Eskulturen erritmoan dantzan

Eskulturen erritmoan dantzan

Natalia Salazar Orbe

Lindy Hop, charleston, balboa, blues eta klakea. Swing doinuak gorputzarekin interpretatzeko estiloetako batzuen ereduak dira. 1920 eta 1930eko hamarkadetan sortu ziren dantza estilo horiek guztiak AEBetan. Kultura afroamerikarrak sortu zituen, eta Europara hedatu ziren geroago. Orain, Bilbon aurkitu dituzte erritmooi mugimendua jarriko dieten zaleak. Ohiko dantza areto edo tabernetatik kanpo, bestelako leku bitxiagoa aurkitu dute dantzarako agertoki, gainera: Berreginen Museoa. Hileko bigarren igande guztietan, dantzarako pista bihurtzen dute beheko solairuko aretoa. Bi orduz Swing Museoan jarduera gauzatzen dute bertan.

Museo izan aurretik eliza ere izan zen Berreginen Museoa hartzen duen eraikina: Mariaren Bihotzaren eliza. Edonondik begiratuta ere, leku bitxia da, beraz, dantzaldi bat antolatzeko. Museoko arduradunek ez zuten zalantzarik izan jarduera antolatzen duen Swing Side elkartearen proposamena iritsi zitzaienean. Urtebete pasatxo igaro da orduz geroztik. “Ideia ona iruditu zitzaigun, kontuan hartuta igandean, normalean, jende gutxi egoten dela. Museoan bertan beste era bateko jarduerak egiteko aukera bat zen. Onartu genuen proba egiteko, eta gero eta jende gehiago dator”. Hala azaldu du museoko ekitaldietako arduradun Saioa Barrenetxeak.

Dantzari eta ikusle bitxiak elkartzen dituzte saiook. Lorenzo Medici, Hermes, Afrodita eta Moisesen eskulturen aurrean eta haien artean egiten dute dantza topaketan hutsik egiten ez duten ehunka dantzariek. Igandean bertan, eskultura horiek lekuko dituztela, duela ia mende bat sortu zen musika doinuan mugituko dituzte zango-besoak.

Museora edozein egunetan doanak aretoa ikusiko duen era berean topatuko du hileko bigarren igandeetan ere. Aretoa ez dute egokitzen edo atontzen saiootarako. “Elizara sartu eta berehala, lehenengo solairuan, egiten dute dantza. Eskulturak eta dena dauden bezala geratzen dira”.

Laurehun bisitari inguru ere zenbatu dituzte azken saioetan. Dantzariak, museoa ezagutu nahi dutenak eta agertokiko ikuskizunak eragiten dien jakin-minak erakarrita gerturatzen direnak elkartzen dira bertan.

Zalantzarik gabe, giro berezia sortzen da. Beirate garaiek islatzen duten argiaren dir-dira, zutabe zuriak zein lehenagoko elizaren ezaugarriak ezkutatu ezin dituen eraikinean bat egiten dute arteak, musikak eta dantzak. Hirurak uztartzen ditu proiektuak.

Parte hartzaileen jarrerak ere badu zerikusia giro berezi horretan. Hala uste du Barrenetxeak: “Poza ematen du haiek ikusteak. Barrezka ari dira une oro. Giro ona transmititzen dute, oso baikorra. Bitxia da. Euren munduan murgilduta egoten dira, oso gustura. Eta denek egiten dute dantza denekin”. Horrek ere zeresana eman du Bilbotik kanpo iritsi diren bisitarien artean. “Noizbait esan didate giro hau ez dela sortzen leku guztietan”. Denak denekin aritzea dantzan ez omen da ohikoa. Beste leku batzuetan, batzuen eta besteen mailaren arabera ez dira elkartzen, antza. “Hemen, batak besteari zerbait irakats badiezaioke, irakasten diote”.

Moda berantiarra

Arrakasta handiko topaketak izaten dira, beraz, Swing Museoan deritzen horiek. Azken saioetako batean, 140 lagun zenbatu zituen dantzan Barrenetxeak. “Jende asko dator dantza egitera, eta, beste asko, baita ikastera ere. Saio horiek ez dira ikastaroak edo tailerrak, ordea”. Swing estiloak azkenaldian hartu duen indarra Bilbora ere iritsi da, beraz. “Modan dago leku guztietan. Bilbora besteetara baino beranduago iritsi da”. Hala ere, gazte, heldu zein adinekoek, denek egiten dute dantza. “Gazteenek 20 urte inguru izango dituzte, eta, badago bikote bat, oporretan ez badaude, saioa egiten den igande guztietan etortzen dena. 70 urte inguru izango dituzte, eta primeran egiten dute dantza”.

Gorputzari bi orduko astindua eman, eta bukatutzat ematen dute Berreginen museoko swing saioa. Dena ez da amaitzen han, ordea. Areto bitxi horretatik atera ostean, Martzana aldera jo ohi dute parte hartzaileek. Zerbait hartu, eta dantzaldian jarraitzera. Bilbo girotzera.

Kalean ez dute aurkituko museo barruan nabaritzen hasi diren espazio faltarik. “Txiki geratzen hasi zaigu. Lekua zoragarria da. Jendeak, gainera, horixe bera esaten digu: izugarria dela artelanen artean eliza baten barruan dantzan aritzea”. Dantza mota horrek erakarrita gero eta jende gehiago gerturatzen ari da museora. “Ez dakit nora joan beharko duten. Izan ere, gero eta jende gehiagok praktikatzen du swinga”. Gainera, praktika horri esker, gero eta trebetasun handiagoa hartzen ari dira. “Hilero egoten naiz ni hemen, eta nabari da eskoletara doazela. Bistakoa da zer-nolako aurrerapena egin duten”.

Barrentxea bera ere konbentzitu nahi dute dantzarako, baina oraingoz ez da ausartu, nahiz eta inbidiaz begiratzen dien. Kaleko zapatak kendu eta dantzakoak jartzeko ordua iristear da berriz.