Altzairua herdoildu ez dadin

Altzairua herdoildu ez dadin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gori-gori. Halaxe dago altzairugintzaren sektorea azkenaldian Bizkaian. Trapagarango Productos Tubulares lantegiko beharginak greba mugagabean daude martxoaren 8tik, enpresako zuzendariak lantegia itxi nahi duela iragarri ondoren. ACB Sestao enpresako langileak, berriz, lanuzteetan dabiltza hilaren hasieratik, 2015. urtetetik iraungia duten lan hitzarmena berritu eta beraien lan baldintzak hobetzeko eskaerarekin. Sektorea babestu eta arnasa eman diezaiola eskatu diote langileek Eusko Jaurlaritzari behin eta berriz. Baina, bien bitartean, Europako Batasuneko altzairugintza ito nahian ari da Donald Trump AEBetako presidentea.

Altzairuaren gaineko muga zergak igo egingo dituela iragarri zuen hilabete hasieran AEBetako presidenteak. Oraingoz baztertu egin duen arren neurria Europako Batasuneko herrialdeetan ezartzeko aukera, kezka eragin du iragarpenak altzairuaren sektorean, halako neurriek euskal enpresetan izan dezaketen eraginagatik. Ozeano Atlantikoaren beste aldera ez ezik, Txinara begira ere badaude altzairutegiak, beldur baitira, AEBek ezarritako muga zergen ondorioz, Asiako herrialde horrek kostu azpiko altzairuaren inportazioa areagotuko ote duen Europan. Koktel horri aurretik sektoreak zituen arazoak gehitu behar zaizkio: tartean, argindar fakturen gehiegizko prezioa. Errealitatea gero eta makurragoa da sektorearentzat.

Aste mugituak izan dira azkenaldikoak. Tubos Reunidos enpresak hilabetearen hasieran iragarri zuen Trapagarango Productos Tubulares adarrean kaleratze dosierra ezarri asmo duela. Euskal altzairugintzaren beheraldiaren zerrendan beste kaltetu bat da Tubos Reunidos. 2017a zenbaki gorriekin itxi zuen enpresak; zehazki, 32,4 milioi euroko galera izan zuen iaz, eta, egoera ikusita, “langileriaren doikuntza” iragarri zuen Guillermo Ulazia fabrikako zuzendariak, Trapagarango enpresari erreferentzia zuzena eginez.

Kudeaketa arazoak

Ez da altzairutegia estualdian dagoen lehen aldia: 2016an ere aldi baterako erregulazio dosierra ezarri zuen zuzendaritzak Trapagarango enpresan, eta, erabaki horren ondorioz, 398 langileri lanaldia erdira murriztu zitzaien urtebetez. Egoera bere onera etorriko zelakoan zegoen zuzendaritza orduan. Baina ez da hala izan, eta zorrak pilatuta dago Productos Tubulares. Bada, greba mugagabean daude enpresako 420 langileak martxoaren 8tik. Beharginen arabera, zuzendaritzak egindako “kudeaketa txarren eta erabaki okerren” ondoriozkoa da gaur egungo egoera.

Bestelako argudioak jarri ditu enpresako zuzendaritzak: langileek greba mugagabea iragarri zuten egunean bertan, Europako Batasunetik esportatzen zen altzairuari %25eko muga zerga jartzeko asmoa iragarri zuten AEBek. Tubos Reunidos fabrikako zuzendaritzak emandako datuen arabera, bere produkzioaren %46 esportatzen du AEBetara gaur-gaurkoz, eta aduanen kostua igotzeak bete-betean kalte egingo lioke enpresaren bideragarritasunari.

Langileek ezetz diote, ordea, aitzakia besterik ez dela AEBek iragarritako neurria, eta enpresaren kudeaketa txarra dela arazoaren sorburu nagusia. Bide horretan, azken urteetan izan dituen emaitzen zerrendak izan daitezke argibide: 7,1 milioi euro irabazi zituen enpresak 2014an, eta handik bi urtera, 2016an, 16,2 milioi euro galdu. Gaur egun, 200 milioi euroko zorra du. Horrek esan nahi du, Trumpek ezer iragarri aurretik ere, arazo nabariak zituela Tubos Reunidosek.

AEBek aduana zergen inguruko neurria azaldu eta berehala, hura martxan jar ez dezan negoziazioa abiatu du Europako Batzordeak. Eta badirudi lortu dutela salbuestea. Joan den astean iragarri zuen Trumpek apiril bukaerarako altzairuaren esportazioari buruzko hitzarmena itxita nahi duela EBrekin. Batasuna salbuetsi duen arren, Txinako altzairuari muga zergak ezarri dizkiote AEBek. Hala iragarri zuen joan den astean. Neurri horrek ere eragina izango du euskal altzairugintzan, Asier San Millan Siderex Hego Euskal Herriko altzairu klusterreko zuzendariaren hitzetan.

Oztopo bikoitza

Altzairuaren jiran antolatutako guztia hartzen du aintzat Siderex elkarteak altzairugintzaz aritzean: altzairu fabriketatik hasi eta automobilgintzaraino; labeetatik, pieza txikien ekoizpeneraino. “Enpresa askoren oinarrian dagoen metala da. Altzairurik gabe, ez litzateke altzairua eraldatzeko enpresarik egongo, ezta altzairuzko materialarekin egindako pieza diseinatuko lukeen ingeniaririk ere”.

Sektore osoa aztertzen du klusterrak, eta altzairugintzari buruzko ikuspegi baikorra azaldu du San Millanek. “2017a nahiko urte ona izan da. Zeuden aurreikuspenak bete, eta enpresei ez zaie lan kargarik falta izan. 2018rako joera bera espero zen”. Geldialdia egin du hor Siderexeko zuzendariak. Iraganean kokatu baitu 2018rako iragarpena. Azaldu du zergatia ere: “Diskurtsoa aldatu egin da martxoaren 8tik hona, Trumpek aduanen inguruan egindako iragarpenaren ondotik, alegia. Hego Euskal Herriko altzairugintza aintzat hartuta, sektoreak 5.500 milioi euro fakturatzen ditu gaur egun. Esportazioak dira 2.190 milioi euro, eta, kopuru horretatik, 200 milioi bideratzen dira AEBetara”. Siderex elkarteak dituen datuen arabera, sektore siderurgikoak 100 enpresa baino gehiago ditu Hego Euskal Herrian, eta 16.000 lanpostu inguru.

Garrantzitsua da AEBetako merkatua. Halarik ere, Europako Batasuneko herrialdeak dira bezero nagusiak. “Hego Euskal Herriko altzairugintzaren bezero nagusia EBko herrialdeak dira: Frantzia, Alemania eta Ingalaterra. Laugarren postuan daude AEBak. Bizkaiko altzairugintzari dagokionez, berriz, zortzigarren postuan dago AEBen merkatua”. San Millanek azaldu duenez, berri ona da AEBek muga zergak ezartzea behin-behinean baztertu izana. Baina zuhurtzia eskatu du: “Behin-behineko erabakia da”.

Galderak eta erantzunak, biak jaurti ditu Siderexeko zuzendariak jarraian. “Nola eragingo liguke AEBek %25eko muga zergak jartzeak? Eta nola eragiten digu hirugarren lurraldeetan aduana zerga hori ezartzeak?”. Altzairugintzak epe laburrean izan ditzakeen arazoak azaldu ditu San Millanek. “Argi dago: AEBek Europako Batasuneko herrialdeko altzairugintzari zerga handitzen badiote, ez gara lehiakorrak izango. Baina, neurri horretatik aske geratzen bada, AEBetako esportazioak are gehiago handitzeko aukera izango dugu”. Orain arte Asiak esportatutako altzairuaren merkatu zati bat bere egiteko aukeraz ari da Siderexeko zuzendaria.

Baina ez da aurkeztu duen egoera bakarra: Txinako altzairua ekarri du ahotara. Munduan ekoizten den altzairu kopuruaren erdia baino gehiago fabrikatzen du Asiako erraldoiak. Hala azaldu du Siderexeko zuzendariak. Eta produktua AEBetara esportatzeko Trumpek ezarri berri dion mugak eragin zuzena izan dezakeela Bizkaian ere. “Altzairua AEBetako merkatuan sartu ezin badute, merkatu berriak bilatu beharko dituzte, eta EBko herrialdeetan zuzenean eragingo luke horrek, altzairuaren gainkargaren ondorioz prezioen arteko gatazka egongo litzatekeelako”. 2016an ere hartu zituzten Txinako dumping-aren aurkako neurriak Europako Batzordean, Asiako herrialde horrek altzairua produkzio kostuen azpitik saltzea galarazteko. Bada, berriz heldu behar zaio auziari, San Millanen esanetan. “Txinako altzairuak bertako altzairugintzaren lehiakortasunean eragin ez dezan, neurri azkarragoak hartu behar dira. Prebentziorako neurriak hartu behar dira berandu baino lehen”.

Gainditu beharrekoak

“Oraindik ere oztopo asko ditugu gainditzeko”. Labe garaietatik labe elektrikoetara egindako jauzian katramilatuta dago oraindik euskal siderurgia, San Millanen iritziz. “Altzairuaren industria birmoldatu zenean labe elektrikoen aldeko hautua egin zen hemen. Labe elektrikoek txatarra behar dute altzairua egiteko, eta, nola ez, elektrizitatea”. Txatarra eta argindarra, biak bihurtu dira oztopo Siderexeko zuzendariaren arabera. “Argindarraren faktura izugarri handia da hemen. Europako beste herrialdeekin alderatuta, asko ordaintzen da, eta, nola ez, eragina du produktuaren prezioan. Berdin txatarrarekin ere. Hemen ez dugu txatarra nahikorik, eta inportatu egin behar dugu. Produktuaren prezioa beste pusketa bat handitzen da horren eraginez. Hemengo altzairuaren lehiakortasunean eragin zuzena du egoerak”.

Hirugarren muga ere aipatu du. “Ingurumenari kalte gutxiago egiteko dirua inbertitzen dute bertako altzairutegiek, gas emisioak gutxitzeko teknologietan dirua gastatzen dute, eta horrek ere ondorioa du produktuaren azken prezioan”.

Europako herrialdeen artean energia kostuaren prezioak berdintzea beharrezkoa dela dio San Millanek. “Joko arau berdinak izan behar dituzte altzairugintzan diharduten Europako Batasuneko enpresek. Eta berdin ingurumenaren eremuan ere: arau berdinak izan beharko genituzke herrialde guztietan, denak lehiakor izateko aukera izan dezagun”. Euskal Herrian dauden altzairutegiak babestu egin behar direla uste du San Millanek, eta, aurrera egin dezan, sektorean inbertsioak egin behar direla azpimarratu du.