Hazi eta gaztetu den txapelketa

Hazi eta gaztetu den txapelketa

Asier Arrate Iruskieta

“Txapelketa eguneroko lanaren isla da, eta aurpegi, eskualde eta plaza berriak gehitzeko aukera eskaintzen du”. Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzak dira, eta apirilean abiatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketak dagoeneko lortutakoa laburbiltzen du. 2018ko edizioak inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu, eta izena eman duten 23 bertsolarirentzat lehen aldia izango da. Formatuari dagokionez, 2016ko ereduari eutsiko diote.

Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen eragilearekin eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariarekin batera aurkeztu du Ibaibarriagak 2018ko txapelketako udaberriko fasea. Antolatzaileak parte hartzearekin “pozik” agertu dira, eta nabarmendu dute bertsolari gazteek izena emateak erakusten duela Bizkaiko bertso eskoletan eta ikastetxeetan egindako “transmisio lana”.

Bizkaiko 23. Bertsolari Txapelketa izango da aurtengoa, eta, duela bi urtekoa bezala, bi fasetan banatuko da: udaberriko sailkatze fasea eta udazkeneko kanporaketak. 2016an eskualdekako sailkatze eredua aldatu ostean, egungo txapelketa formatua “egonkortuta” dagoela adierazi du Ibaibarriagak.

Sailkatze fasea udaberrian

Sailkatze fasean hamahiru saio egongo dira, eta 11 herritan jokatuko dira. Apirilaren 14an izango da lehena, Bilbon, eta maiatzaren 26an azkena, Abadiñon. Goizeko saioak 12:00etan izango dira, eta arratsaldekoak, 17:30ean. Nobedade moduan, aurten, Ondarroan eta Getxon saio bikoitzak egongo dira; goiz eta arratsaldez. Narbaizak gaineratu du “berezia” izango dela maiatzaren 6an Balmasedan egingo den saioa. “Egun osoko jaia izango da, eta, bertso saioaz gain, eskolarteko idatzizko eta bat-bateko finalak eta bazkaria ere antolatu ditugu”, azaldu du.

Udaberriko fasea bukatuta, uda ostean helduko diote berriz txapelketari. Udagoieneko fasea urrian abiatuko da. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu. Kanporaketetan 30 bertsolarik parte hartuko dute. Sailkatutako bertsolariei 2014ko finalistak gehituko zaizkie. Finalaurrekoetan, berriz, hemezortzi bertsolarik kantatuko dute, eta 2016ko finalistak gehituko zaizkie. Finala Bilbon izango da, eta zortzi bertsolarik parte hartuko dute. Oraindik ez dituzte zehaztu kanporaketa faseko egunak eta lekuak.

Aurtengo txapelketako irudia, “kolore ezberdinetako baso bat” izango da. Antolatzaileek azaldu dute irudiarekin adierazi nahi dutela, basoetan bezala, “ikusten dena baino askoz gehiago” dela Bizkaiko bertsolaritza. “Baso baten errazen zuhaitzak ikusten dira, baina haizea, ura eta beste hainbat elementu behar dituzte zuhaitzek hazteko”. Narbaizak adierazi duenez, “basoaren metafora” baliatu dute erakusteko txapelketetan, bertsolariez gain, beste hainbat pertsona beharrezkoak direla. Aldundiko euskara zuzendariak ere, txapelketaren antolakuntzaren atzean dagoen “isileko lana” nabarmendu du. Txapelketak “garrantzia itzela” duela azpimarratu du De Castrok: “Kultura ezagutu eta hizkuntza bizitasunez eta adierazkortasunez janzteko tresna sendoa da bertsolaritza”.

Saioetarako sarrerei dagokienez, antolatzaileek jakinarazi dute ez direla aurretiaz salduko. “Saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago erosi ahalko dira, txarteldegian”, azaldu du Narbaizak. Udaberriko faseko sarrerra arrunten prezioa 3 euro izango da. Bazkideentzat, berriz, 2 euro. 16 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira.