Inpaktu ikusezin baina nabariaren bila

Inpaktu ikusezin baina nabariaren bila

N. S. O.

Horma handi eta pasabide luzeek agerian utzi dutena baino gehiago ezkutatzen dute Punta Begoñako galeriek. Haren sorrera eta historiari buruz lekukotasunak biltzen ari dira herritarren artean. Nolakoa zen galerien inguruko bizitza? Zertarako erabiltzen ziren? Zer-nolako eragina izan zuten ingurunean? Galdera horiek eta beste asko argitzen saiatzeko, EHU gizarte sare bat identifikatzen ari da, eta haien testigantzak jasotzen.

Informazio interesgarrien berri izateko aukera eman die proiektuak. Hala azaldu du Urko Balziskueta udaleko arkitektoak. Esaterako, jakin dute Punta Begoña muturrari Sorginzulo esaten ziotela ingurukoek. “Bertan ba omen zegoen haitzuloren bat non emakumeak biltzen ziren. Hortik zetorkion izena”. Fredi Paia bertsolariarengandik jaso dute informazioa. Berak egindako lan etnografiko batean oinarrituta dago. Ikertzaileek inguruko itsas kapitain baten memoriekin alderatu dituzte datu horiek.

Lekukotasunak jasotzeko lan hori egiteko, memoria material eta ez materialari buruzko Unescoren gidalerroetan oinarrituta osatutako protokoloei jarraitu diete. Duela urtebete eta erdi abiatu zuten prozesua. EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea ari da lan horretan.

Orain artean 105 pertsona elkarrizketatu dituzte euren lekukotasuna jasotzeko. Testigantza horiek guztiak lotuta daude galeriekin eta Punta Begoña muturraren historiarekin. Elkarrizketa horietatik 32 filmatu dituzte. Filmaketa lan horiek Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, Abra klubean, Medikuntza eta Zientzi Historiaren Euskal Museoan, zenbait etxetan eta Erromoko kultur etxean egin dituzte.

Grabazio horiekin guztiekin hiru bideo osatu dituzte: Pilula dokumentalak. Bata, Ricardo Bastidari buruzkoa da; bestea, galerien bizitza domestikoari buruzkoa; eta, azkenak, galeriak ospitale militarra izan ziren garaia gogorarazten du.

Oraindik beraien ekarpena egin dezaketen herritarren lekukotasunen bila jarraitzen dute ikerlariek. Hainbat kanpaina egin dituzte informazioa izan dezakeen herritar oro eurengana gerturatzeko. Aurten bisitetara gerturatzen direnek galeriei buruz informazioren bat badute euren datuak utzi ahalko dituzte, eta ikerketa egiten ari direnak eurekin harremanetan jarriko dira.

Testigantzez gain, agiriak, argazkiak eta irudiak eta grabazioak ere bildu dituzte. Horiei guztiei esker, Punta Begoñaren historiari buruz ez eze, Getxokoari, Bilbokoari eta Bizkai osokoari buruzko narrazioa osatu dute. Historiaren lekuko horiei esker ebatziko dute zer nolakoa zen galerietako bizitza, zertarako erabiltzen zituzten, zein helburu izan zuen Horacio Etxebarrietak horiek eraikita, zein asmo zuen Ricardo Bastidak proiektua egin zuenean eta zein eragin izan duten getxoztarrengan.