“Ezarri nahi duten eredua ez da bezeroek eskatzen dutena”

“Ezarri nahi duten eredua ez da bezeroek eskatzen dutena”

Asier Arrate Iruskieta

Aste Santuarekin batera bueltatu da saltokiak jaiegunetan irekitzearen inguruko eztabaida. Bilbon, 342 komertzio irekiko dituztela jakinarazi zuten eguaztenean. Legez, saltoki txikiak 365 egunez eta handiak urtean zortzi jaiegunetan zabaltzeko baimena dute. Hala ere, urte luzez ordutegien liberalizazioa gelditu du saltoki txikien jabeen, sindikatuen eta bezeroen arteko adostasunak. Marije Fernandez ELA sindikatuko komertzioko arduradunaren esanetan, egoerak okerrera egin du Espainiako Gobernuak indarrean jarritako legeen eta saltoki handien estrategien ondorioz.

Zein da oraintxeko egoera?

EAEko legediak aukera ematen du saltoki txikiak jaiegunetan irekitzeko, baina komertzio txikiek ez irekitzeko hautua egin dute. Hainbat arrazoi daude horretarako. Lehenik, presio sindikala dago. Bigarrenik, dendari gehienak jaiegunetan irekitzearen aurka azaldu dira. Azkenik, euskal gizartearen kontsumo ohiturak daude. Hala ere, hainbaten arteko adostasun hori kolokan dago.

Zerk paratu du kolokan orain arteko adostasuna?

Azken urtean, turismo handiko eremuak zehazten dituen 20/2012 legea zabaltzeko pausoa eman dute erakunde publikoek. Lege horrek dio turismo handiko eremuetan komertzioek, txikiek zein handiek, ez dutela ordutegi mugarik. Orain arte, soilik Donostiako eta Bilboko gune batzuetara mugatu da legea, baina turismoa aitzakia hartuta, araudia hiriko gune gehiagotara zabaltzeko pausoak ematen hasi dira. Hori onartzen badugu, berandu baino lehen hiri osora zabalduko da.

Turismo handiko eremuak zehazten dituen legeak tokiko errealitatea islatzen du?

Inondik inora ere ez. Turismo gune bezala zer definitzen duen ikusita, Euskal Herriko edozein herri bihurtu daiteke turismo handiko eremu. Horrez gain, legeak Eusko Jaurlaritzaren eskumenak ezerezean uzten ditu.

Aste Santuko turismoari begira, Bilbon 342 komertzio irekiko dituztela esan dute. Zer deritzozu?

Informazio hori egiaztatu ostean, jakin dugu denda bakarrak irekiko duela, gainontzekoak tabernak eta jatetxeak direla. Horregatik, salatu nahi dugu komertzioen irekiera sustatzea helburu duten albisteak argitaratzea. Deitoratu nahi dugu ere udalaren jarrera. Turismoa aitzakiatzat hartuta, komertzioen irekiera sustatu du. Udalak, erakunde publiko gisa, tokiko dendarien interesak defendatu beharko lituzke.

Saltoki handien estrategiak ere salatu dituzue.

Ohartu gara elikagaien saltoki handiek jaiegunetan zabaltzeko bide berriak abiatu dituztela: alde batetik, komenentzia dendak daude. Komertzio horiek gainontzekoek itxita daudenean ere eskaintzen dute beraien zerbitzua. Eredu hori izugarri hazi da azken urtean, eta uste dugu horren helburua ez dela bezeroei ordutegi malguago bat eskaintzea, sektoreko ordutegiak liberalizatzea baino. Bigarrena, frankizien eredua da. Saltoki kate baten izena du dendak, baina, ofizialki jabea dendari pribatu bat da. Modu horretan, saltoki handiek dituzten mugak saihesten dituzte.

Beste saltoki eredu batzuetara zabaldu daiteke joera hori?

Hori da lortuko dutena. Elikagai saltoki handiak bidea irekitzen ari dira, eta beraien atzetik etorriko dira gainontzeko sektoreetako saltoki handiak. Horregatik ezin diegu utzi, apur bat bada ere, aurrera jarraitzen. Madrilen jaiegunetan irekitzen zuen denda bakarrarekin hasi ziren, eta orain hiri guztia liberalizatu dute.

Saltoki handiek dute jaiegunetan irekitzeko interes gehien?

Beraiek bakarrik aterako diote etekina ordutegiaren liberalizazioari. Dendari txikiak badaki ez dela gai izango jaiegunetan ireki eta saltoki handiekin lehiatzeko. Arazoa ez da saltoki txikiek jaiegunetan irekitzea, saltoki kate erraldoiek aukera hori izatea baizik. Jendea nahastuta dago. Saltoki txikiek legez ireki dezakete urte osoan. Ez dute irekitzen ez zaielako komeni.

Ordutegi liberalizazioaren onuren inguruko nahasmena dago?

Nahasmen izugarria dago. Ez da egia salmenten bolumena haziko denik. Ez du lanpostu gehiago sortuko, eta, sortzen baditu, baldintza okerragoetan izango da. Izan ere, sortuko liratekeen kontratuak lanaldi partzialekoak izango lirateke, eta langileen kontziliazioa ezerezean geratuko litzateke. Bestalde, jaiegunetan irekitzearen alde diren saltoki handietako lan baldintzak okerragoak dira, horietako langileek Espainiako Estatuko lan hitzarmena dutelako.

Sektorearen liberazioak komertzio txikia galtzea ekarriko duela salatu duzue.

Komertzio txikiak ezingo dira handiekin lehiatu, eta desegin egingo dira. Liberalizazioaren alde eginez gero, hiriak hutsik geratuko dira, eta jendeak hirien kanpoaldeko zentro komertzialetara joko du. Ez hori bakarrik, gizartearen uniformetasuna ere nagusituko da. Tokiko denden produktu propioa desagertuko da, eta eskaintza bakarra kate erraldoien produktua izango da.

Gizartearen kontsumo joerak ez dira aldatu?

Ez dut uste. Inkestek aurkakoa erakusten dute. Lehen aipatu bezala, Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak egindako azken inkestaren arabera, galdetutako pertsonen %94k erantzun zuen nahikoa dela saltokiek astelehenetik zapatura irekitzea. Soilik, %2 azaldu ziren aste osoan irekitzearen alde. Jaiegunetan irekitzearen inguruan galdetuta, %71 aurka agertu ziren. Saltoki handiek ezarri nahi duten eredu komertziala ez da hemengo bezeroek eskatzen dutena.

Zein litzateke irtenbidea?

Erakunde publikoek jarrera argia erakutsi behar dute. Ezin dute utzi Espainiako Gobernuak erabakitzea beraiena den eskumen baten inguruan. Eta erabaki bat hartu aurretik, kontuan hartu behar dituzte dendarien, bezeroen eta sindikatuen eskariak.