Aztergaia irakasbide bihurtuta

Aztergaia irakasbide bihurtuta

Natalia Salazar Orbe

Itsasoari begira eta handitasun urdin horretatik datozenei harrera eginez. Hala ageri dira Getxon Punta Begoñako galeriak. Garai eta kementsu. Sortu zituzteneko handitasunari eutsi guran. Horacio Etxebarrieta Maruri getxoztarraren aginduz eraiki zituzten, Ricardo Bastida arkitektoaren gidaritzapean. 1910ean etxe erraldoia eraiki zuen Arriluzeko hegalean. Etxalde horri eusteko sortu zituen galeriak, Atxekolandeta eta Arriluzea kaleen artean. Harri jauzi baten ondorioz sortu zen euste horma bat eraikitzeko beharra. Hiruzpalau metroko hesia izan zitekeena bestelako proiektu erraldoi bilakatu zen. Urteen joan- etorriaren eta mantentze lanik ezaren ondorioz, kalte handiak izan dituzte galeriok. Azken urteetan eremua zaharberritzen ari dira. Eta herritarrei zabaltzen.

Ehun urte bete ditu kanpoko begirada huts batekin bisitaria harrituta uzten duen eraikinaren proiektuak. Data berezi hori baliatuta, hainbat jarduera egiteko asmoa iragarri dute udalak eta EHUk: 100 urte, 100 ekintza izenburupean, besteak beste, herritarrek eraikinaren barruak ezagutu ahalko dituzte, eta azken urteetako zaharberritze lanek agerian utzitako elementuen eta ikerketa lanen emaitzen lekuko izan ahalko dute.

Aurretik hitzordurik eskatu gabe gertura daiteke galerietara, gainera. Oraindik bada bisita gidatuak eskatu eta aditu baten eskutik eremu bitxi hartako sekretuak ezagutzeko modurik. Baina bestelako aukerarik ere zabaldu dute. Zehaztasunik galdu gabe galeriek eskaintzen duten historiaren pasarte bitxiaren berri izateko aukera eskaini dute oraintsu. Eremua gizarteratzeko asmo eta helburuari erantzuten diote bisita horiek.

Sakelako telefonoa lagun, antolatzaileek prestatutako bost ibilbideetako bat aukera dezakete bisitariek: proiektua, galeriak, paisaia, ikerketa edo galerietan egindako esku hartzeak aukeran. Teknologia berriek euren esku jarriko dute inguruari buruzko informazioa. Galerien horma barruetatik harago ere hedatu dute sistema hori, gainera. Hain zuzen, Arriluze ibilbidean dabiltzanek ere kontsultatu ahalko dute eraikinari buruzko informazioa.

Galeriak eurak eta horietan egindako lana gizarteratzea. Horixe dute helburuetako bat eraikineko txokoak zaharberritzen ari diren EHUko arduradunek eta Getxoko Udalak. Ia bukatu dituzte ondare elementu hori berritzeko Unescoren planaren barruan aurreikusitako ikerketa lanak. Egiturak kaltetuen zituen atalak zaharberritu dituzte jada. Oraindik, ordea, lan handia egin behar dute enklabe ikusgarrian. Hala ere, galerietatik harago ere oso baliagarria den informazioa ahalbidetu diete ikerketek.

Agustin Azkarate EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedrako zuzendariak eman ditu gako batzuk. Punta Begoñako galerietan aurkitu dituzten kalteak baliagarriak izango dira beste eraikin batzuk berreskuratzeko lanetarako, argitu baitute zerk egin dien kalte eta nola.

Akatsetatik ikasteko aukera emango diete lanek. Besteak beste, galerietako sabai faltsuak egiteko erabili zuten teknika ez da gaur egun erabiltzen den bezalakoa. Urko Balziskueta udal arkitektoaren arabera, betoi oso likidoa erabili zuten berau egiteko, igeltsu kopuru handia zuen betoia. Materialen nahasketaren eta inguruko hezetasunaren eta ur filtrazioen ondorioz, betoizko estalaktitak sortu dira. “Kobazuloetan 100 urte behar dituzte hazteko; Punta Begoñako galerietan hamar urtean hazi dira”.

Apurka, ikusgarriagoak izango dira galerietako lanak. Hala azaldu du Azkaratek: “Gero eta diru gutxiago inbertitu beharko dugu ikerketa lanetan, eta gehiago esku hartze prozesuetan”. Orain arteko lanetan eraikina bera eta berau kokatzen den eremua aztertu dituzte. Ikerketa horiei esker, eremuaren kontserbazio egoera ezagutu dute. Hala, diagnosi zehatza gauzatu dute aurrerago martxan jarri behar dituzten protokolo eta jardunbideak ebazteko. Horrez gain, sendotze prozesu sakonagoa bermatuko duten premiazko esku hartzeak gauzatu dituzte. Besteak beste, areto nagusiaren azpiko gunerako sarbidea egokitzeko lanak egin dituzte.

Irudi bitxiak aurkitu dituzte ezkutuan zegoen gune horretan ere. Garai hartako eraikuntza lanak zer nola egiten zituzten jakitea ahalbidetu duen detaile txiki bat aurkitu dute bertan. Eraikuntzak zutoinez zelan eusten zituzten ikusi dute, egur zati batek han jarraitzen baitu, eraikinaren zimenduei eusten.

Galeriei, Getxori zein Bizkaiari buruzko informazioaz gain, munduaren historiari lotutakoa ere atera dute haitz eta lur geruzetatik. Flysch-a edo labarreko haitzak osatzen dituzten materialak ikertu dituzte lanon barruan. Materialon datazioari esker Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko mugan dagoen sektorea aurkitu dute. Garai hartan desagertu ziren dinosauroak.

Bisitarientzako erakargarri

Eraikuntzak eta bertako sekretuek erakarrita 5.000 bisitari gerturatu ziren iaz Punta Begoñara. Aurten marka hori gaindituko dutela aurreikusi dute.

Horacio Etxebarrietaren ametsa izan zena itsasotik datozenentzako harrera bilakatzea nahi dute zaharberritze lanetan ari diren erakundeek. Paisaiaz gozatzeko gune bat baino zerbait gehiago eraiki nahi izan zuen enpresaburuak. Itsasadarraren ezkerraldean zituen bere lurretan gauzatzen zuten meatzaritza jarduera kontrolpean izateko modua eskaintzen zion, batetik. Bestetik, nazioarteko merkatuetara abiatzen ziren bere itsasontzien joan-etorria kontrolpean izateko aukera ematen zion ikusmira zuen labar gain hartatik. Apurka itsasoari lotutako aisiaren erreferente izateari ekin zion Getxok. Turista burges haiei erreparatzeko aukera ere eskaintzen zion eraikinak Etxebarrietari.

Urteen joan-etorrian hainbat agertoki hartu ditu Punta Begoñak. 1936ko gerran italiar agintariek kuartel nagusi gisa erabili zuten. 1940ko hamarkadan, aldiz, gizarte laguntzarako erabili zituzten galeriak. 1973an etxegintza enpresa sustatzaile bati saldu zizkioten Getxoko etxea eta inguruko 12.000 metro koadroko eremua. 1988an etxebizitzak eraikitzeko baimena eman zion udalak orubearen jabe berriari.Galeriak udalaren esku geratu ziren. Trukean, etxebizitzak eta aparkalekuak egiteko baimena jaso zuen. Lanotarako Etxebarrietaren etxea eraitsi egin zuten, eta, orduz geroztik, galeriak besterik ez da geratzen. 1991n hotela egiteko saiakera egin zuten arren, herritarrek geldiarazi egin zituzten lanak. Bitartean, etxebizitza blokeak eraiki zituzten Etxebarrietaren etxola izan zen toki berean.