“Jangelen egoera aldatzeko ausardia behar du Jaurlaritzak”

“Jangelen egoera aldatzeko ausardia behar du Jaurlaritzak”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Azken urteetan zalantzan jartzen ari da egun dugun eskoletako jangelen eredua. Gero eta gehiagok aldarrikatzen dute kalitatezko eta bertoko produktuez hornitutako eredu bat. Gure Platera Gure Aukera egitasmora bildu dira hogei bat eragile, eta, sei hilabeteko hausnarketaren ondoren, emaitzak aurkeztu dituzte. Jaurlaritzak urratsak egingo dituen esperantza du Eneko Viñuela kideak (Barakaldo, 1979).

Zer da Gure Platera Gure Aukera egitasmoa?

Gaur egungo jangelen eredua aldatzeko, hainbat eragile batu dituen egitasmo bat da. Jangela osasuntsuagoa, gertukoagoa, bidezkoagoa eta hezitzaileagoa eratzeko bildu gara. Momentuz hezkuntza publikoari begira hasi gara; izan ere, itunpeko eskolek eta ikastolek beren eredua kudeatzeko aukera daukate, baina eskola publikoek ez. Hainbat eragile batu gara: sindikatuak, landa garapenerako agentziak, administrazio lokalak, baserritarrak, eskola jangeletako langileak eta, bereziki, familiak. Horiez gain, bi egitasmo interesgarri daude Gure Platera Gure Aukera-ren barruan: Busturialdeko eskola guztiak batzen dituen Jangurie, eta Durangaldeko eskolak batzen dituen Berton Bertokoa.

Hain zuzen, Busturialdean eta Durangaldean bezala, lekuan-lekuan jaiotzen ari diren halako egitasmoei aterki zabalago bat emateko gunea da?

Bai. Gure ikuspegia orokorragoa da, eta gure barruan sartu dira eskualdeetako perspektiba hauek. Hain justu Gernikan badago esperientzia pilotu bat, Allende Salazarren, eta halakoek domino efektua izan dute: beste eskola eta guraso talde batzuk erakarri dituzte mugimendu honetara.

Egungo jangelaren eredua aldatu beharra aldarrikatzen duzue. Nolakoa da gaur egungo eredua?

2000. urtean Jaurlaritzak indarrean jarri zuen araudiaren araberakoa da eskola publikoetan duten eredua. Eredu zehatz bat inposatzen du: kudeaketa zuzena esaten zaio. Kudeaketa zuzen hori enpresen bitartez egiten da; konkurtso publikoa egiten da aldiro, eta enpresek hara jotzen dute. Enpresek handiak izan behar dute, noski, ertain eta txikiek ez dituztelako betetzen eskatzen diren baldintzak. Adibidez, egunean 4.500 menu egiteko gaitasuna izan behar dute, eta hori betetzen duten enpresak oso gutxi dira: zazpi bat.

Hainbat kexa izan dira azkenaldian jakien kalitate txarragatik.

Salaketak gero eta gehiago dira. Gaur egun, gure eskolen %30ek soilik daukate sukaldea. Gainerakoetarako, sukalde zentraletan prestatzen dute janaria, gero garraiatu eta jantokian zerbitzatu. Pentsa: janaria 04:00etan prestatzen da eta 13:00etan zerbitzatzen; imajinatu nola egon daitekeen.

Jakien jatorriarekin ere ez zaudete gustura.

Ez dago bertako produkturik. Gure datuek diote jangeletako elikagai guztiak datozela makro-merkatutik; menuak osatzen dituzten elikagaiek 5.000 kilometro egiten dituzte eta elikagai horiek oso kalitate apala dute.

Aldatu egin nahi duzue gaur egungo eredu hori. Nolakoa izan behar luke, zuen ustez?

Lehenik eta behin, eskolak aukera izan behar du hainbat ereduren artean hautatzeko. Gaur egun, eredu bakarra dago: inposatua. Osasungarriagoa izan behar du; kontuan hartu behar dira nutrizio balioak, eta elementu freskoak nagusitu. Horretarako, lehenik sukaldeak berreskuratu behar dira. Eskoletatik sukaldeak kendu zituzten, eta Jaurlaritzak ez dusukalderik jartzen egiten ari den eraikin berrietan. Eta lehentasunezkoa da; eredua aldatzeko, sukaldeak eskolan bertan egon behar du. Sukalde horretara iritsiko diren elikagaiek gertukoak eta freskoak izan behar dute. Guk uste dugu agroekologia edo produktu ekologikoak bultzatu behar direla.

Jantokiak berak ere aldatu nahi dituzue. Nola?

Gaur egun, jantoki batzuk bunkerrak dira. Hor sartzen dira umeak, badaude langile batzuk, bazkaltzen ematen diete, eta agur. Gune horiek ez dira eremu pedagogiko gisa erabiltzen. Elikadurak eta eskoletako jangelek gaitasun pedagogiko ikaragarria dute, eta hori ez da baliatzen. Buelta emateko, jangeletako langileek joera hezitzailea izan behar dute. Eta jangela, zerbitzutzat hartu beharrean, proiektu hezitzailearen zatitzat hartu behar da. Bestetik, familiek ez dute inolako ahalmenik han egoteko, ikusteko, eta eurek ere bertan bazkaltzeko, nahi badute. Gardentasuna behar da.

Eusko Jaurlaritza gaia lantzen ari da. Batzorde bat jarri du martxan, eta zuek pausoak eskatu dizkiozue. Zer norabidetan egin behar lituzke urratsak?

Jaurlaritzak batzordea eratu izana aurrerapauso bat da. Nik, pertsonalki, hiru gauza esan nizkien batzordean: lehenik, aukeratzeko garaia dela. Elikadura osasuntsuaren inguruan mugimendu handia sortu da, eta, beraz, aldatzeko aukerak daude. Bestetik, hau guztia trantsizio gisa ikusten dugula; ezin da egun batetik bestera aldatu, eta pixkanaka joan behar da neurri osasungarrietan, neurri hezitzaileetan, azpiegituretan eta agroekologian. Guztian behar da trantsizio bat. Ez dugu uste bideragarri denik hurrengo ikasturtean erabat aldatzea; gradualki aldatu behar da. Adostasuna edo akordioa behar dira bereziki. Gure ustez, Jaurlaritzak ezin du inposatu beste eredu bat, edo beste zazpi eredu. Akordioak garrantzia handia dauka proiektua ondo atera dadin. Jaurlaritzari ardura eta ausardia eskatzen dizkiogu bereziki. Jangelen eredua aldatzeko ausardia behar du Jaurlaritzak; izan ere, azken finean, interes ekonomiko asko daude enpresekin: lobby indartsuak dira, eta badakigu zer nolako presioak izaten diren hor erdian administrazioa egonda.

Catering enpresei buruz ari zara?

Bai, noski. Guk ez dugu eskatzen enpresa horiek desagertzea, baina bai gure eredua hobetzea; horretarako, Jaurlaritzak ausardia izan behar du, gauzak aldatzeko.

Uste duzu prest dagoela norabide horretan aurrera egiteko?

Galdera ona. Hori duela bost urte galdetuz gero, ezetz erantzungo nuke: Jaurlaritza frontoi bat zela, guztiari esaten ziola ezetz. Beretzat eredu hori zen bakarra, ikaragarri ondo funtzionatzen zuen, dena ondo zegoen eta eredugarria zen. Zer gertatzen da? Duela bi urte jantokien kontrako auzia agertu zela, eta hortik aurrera gizarte presioak eragina izan duela. Gizartearen nahiak mugiarazi du Jaurlaritza, gizarte eragileen presioak.

Beraz, presio horregatik bada ere, uste duzu pausoak emango direla?

Bai; pixkanaka, baina espero dugu pausoak ematea. Ikusiko dugu batzordea bukatzen denean zer gertatzen den; uda aurretik amaituko dela espero dugu. Orduan lehen mugimenduak planteatuko dira agian, eta ikusiko dugu noraino heldu nahi duten. Baina, gure ustez, koiuntura aldatu egin da, eta horrek mugitzera behartu ditu.