzea pentsatu zuten. Ikastaroak eta tailerrak egiteko asmoa sortu zen, baita irakasleak ekartzekoa ere. Horri guztiari forma legala emateko beharrizana ikusi zuten, eta era horretan hasi zen: hainbat lekutan ikasitako jendea elkartzeko leku bat izateko helburuari jarraikiz.

Zenbat kide ditu elkarteak?

Duela hiruzpalau urte hasi zen kontu hau guztia. Elkarte moduan, urtebete pasa darama lanean Swing Side Bilbaok. Gaur egun 60 bazkide inguru gara. Gazteenak hogetik gora urte ditu, eta zaharrenak hirurogeira artekoak izan daitezke; ez dakit adina zehatz. Baina adin guztietakoak elkartzen gara.

Non elkartzen zarete?

Batzarrak egiten ditugu, eta lokal bat ere badaukagu. Elkarte moduan hasi ginenean, Bilboko Udalak lokal bat utzi zigun Mariaren Bihotzaren egoitzan.

Eta dantza saioak non egiten dituzue?

Asteazkenetan, dantza soziala egiten dugu Frentealagua kafetegian. Hori Bilbo Swingek antolatzen du. Hileko lehenengo larunbatetan, Swing Side Bilbaotik Biba tabernan egiten dugu dantzaldia, Erronda kalean. Hileko bigarren igandean, Berreginen Museora jotzen dugu dantzaldia egitera. Hirugarren larunbatean, gauez, Zorrotzaurren elkartzen gara. Eta Bilbo Swing hasi da beste topaketa bat egiten hilean behin, igandez, Melia hotelean, eguerdi aldera. Bestalde, Little Harlem eskola hasi da Shake tabernan musika saioak egiten.

Berreginen Museokoa da agian agertokirik bereziena? Zer ekarpen egiten dio agertoki horrek mugimendu horri?

Oso giro polita sortzen da, oso berezia. Museo bat normalean isila da, eta oso estatikoa. Egun horretan, museoko ateak irekita egoten dira: musika kaletik entzuten da San Frantziskokoa bezalako auzo batean, eta musikaz eta mugimenduz betetzen da museo bat. Hori ez da batere ohikoa. Horrez gain, kokapenak berak ere laguntzen du, jende mordoa sartu eta ateratzen baita. Hor nahastu egiten dira musika entzuten dutelako hurbiltzen diren auzotarrak eta baita turistak ere: museoa ikustera datoz, gurekin egiten dute topo eta harritu egiten dira. “Zer gertatzen da hemen?”, galdetzen dute.

Artelanen artean dantzan aritzea ere berezia izango da.

Bai, oso berezia da. Horrez gain, eguerdian izaten dira saioak; jende asko erakartzen ez duen auzora bisitari ugari gerturatzen dira dantza egitera. Oso berezia da.

Zelan iritsi da 1930eko hamarkadan AEBetan sortu zen dantza mugimendu hura gaur egungo Bilbora?

Gerra eta depresio baten ostean sortu zen. Batzuek esaten dute depresioaren ostean etorri zela Europara. Esango nuke hona azken urteetan Europa iparraldetik iritsi zela; Suediatik batez ere. Suedian gertatu zen susperraldia, eta Euskal Herrira iritsi zen geroago. Gaur egun, modan dago leku askotan.

AEBetan gertatu zen krisialdian alaitasuna zabaltzeko beharrizanetik sortu zen swinga. Baikortasun edo alaitasun hori transmititzen dizue zuei ere dantza horrek?

Bai. Swingak, batez ere, poztasuna ematen du: oso energia handiko dantza da, oso dinamikoa, inprobisatze handikoa, ez da beharrezkoa forma fisiko berezirik izatea; ez dago beste dantzetan dauden beste arau; oso askea da. Oso soziala da: denbora guztian ari zara bikotez aldatzen. Hori da, nire ustez, dantza honen bereizgarriena.

Swingera gerturatu nahi duenak zer egin behar du, nora jo behar du?

Hasteko, dantza zer den ikusteko eta gustuko duten erabakitzeko, jo dezakete dantza sozialetara, eta han ikusi zer den eta jendeak zer nola dantzatzen duen. Noizean behin eskola libreren bat egoten da hastapen maila lantzeko. Horrez gain, dantza estilo hau irakasten duten akademia ugari ere badaude.