Bazterkeria egoeran bizi diren andreen kopurua handitzen ari da

Bazterkeria egoeran bizi diren andreen kopurua handitzen ari da

Aitziber Laskibar Lizarribar

Pobreziak eta bazterkeriak emakume izena du. Baita Bizkaian ere, eta gero eta gehiago, gainera. Hori ondorioztatu du Bizkaiko gizarte zaurgarritasunari buruzko II. txostenak. Gurutze Gorrira laguntza eske joandakoen datuak oinarri hartuta, Deustuko Unibertsitateko Droga-Menpekotasunen Institutuak egin du azterketa, eta emaitza kezkagarriak utzi ditu.

Bizkaiko Gurutze Gorriaren esku-hartze arloetan 2014an laguntza eskatu edo jaso duten 7.142 pertsona helduetan oinarrituta osatu dute txostena. Egileek azaldu dutenez, laguntza eske jotze hutsak adierazten du zailtasun egoeran daudela horiek guztiak, eta arreta hori jaso duten gehienak emakumeak izan dira: %55,8, aurreko urtean baino hiru puntu gehiago. Zaurgarritasun larrian dauden pertsonen artean, are handiagoa da emakumeen presentzia. Andre horiek lan egiteko adinean daude, batez beste 47 urte dituzte, gehienak bikotekidearekin bizi dira, eta euren kargura seme-alabak dituzten amak dira. Bertan jaiotakoak dira erdiak; beste erdiak, atzerritik etorritakoak, batez ere Magrebekoak eta Latinoamerikakoak.

Formazioari dagokionez, denetariko ikasketa mailak dituzte egoerarik larrienetan dauden horiek, baina erdiek baino zerbait gehiagok bigarren hezkuntzako ikasketak dituzte.

Lanpostua dutenak ere bai

Lanpostua ere bai. Hori da, hain zuzen, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadaren baitan alarmak piztu dituen alorretako bat: “Gurutze Gorrira jotzen duten pertsonen profilari esker jakin dugu pertsona asko daudela zaurgarritasun egoeran soldata bat jaso arren”. Eta kezka eragin dio horrek: “Zer gertatzen ari da lana duten pertsonek ezin izateko modu autonomo batean eta ongizatean bizi eta gizarte laguntzak behar izateko, soldata bat jaso arren?”. Argia da erantzuna: “Oso kotizazio eta soldata txikiak daudela pentsatu behar dugu”.

Egoera beraz ohartarazi du Manuel Gonzalez de Audikana Deustuko Droga-Menpekotasunen Institutuko zuzendariak: “Emakume askok badute lana, baina laguntza behar dute, ez direlako iristen diru sarrerak bermatzeko errentak ezartzen duen gutxienekora; hileko 650 eurora”.

Egoeraz hausnartu beharraz aritu da diputatua: “Hobeto aztertu behar dugu emakume horiengana iristeko modua”. Izan ere, oso egoera gogorrean dauden andre asko bere kasa familia aurrera atera ezinik ari diren susmoa du. Sarritan, bikotekiderik gabe, eurek bakarrik ateratzen dute familia aurrera, eta, hala ere, ez dute aldundiaren gizarte zerbitzuetara jotzen laguntza eske. Hain zuzen, horixe da bitxia: azterketa horren arabera egoera zaurgarrian dauden gehienak emakumeak diren arren, aldundiaren laguntzak jasotzen dituzten gehienak gizonezkoak dira.

Emakumeek “bizirik irauteko” duten indar handiagoa jarri du horren arrazoitzat Gonzalez de Audikanak. “Bizimodua ateratzeko gaitasun handiagoa dute, eta ez dute zalantzarik egiten familia aurrera ateratzeko lan marjinaletara jo behar badute ere, dela garbiketa lanak egitera, dela asistentzia lanak egitera, eta abar”.

Aurrera egiteko indar horrek azaltzen du, Deustuko institutuko zuzendariaren esanetan, prekaritate handian bizi arren ez direla “erabat hondoratzen”: muturreneko zaurgarritasun egoeran dauden gehienak, inolako diru sarrerarik gabe edo kalean bizi direnak, gizonak dira, eta alde handiarekin gainera. “Egoera horretara iristen direnak ez dira gai aurrera egiteko, eta askok buruko gaixotasunak dituzte, edo alkoholarekiko, drogekiko zein jokoarekiko mendekotasunak”.

Egoerarik larrienetan daudenen eta etxebizitzarik ez dutenen artean gutxienekoa dira emakumeak, baina emakume horiexek dira egoerarik latzenetan daudenak, “zaurgarritasun mailarik altuena” dutenak.

Adinbakoei dagokienez, Gurutze Gorriaren laguntza jaso zuten 165 lagunen datuak aztertuta osatu dute txostena. 2014. urtean laguntza jaso zuten adinbakoak batez beste 11 urteko aurre-nerabeak izan ziren; bertoko jatorria dutenak gehienak, baina baita atzerriko jatorria dutenak ere. Azken horien artean, Latinoamerikakoak ziren gehienak. 2015. urtean 10 urte zituzten laguntza jaso zuten adinbakoek, batez beste, eta atzerritik etorritako gehienak magrebtarrak ziren.