Zenaren eta denaren artean

Zenaren eta denaren artean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Iragan urruna dirudi, baina gertuko historia da. Bi hamarkada besterik ez da pasatu Bizkaiko Labe Garaietan martxan zen azken labea itzali zutenetik. 1996. urtea zen. Ondorioak nabari dira oraindik, Xabier Barrutia EHUko ekonomia irakaslearen arabera. Urte luzez, Bizkaiko ekonomiaren ardatza izan da altzairugintza, Bilboko itsasadarrean kokatutako ontzigintza industriarekin batera. Eta altzairugintzaren gainbeheraren hasiera ekarri zuen Labe Garaien itzaltzeak. Barrutiaren hitzetan, politikoa izan zen enpresa ixteko erabakia, eta ez ekonomikoa. “Bizkaiko Labe Garaiak bideragarriak ziren arren, ixteko erabakia hartu zuen Madrilgo gobernuak”. Orduko akatsetatik “irakaspenak jasotzea” beharrezkoa dela uste du EHUko irakasleak. “Gauza on asko egiten ari gara: politika teknologikoetan, adibidez, urrats asko egin dira, eta berdin sektorearen klusterrarekin ere. Baina enpresen erabakiguneak galtzen ari gara”. Horra, oro har, sektoreak gaur egun duen arazo nagusietako bat: multinazional handien esku daude lurraldeko altzairutegi gehienak.

Sestaoko ACB planta da altzairugintzak Bizkaian izan duen garapenaren adibiderik argiena, Bizkaiko Labe Garaien oinordeko zuzena baita Sestaokoa. Lehenak ixtean ireki zituen ateak Sestaoko ACB enpresak. Baina aldaketa nabariak izan ziren trantsizio horretan. Teknologia asko hobetu zen batetik bestera: labe integralekin lan egiteari utzi, eta labe elektrikoak erabiltzen hasi ziren ACB altzairutegian, ekoizpen prozesua eraldatuz eta enpresak behar zituen langileen profilak erabat aldatuz. Teknologikoa baino gehiago, soziala izan zen orduko aldaketarik nabarmenena, horregatik.

Labe Garaien gainbehera

Hamar beharginetik bat kalean geratu zen. Izan ere, Labe Garaiak itxi zituztenean, 3.000 langile inguru zituen enpresak Sestao eta Barakaldoko lantegietan —aldirik oparoenetan, 12.000 behargin baino gehiago izatera iritsi ziren—, eta ACBko planta 300 behargin ingururekin jarri zuten martxan. Milaka langile geratu ziren lanik gabe, eta gauza jakina da orduko egoerak zauri sakona utzi zuela Ezkerraldean eta Meatzaldean. Eskualdeetan dagoen langabezia tasa altua da egoeraren adierazle, %20tik gorakoa baita.

Baina zergatik itxi zituzten, zehazki, Bizkaiko Labe Garaiak? Bideragarritasun ekonomikoari lotzen zaio normalean itxiera, baina harago egin du Barrutiak, eta erabaki politikoekin lotu du auzia. Frankismoaren garaian jarri du mira, lehenik. “Frankismo garaia oso txarra izan zen industriarentzat eta, oro har, Euskal Herriarentzat: ezarritako protekzionismoak eragin handia izan zuen”. Bada Labe Garaien kalterako Frankismoak egin zuen beste urrats bat ere: Ensidesa altzairutegi enpresa publikoa sortu zuen Asturiasen, enpresa pribatuen kalterako; hots, Bizkaiko Labe Garaientzat.

Nolanahi ere, 1990eko hamarkadan Europako Batasuneko herrialdeetan sobera ekoizpen zegoela argudiatuta, ekoizpena murrizteko presioa egiten hasi zitzaion Espainiako Gobernuari. “Gerora frogatu da argudio horrek ez zuela zentzurik izan, esportatu beharrean altzairua inportatu egiten baitzuen Madrilek”. Erabakia hartua zuen PSOEren gobernuak, ordea: Asturiasko Ensidesa enpresa mantentzea erabaki zuen Madrilek, eta Bizkaikoa ixtea. “Gure lurraldeko ekonomia Asturiaskoa baino dibertsifikatuagoa zegoen orduan, altzairuaz gain sektore gehiago zituen; ontzigintza, tartean. Asturiasen, altzairugintzaz aparte, meategiak besterik ez zegoen”.

Erabakiguneen garrantzia

Asturiasi min gutxiago egingo ziolakoan mantendu zuten zabalik Ensidesa enpresa, eta Bizkaiko Labe Garaiak itxi egin zituzten, ondorioz. “Zarratu zituzten momentuan, enpresa errentagarria zen”. Lurraldearen faktorea garrantzitsua izan zen erabakia hartzean, EHUko irakaslearen arabera. “Madrilek ez zuen Euskal Herria zaindu”. Labe Garaien itxierak itzal luzea utzi zuen: zuzenean fabriketan lan egiten zuten beharginak lanik gabe geratzeaz gain, altzairutegiarentzat zeharka lan egiten zuten ehunka enpresa itxi ziren eskualdean. Lurraldean aztarna nabaria utziz.

Ordukoetatik ikasi ote dugun ala ez, ez du argi Barrutiak. “Industriaren jarraipen handiagoa egin beharko genuke. Jaurlaritzak eskumenik ez badu ere, indar gehiago egin dezake. Hortxe dago eztabaida gaur egun ere”. Hain zuzen, greba mugagabean dauden Trapagarango Productos Tubulares enpresako langileek erantzukizunez joka dezala eskatu diote Jaurlaritzari azken asteetan: enpresa ixtea saihestu eta sektorea babesteko neurriak har ditzan galdegin diote behin eta berriz Arantxa Tapia Ekonomia sailburuari.

Gaur egun, zazpi altzairutegi nagusi daude Bizkaian: Tubos Reunidosek Trapagaranen duen Productos Tubulares adarra, Celsa eta Nervacero altzairutegiak, ACB Sestao, Basaurin Arcelor Mittalek duen planta, Loiuko Aceros Olarra eta Sidenor Basaurin. Basaurikoa izan ezik, multinazionalen esku daude enpresa guztiak; hau da, nazioartean hartzen dituzte Bizkaian kokatutako altzairutegiei dagozkien erabaki garrantzitsuenak. Hala gertatu zen 2016an Zumarragan ere: Indiako zuzendaritzak erabaki zuen Gipuzkoako planta ixtea.

Sidenorrek iaz ekarri zuen erabakigunea Brasildik Euskal Herrira, multinazionalak Gerdauk Sidenor saldu ondoren. Iaz bete zuen altzairutegiak mende erdia, eta, 50. urtemuga ospatzeko egindako ekitaldian, enpresako erabakiguneak Euskal Herrian jarrai dezan nahi duela azaldu zuen Jose Antonio Jainaga enpresako zuzendariak. Gaur egun, 900 behargin ditu enpresak, eta 90.000 tona altzairu ekoizten ditu urtero.

Inbertsioak areagotzea

Sektorea bultzatzea beharrezkotzat jotzen du EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasleak. “Gure diskurtsoetan barneratu behar dugu politika industrial modernoak bultzatzea eta horretan inbertsioak egitea ondo dagoela, baina argi izan behar dugu horrekin ez dela nahikoa”. Gaur egun teknologia berrikuntzetan egiten diren diru inbertsioak goraipatu ditu Barrutiak, eta baita industriaren modernizazioaren eremuan egiten diren aurrerapausoak ere. “Industria helduak gaurkotu egin daitezke teknologiarekin”.

Eremu horiek ez ezik, altzairu fabrikak laguntzea beharrezkoa dela dio. “Europako Batasuneko herrialde garatuenetan ere diru laguntzak ematen dituzte industria zaharkitua jotzen diren horientzat. Alemaniak, adibidez, zuzenean laguntzen ditu altzairutegi fabrikak. Oinarria ezin da sekula galdu: altzairua lehengaia da beste mila industriarentzat, oinarrizkoa eta estrategikoa da altzairugintzan aritzen ez diren bestelako enpresentzat ere”.

Parte hartze publikoen alde azaldu da Barrutia, eta CAF enpresaren adibidea jarri du. “Eusko Jaurlaritzak CAFeko akzioen %1 erosi du. Europako Batasuneko hainbat herrialdetan ohikoagoa da halakoak ikustea, eta akaso hemen bultza daitezke halako neurri gehiago. Gaur egun, diskurtso akademikoa gailentzen da, eta klusterrean eta berrikuntza sisteman egiten da indar. Hori guztia oso ondo dago, eta beharrezkoa da. Baina bestelako neurriak falta dira”.

Sestaoko ACBn, gatazkak

Sestaoko ACB planta da Bizkaiko Labe Garaietatik geratzen den hondar bakarra. Arcelor-Mittal taldeak kudeatzen du enpresa: siderurgiaren eremuan dagoen multinazionalik indartsuena da. Azken urteetan izan du gorabeherarik Sestaokoak ere. 2016ko urtarrilean iragarri zuen multinazionalak Sestaoko altzairutegia aldi baterako itxiko zuela. Bi argudio erabili zituen Arcelor Mittalek orduan: argindarraren gehiegizko kostua, batetik; eta Txinako altzairu merkeak sortutako galerak, bestetik. Sestaoko lantegiko 335 langileri erregulazio txostena aurkeztu, eta itxialdi mugagabea iragarri zuten. Txandakako lanaldiarekin hasi ziren beharginak, eta urtebete baino gehiago luzatu zitzaien egoera.

Azken urtean baretu ezinik dabiltza Sestaoko altzairutegian. Hilabete honetan hainbat lanuzte egin dituzte, multinazionalak 2015etik iraungita daukan lan hitzarmena berritu dezatela eskatzeko. Orotara, hamasei egunetan atera dira kalera. Lan baldintzak negoziatu nahi dituzte beharginek; izan ere, multinazionalak zabaldutako datuen arabera, 310.200 tona ekoitzi zituen Sestaoko plantak 2017an, eta zenbaki positiboekin bukatu zuen. Aurtengoan joera bera mantenduko duela aurreikusten du Arcelor Mittalek; horregatik, “enpresak lortutako emaitza ekonomikoen neurriko lan esparrua lortzeko zentzuzko akordioak egin” nahi dituzte beharginek. Oraingoz, fabrikako zuzendaritzak ez du negoziazioetarako keinurik egin. Eta, oro har, beste eztabaida asko ekarriko ditu oraindik ere lurraldeko altzairugintzaren egoerak.