“Beti galdetzen digute irainei buruz, ez beste gauza batzuei buruz”

Natalia Salazar Orbe

Iragartze Fernandez Esesumaga (Getxo, 1993) bost urterekin hasi zen futbolean. Egun, epailea da. Epaileek euren lana uztartzeko dituzten zailtasunak ikusaraztea helburu duen Iragartze dokumentaleko protagonista da.

Zer kontatzen du Iragartze dokumentalak?

Film labur honen bidez, epaileen egunerokoa erakutsi nahi dugu. Epaile moduan futbol zelaian besterik ez gaituzue ikusten, baina hortik kanpo gure bizimodua daukagu, gure eguneroko jarduna, eta gauza asko egin behar ditugu. Beste helburuetako bat da emakumeen ikusgarritasuna bermatzea, emakumeen indarra erakustea.

Zergatik eman zenion baiezkoa lan horretan parte hartzeari?

Irenek [Herrero del Valle, dokumentalaren zuzendaria] eta biok partida baten ostean ezagutu genuen elkar. Gradu amaierako lan batean, futbol epaileen egoera erakutsi nahi zuen. Horretarako, elkarrekin egin genuen lan. Urtebete geroago, film labur hau egiteko aukera eman zioten. Niregana etorri zen, proposatu zidan, eta baietz esan nion, beti baietz esaten dudalako.

Ogibidez erizaina zara zu. Nola uztartzen dituzu bi jarduera horiek?

Basurtun egiten dut lan erizain moduan. Beti nago gauza askotan sartuta. Erizain lana futbolarekin uztartzea oso zaila da. Asteburuetan lan egiten dut ospitalean. Ospitalera goizean joan behar badut, arratsaldean izaten dut partida, baina, hiruretan ateratzen naiz, beraz, 15:30etik aurrera izan behar da. Beti ari naiz orduekin jolasten. Film labur honen bidez, hori ere erakutsi nahi dugu. Jende asko dago ni bezala.

Asteburuko partidak epaitu aurretik lan handia egin behar duzue zuek, gainera.

Epailea 90 minutuz bakarrik ikusten dugu telebistan. Ez gara konturatzen epaile horrek, aste barruan lan egiteaz gain, beste gauza asko egin behar dituela: entrenamenduak, esaterako. Astean bizpahiru egunetan entrenatu behar dugu. Hori guk. Lehen Mailan aritzen direnek egunero entrenatu behar dute. Horrez gain, proba fisikoak egiten dizkigute. Urte osoan egin behar ditugu proba horiek. Azterketak ere egin behar ditugu, bideoen azterketak: UEFA edo Txapeldunen Ligako jokaldiak bidaltzen dizkigute. Ikusi eta jokaldi horietan zer egingo genukeen esan behar dugu. Bestalde, partida batean epaile lanak egin ostean informatzaile bat egoten da harmailetan, eta hark esaten digu zer egin dugun ondo eta zer txarto, eta nota bat jartzen digu.

Partidetara joaten diren futbolzaleek kontuan hartzen al dute atzean dagoen lan hori guztia?

Ez. Bakarrik ikusten dute falta bat ez duzula adierazi. 90 minutuan txarto egin dituzun gauza guztiak ikusten dituzte soilik. Ez dute ikusten zer ondo egiten duzun korrika edo zer ondo markatzen duzun eskuarekin.

Zer-nolakoa da epaileak zelaian bizi duen esperientzia?

Oso positiboa da. Epaile gisa aritzeak bizitza aldatzen dizu, futbolaren beste ikuspegi bat ematen dizu. Ohituta gaude futbola sofan eserita ikustera. Baina epailea zarenean, nahi duzu jokoa garbia izatea, eta gauzak ondo egitea. Moderatzaile baten antzekoa zara. Arauak ezarri nahi dituzu. Oso positiboa da. Epaile guztien iritzia horixe dela esango nuke.

Alde ona besterik ez duzu aipatu. Txarrik ez duzu ikusten? Irainik edo antzekorik pairatu behar izan duzu?

Bai, hori ere errealitatea da. Egunero entzuten dugu telebistan edo irratian irainak egon direla, baita irain matxistak ere emakumeen partidaren batean. Dokumental honetan hori da nabarmendu nahi ez duguna. Errealitate bat da, baina erakutsi nahi duguna normaltasuna da. Epaileon munduan badaude gauza eta esperientzia polit asko.

Komunikabideek zein jokabide izaten dute emakume epaileei dagokienez? Irainak pairatu dituztelako ez bada, kasu egiten al dizuete?

Saltsa gustatzen zaizue. Ulertzen dut, baina, esaterako, duela urtebete Iberdrola ligaren epailetza sortu zen. Joan den denboraldian, lehen aldiz epaile guztiak emakumeak izatea lortu genuen, eta hori ez da atera. Atera da, hori egin eta hilabete baten ostean, partida batean emakume bati irain egin ziotela. Ez da atera egindako esfortzua, UEFAn sartu direla… Hori ez da inoiz ikusten. Horregatik, emakume epaile izatearen normaltasuna erakutsi nahi dugu film labur honen bidez. Komunikabideek, orokorrean, ez dute sustatzen emakumeen kirola; saltsa ateratzea gustatzen zaie. Beatriz Arregi eta Olatz Rivera izan dira Lehen Mailara joan diren lehen emakume epaileak. Orain Iberdrola ligan daude. Baina ez dira atera inon.

Komunikabideen diskriminazioa ere pairatzen duzue, beraz.

Bai, beti galdetzen digute irainei buruz, ez beste gauza batzuei buruz.

Zuri zein partida epaitzea gustatuko litzaizuke?

Nazioarteko baten bat, UEFA edo Txapeldunen Ligako bat. Goi mailakoak dira horiek; gure ametsa. Edo Bartzelona eta Real Madrilen arteko partida bat.

Orain arte egin dituzunetatik zein izan da erronkarik handiena?

Ipuruan (Eibar, Gipuzkoa) epaitutakoa: Euskal Selekzioa Txekiar Errepublikaren aurka lehiatu zen azaroan. Gustura egon nintzen, ikus-entzule mordoa egon ziren. Oso oroitzapen polita daukat.

Jokalariekiko harremana nolakoa izaten da?

Oso ona. Emakumeak oso ondo portatzen dira gurekin. Baita gizonak ere. Ez dut inoiz arazorik izan jokalariekin. Oso harreman ona izaten dugu.

Filmaren estreinaldia egin da. Zer balorazio egiten duzu?

Uste nuen baino arrakasta handiagoa izan du. Ez nuen pentsatzen horren garrantzi handia emango ziotenik. Hainbat komunikabidetan atera gara. Horixe lortu nahi genuen, emakumea ikusgarri egitea mundu honetan. Oso pozik gaude.

Baliagarria izango da zaleek epaileen lana gehiago baloratzeko?

Bai. Ulertuko dugu gehiago epaileen bizitza. Ez gara 90 minutuko saio batean ikusten dena soilik. Film honekin, jendeak ulertuko du eurak bezalakoak garela, ez garela munstroak. Eta zaila dela lanarekin uztartzea. Gu ez gara bizi honetatik.

Gustatuko litzaizuke horretatik bizitzea?

Nire ametsa da. Erizain izatea ere asko gustatzen zait, baina futbola oso polita da; 5 urterekin hasi nintzen mundu honetan. Futbol jokalaria izan naiz 5 urtetik 21era arte.

Partida ez da era berean ikusiko futbolari edo epaile gisa, ezta?

Futbolari garenean ez dakigu ezer arauei buruz. Uste dugu gauzak era batera direla, baina ez da horrela. Arauak urtero aldatzen dira. Futbolari gisa golak sartzea besterik ez duzu buruan. Oso desberdina da. Ikuspegi integrala eta orokorra eman dit honek.

Gusturago alde batean edo bestean?

Epaile moduan gusturago ari naiz. Futbolari moduan jenio txarra daukat. Epaile gisa lasaiago nago, eta futbola ikusteko aukera ematen dit.