Bilbo erdian alokairuan bizitzea ia ezinezkoa dela berretsi du ikerketa batek

Bilbo erdian alokairuan bizitzea ia ezinezkoa dela berretsi du ikerketa batek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Azken urteetan Bilbon hitzetik hortzera dabilen salaketa bati datuak jarri dizkio ikerketa batek. Hiriburuan etxebizitzen alokairuei zein salerosketei buruz higiezinen agentzia batek egindako azterketaren arabera, bilbotarrek ezinezkoa dute hiriburu erdigunean zein Zazpikaleetan alokairuan bizitzea, horien prezio altuengatik. Alokairuen eskaria handitzen ari da urtetik urtera, baina apustu hori egiten dutenek auzoetara jo behar izaten dute halabeharrez, ikerketan ondorioztatu dutenez. Erabilera turistikorako etxebizitzak jarri ditu agentziak horren eragile zuzentzat.

Hiriburuan 700 bat etxebizitza daude alokairuan, Arrendamiento 10 agentziaren arabera. %35 (250 inguru) Zazpikaleetan eta Zabalgunean, Abandon eta Indautxun daude; gaur egun garestienak diren tokietan. Ohiko etxebizitza gisa alokatzeko prest dauden pisu horien truke, 1.000 euro baino gehiago ordaindu behar dira hilean; horietatik %80, 1.200 eurotik gora. “Auzo horietan alokairuan bizitzea gero eta zailagoa da, ezinezkoa dela ez esateagatik”, ondorioztatu du ikerketa egin duen agentziak.

Eta egoera deigarri bat plazaratu du: alokairuan bizitzeko hautua nabarmen eta etengabe handitzen ari den joera izan arren eta gero eta eskari handiagoa dagoen arren, alokatu gabe geratzen dira etxebizitza horietako gehienak. Arrazoia argia da: “Oso gutxik ordain dezakete dirutza hori”. Ondorioz, alokairuan bizi nahi duten bilbotar gehienek inguruko auzoetara jotzen dute, ordaindu beharrekoa dezente gutxiago izaten baita. Eta azken urteetan nabarmen indartzen ari den hautua da etxea erosi ordez alokairuan hartzea.

1.200 euro edo 500, hilero

Erdigunetik alde egiten ari dira herritarrak, beraz, bizileku bila. Eta erdialdetik kanpo ere desberdintasunak handiak dira etxeen kokalekuen arabera. Agentziak egindako azterketan “tamaina ertaineko” etxebizitzen alokairuak alderatu dituzte; bi logelakoak, 65-75 metro koadro ingurukoak. Errekalde, Otxarkoaga eta Zorrotzan, adibidez, hileko 500 eta 600 euroren truke alokatzen dira halako bizilekuak, batez beste; Uribarri, Santutxu eta Abusun, 650 eta 720 euro artean; eta Deustuan eta San Ignazion, 850-900 euro artean.

Aldea handia da erdiguneko auzoen eta kanpoaldekoen artean. Higiezinen agentziaren arabera, kanpoaldean ez dago erabilera turistikorako eguneko edo asteburuko alokatzen den pisurik, eta, beraz, salneurriak ez dira erdigunean bezala garestitu.

Hain zuzen ere, Airbnb atariaren datuen arabera, gaur egun 300 pisu turistikotik gora daude Bilbo erdialdean. Eta kalkulatzen da beste bide batzuk erabilita halako dezente gehiago alokatzen direla.

Hori guztia aztertuta, “arazo” gisa azaldu dute egoera ikertzaileek, batez ere hiriburuaren erdiguneari erreparatuta. “Eskaria oso handia da; alokatzeko etxebizitzak badaude, baina prezio altuengatik hutsik geratzen ari dira”. Hala ere, joera hori aldatuko den ustea plazaratu dute, udalak jarri dituen mugengatik eta “eskaera-eskaintza arauengatik”.

Alokairuak indar hartu duen garaiotan, salgai ere etxe asko daudela zehaztu du agentziak: 5.000 inguru Bilbon.