Sei urte justizia eske

Sei urte justizia eske

Aitziber Laskibar Lizarribar

Iritsi da eguna berriro ere. Beste urte bat igaro da. Sei urte jada. Baina gauzak ez dira asko aldatu. “Nork esango zigun sei urte geroago oraindik hemen egongo ginela justizia eske!”, esan zuten urteurreneko ekitaldiak aurkezteko agerraldian Iñigo Gogoan plataformako kideek. 2012ko apirilaren 5ean San Mamesen Athleticen partida ikusi ondoren, Indautxun, Maria Diaz de Haro kalexkan, bere taldearen garaipena ospatzen ari zela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo, eta zerraldo erori zen Iñigo Cabacas. Bost egun geroago hil zen, 2012ko apirilaren 9an.

Inguruan zirenek justifikaziorik gabeko gehiegikeriatzat jo zuten Ertzaintzaren jarduna berehala. Lagun eta senideak justizia eskatzeko batu ziren, eta Iñigo Gogoan plataforma ere laster sortu zen, helburu argiekin: Cabacas gogoratzea, justizia eskatzea, eta gazteari gertatutakoa errepika ez dadin gomazko pilotak desagerraraztea. Gai korapilatsuagoa ere jarri zuten mahai gainean: polizia eredua aldatu beharra.

Espero ez zutenarekin egin zuten topo, ordea: justizia nahi izatetik urruti dauden oztopoak salatu ditu urte hauetan guztietan plataformak. Familiaren zein defentsaren aurkako akusazioak ere bai, eta operazioan parte hartu zutenganako zein hori agindu zutenenganako babes itsua; ikertu nahirik eza, senideen, lagunen eta plataformako kideen begietan.

Luze jo zuen instrukzio faseak. Baina, bost urte ondoren bada ere, amaitu zen. Epaiketa egin egin behar dela ebatzi zuen epaileak. Eta aurten, epaiketa data jarria dagoela iritsi da urteurrena. Aurreikuspenak betetzen badira, urriaren 15etik azaroaren 9ra egingo da sei ertzainen aurkako epaiketa. Horietako hiruk nolabaiteko ardura izan zuten operazioan, eta launa urteko kartzela zigorra eskatu du haientzat akusazio partikularrak: bi furgoneten arduradunentzat, tiro egiteko agindu zutelako “jardueraren printzipiorik oinarrizkoenak ere urratzen zituzten baldintzetan”, eta, operatiboaren arduradunarentzat, tiro egiteari uzteko agindurik eman ez zuelako. Epaituko dituzten beste hiru ertzainak, egun hartan tiro egin zutela aitortu zuten bakarrak dira. Fiskalak absoluzioa eskatu du guztientzat.

Operazioaren arduradun nagusia zen Ugarteko ertzainburua, eta ertzainei kalexka itsu horretan “zuten guztiarekin sartzeko” agindu zuen. Hura akusatuen aulkira ez eramatea larritzat du plataformak, eta goi mailako erantzuleak ez epaitzea ere bai.

Bien bitartean, Cabacasen abokatua eta Gara eta Naiz hedabideetako arduradunak eserarazi dituzte akusatuen aulkian, auziari buruzko informazioa kaleratzeagatik.

Gauza asko gertatu dira, hortaz, sei urteotan. Cabacasi heriotza eragin zion arduradunik ba ote den argitzeko epaiketarik ez da egin, baina hartarako data ezarria dago aurtengo urteurrenean, lehen aldiz. Plataformako kideak, halere, ez dira fio. Epaiketa “parodia” izango den beldur dira.

Eta, horiek horrela, justizia eskatuz oroituko dute, aurten ere, gaztearen heriotzaren urteurrena. EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean protesta egingo dute, ohi denez, eta, urtero legez, Cabacas zaurituta erori zen lekuan bertan omenaldia egingo diote lagun eta senideek, larunbatarekin.