Gaztelugatxerako sarbidea kontrolatu nahi du aldundiak

Gaztelugatxerako sarbidea kontrolatu nahi du aldundiak

Natalia Salazar Orbe

Ingurua ezagutzen zutenentzat eta bisitari gutxi batzuentzat leku magikoa zena turista ugari erakartzen dituen eremu bilakatu da. Datuek hala erakusten dute. Joan den abuztuan, esaterako, 143.000 bisitari joan ziren Gaztelugatxeko Donienera. Lehenago ere, iazko Aste Santuan, alarmak piztu ziren bertaratutako jende oldearen ondorioz. Inplikatutako administrazioak neurriak hartu beharraz mintzatu izan dira. Orain, aldundiak batzuk iragarri ditu. Epe labur, ertain eta luzean martxan jartzeko neurriak dira.

Horietako batzuk zuzenean aplikatuko ditu. Beste batzuk, berriz, inplikatutako administrazio eta agenteekin adostuta gauzatzekoak dira. Azken horien artean, sarbidea kontrolatzeko ticketing deritzon sistema ezartzeko aukera aztertuko dute. Horretarako, modulu bat jartzeko baimen eskaera ere egin dio aldundiak jada Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioari. Hala jaso du martxoaren 20ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialak. Oraingoz, sarrera hori ez dute kobratuko.

Bost lan esparru zehaztu dituzte planteatutako helburuak gauzatzeko: estrategia turistiko-kultural baten diseinua, bisitariei esperientzia aparta sortzeko; mugikortasun eta irisgarritasun konponbideak garatzea Gaztelugatxen; komunikazio estrategia bat garatzea; biotopo babestua kontserbatzen lagunduko duten ekimen berriak abian jartzea, eta, azkenik, enklabearen kudeaketaren antolamendua zehaztea.

Datozen jaiegunetarako aurreikusi duten bisitari kopuru handiaren aurrean neurri batzuk zehaztu dituzte. Besteak beste, Bermeotik eta Bakiotik aterako den Bizkaibus zerbitzuaren maiztasuna areagotuko dute. Bisitarientzako hiru arreta gune jarriko dituzte. Gaztelugatxeri zein Bizkai osoari buruzko informazioa aurkituko dute horietan. Komun kimikoak ere jarriko dituzte.

Aurrera begira, Aste Santu osterako azpiegitura lanak iragarri dituzte. Besteak beste, aparkaleku gehiago egingo dituzte: 370 leku daude egun, eta 130 gehiago jarriko dituzte. Epe luzerako proposamenek gainerako agenteen oniritzia jasotzen duten itxaron beharko dute. Horretarako, bilerak egin behar dituzte. Batzar horien emaitzak finkatu eta definituko du Gaztelugatxen jarduteko onartuko duten behin betiko plana. Argi dutena da enklabearen gobernantza eredua definitu behar dutela; alegia, inplikatutako administrazio eta eragileen ordezkaritza izango duen entitatea.

Beste alde batetik, Bermeoko biotopoak azkenaldian lortu duen erakargarritasuna Bizkaiko kostaldera zabaltzeko baliatu nahi du aldundiak. Hala azaldu dute asteon Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatuak. Eremuan martxan jarri nahi dituzten 85 neurrien berri eman zuten prentsaurreko berean egin zuten iragarpena.

Hain zuzen, Gaztelugatxeren ospea aprobetxatu nahi dute era koordinatuan itsasertzeko udalerriak sustatzeko: Muskiztik Ondarroaraino. Hala, aldundiak itsasertzeko udalerrien sare bat eratu nahi du. Proiektu horretan ingurumena babestu eta zaintzeko konpromisoa baztertu ezina dela azaldu du Rementeriak. Kalkulu ekonomikoak ere egin dituzte: aldundiak proposatutako neurriek 27 eta 33 milioi euro arteko ekarpena egingo diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinari datozen urteetan, eta 600 lanpostu inguru sortuko dira.

Herritarren iritzia

Hainbat administraziok dute eskumena Gaztelugatxeko Donienen. Kosta Mugapea, Aldundia eta Bermeoko Udala daude tartean. Azken horrek denen arteko koordinazioaren beharra azpimarratu du. Aldundiak egindako proposamena sakon aztertu behar dutela azaldu du Idurre Bideguren alkateak, komunikabideek bezala, asteon izan baitu haren berri. Ostean ikusiko dute alegaziorik egin behar dioten proiektuari. Horretarako, herritarren iritzia jasoko dute. Herri batzarrera deitu du apirilaren 18rako, Nestor Basterretxea aretoan. “Kezka dago herritarren artean. Oso enklabe berezia da bermeotarrontzat”. Oinarrizko bi premisa ezarri ditu: “Ingurunea eta Gaztelugatxeren identitate kulturala errespetatu eta zaintzea”. Horretarako, zenbait proposamen bazituzten. “Gure asmoa zen Bermeon egitea disuasio aparkalekua, eta handik autobus zerbitzua jartzea Gaztelugatxera. Edo oinezko eta bizikletentzako bidea egokitu eta bizikletak eskaintzea”. Bera ez da sarbidea kobratzearen aldekoa.