Mantsotzen ari den hiriburua

Mantsotzen ari den hiriburua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Moteldu egingo da Bilbo maiatzaren 30etik aurrera. Bilboko Udalak iragarri berri du orduko 30 kilometroko muga ezarriko dutela hiriburuko kale gehienetan, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planean adostutako neurriei jarraikiz. Bizkaiko hiriburuko “mugikortasunaren paradigma” aldatzera dator aipatutako neurria, Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta zinegotzi sozialistak Radio Euskadin egindako elkarrizketan esandakoaren arabera. Orotara, 377 kilometro bide daude hiriburuan; horietatik 48tan besterik ez dute mantenduko orduko 50 kilometroko abiadura. Gainontzeko 329 kilometroetan orduko 30 kilometrora murriztuko dute bi hilabete barru.

Abiadura muga bere horretan utziko dute hiriburuko 75 kale eta biribilgunetan. Joan-etorri gehien izaten diren bide nagusietan, izan ere, orduko 50 kilometroko abiadura mugari eustea erabaki du udalak; tartean, Agirre Lehendakariaren etorbidean, Campo Volantin pasealekuan, Autonomia kalean, Hurtado Ametzaga kalean, Diego Lopez de Haro kale nagusian, Mazarredo zumarkalean eta Urkixo kalean. Hiriburuko sarbideetan ere mantendu egingo da abiadura muga: Miraflores eta Miribillako sarreretan, Salbeko zubian, Begoñako Andra Mari kalean, Bilbo eta Galdakao lotzen dituen errepidean, Enekuri etorbidean, eta San Adrian eta Juan Garai etorbideetan. Horrenbestez, hiri barneko kaleetan nabarituko dute neurria gehien.

Aspaldikoa da hiriburuko kaleetan abiadura muga jaistearen aldeko eskaera. Joan den astean bertan, gutun ireki bat idatzi diote Biziz Bizi Bilboko Hiri Txirrindularien Elkarteko kideek Gil zinegotziari. “Hitza eman zenigun urte hauetan, bizikletaren erabilerari dagokionez, Bilbok erabateko aldaketa izango zuela, Kopenhage eta halako europar hirien mailara iritsiko zela”.

Hainbat azterketak baieztatu dute hirietako garraioa kutsadura sortzaile nagusietakoa dela. Adibidez, Greenpeace talde ekologistak Klima aldaketaren balaztarik gabeko motorra ikerketan ohartarazi zuen gaur egun berotegi efektuko gasen %10 hirietako ibilgailuei dagokiela. Bilboren kasua azpimarratu zuten egindako txostenean, Euskal Herriko hiririk handiena izanagatik ere ez baitzuen inolako planik egoerari aurre hartzeko.

Ekologistak Martxan elkarteak airearen kalitateari buruz urtero argitaratzen duen txostenaren arabera, Bilbo Handiko hainbat lekutan OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako neurrien langa gainditzen zen 2017an. Eta ideia horretan ere egin dute indar Biziz Bizi elkarteko kideek udal ordezkariari idatzitako gutunean. “Ez gara hiri mugikortasun jasangarriaz bakarrik ari, hiritarren osasunaz ere ari gara. Giza osasunari eragiten dioten lege mugak gainditzen dituzten estatuko 14 hirien artean dago Bilbo”. Bada, hiri garatuen pareko jarri nahi dute Bizkaiko hiriburua, eta 2030erako airearen kalitatea %50 hobetzeko erronka ere hartu dute udal ordezkariek. Hiri eredu “osasuntsuagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa” lortu nahi da Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planarekin.

Hiri “jasangarriagoa”

Hiriburuan dabiltzan ibilgailuei abiadura muga jartzea ez da erronka makala. Izan ere, ohiko lanegun batean 1.400.000 lekualdaketa egiten dira orotara, sartu eta irteteko zein hiri barruan. Kopuru horretan %31 dira autoak; hau da 435.000. Baina joan-etorri guztietatik 850.000 dira hiriburu barneko bidaiak, eta horien artetik %12 bakarrik egiten dira autoz. Gehienak, %65, oinez egiten dira, eta gainerako %23, berriz, garraio publikoan. Hobetu beharreko alderdien artean, bizikletaz ibiltzeko aukerak eta baliabideak hobetzea aipatu dituzte behin eta berriz udal ordezkariek; askoren artean, Biziz Bizi elkarteko kideek urte luzez egindako eskaera eta aldarrikapenek bultzatuta.

Hain zuzen, Bizkaiko hiriburuko abiadura orduko 30 kilometrora mugatzeko sinadura kanpaina abiatu zuen elkarteak 2013an, Ekologistak Martxan elkartearekin batera. Hiriburuko abiadura murrizteko lau argudio aurkeztu zituzten. Bat: abiadura mugak istripuak murriztuko lituzke eta baita horien larritasuna ere. Bi: kutsadura gutxiago eta, ondorioz, airearen kalitate hobea lortuko litzateke. Hiru: hiriburuko zarataren maila jaitsiko litzateke. —OME Munduko Osasun Elkartearen arabera, hiriburuetako zaratak eragin zuzena du herritarren osasunaren egoeran, eta frogatu ere egin da gero eta abiadura eta zarata gutxiago izan, orduan eta osasun gastu gutxiago dagoela—. Eta lau: energiaren menpekotasuna eta kontsumoa gutxitu eta auto pilaketak saihestuko lirateke. Antzeko argudioekin aurkeztu du Bilboko mugikortasun zinegotziak maiatzetik aurrera ezarriko den abiadura mugatzeko neurria. Jada prest dituzte 430 bide seinaleak, eta, azaldu dutenez, radarrak ere ezarriko dituzte.

Ekologistak Martxan elkarteak hiriburuko Mugikortasun Planaren harira iaz osatutako diagnostikoaren arabera, gero eta herritar gehiagok hautatzen du bizikleta hiriburutik mugitzeko garraiobide gisa: ekologistek jasotako datuek diote 2003an hiriko lekualdatzeen %0,3 egin zirela bizikletaz, eta gaur egun %3,6 direla. Orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarrita, bizikletaren erabilera areagotu nahi du udalak.

Hain justu, bizikleta elektrikoak are gehiago indartzeko neurriak hartu ditu udalak. 2019ko urtarrilerako 450 izango ditu udal zerbitzuak, eta errepidetik ibil daitezen erraztuko du hiriburuan zehar ezarritako abiadura mugak. Gilek iragarri du epe ertainean neurriak hartuko dituztela bizikletak ibil daitezen orduko 30 kilometroko abiadura baino gehiagoko errepideetan. “Oinezkoek eta bizikletan mugitzen direnek gero eta espazio gehiago hartzen duen kultura sortu nahi dugu. Bilbok 42,5 kilometro karratu ditu, eta oinez zein bizikletaz gozatzeko aukera ematen dio ezaugarri horrek”.

Abiaduraz harago

Orokorrean, lan arrazoiengatik izaten dira Bizkaiko hiriburuko lekualdatze gehienak. Lantoki eta bizitokien arteko distantziak nabarmen handitu dira azken hamarkadetan, eta, Ekologistak Martxan elkarteak hiriburuko Mugikortasun Planaren hausnarketa prozesuaren testuinguruan osatutako txostenaren arabera, hori da herritarren mugikortasun ohituren gako nagusia: hirien kanpoaldean daude osasun etxeak, ikastetxeak eta saltoki handiak. Lana eta zerbitzuak lekuz aldatzeak eragin zuzena izan du hiriguneko mugikortasunean eta eguneroko joan-etorrietan. Ez da arrazoi bakarra, ordea. Gizartearen zahartzea aldagai gisa aztertu behar dela uste du Ekologistak Martxan-ek, demografiak guztiz baldintzatuko baititu epe laburrean hirigunean mugitzeko baldintzak eta moduak. Aintzat hartzekoa da adinaren aldagaia, 2030ean bilbotarren %30,2k 60 urte baino gehiago edukiko baitituzte.

Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek egin dute bat abiadura mugatzeko neurriarekin eta, Gilen arabera, balio erantsia du horregatik. Okerrik ezean, bi hilabete barru jarriko dituzte bide seinale berriak. Baina hiriko mugikortasunaren eztabaidak luze joko du oraindik.