Oreak ondutako elkarbizitza

Oreak ondutako elkarbizitza

Natalia Salazar Orbe

Industria iraultzak Bizkaian izan zuen eragina eta indarra zalantzan jartzerik ez da. Hala ere, iraultza hari buruz hitz egitean, burdinaren ustiaketarekin lotu ohi da, ia erabat, nahi gabe bada ere. Baina iraultza hark bestelako eremuetan ere ekarri zituen aldaketak. Iralan, esaterako, ogiaren ekoizpenaren inguruan ezarri zituzten berrikuntza haiek. Harino Panadera lantegiaren inguruan eratu zuen auzoa Juan Jose Iralak. Auzoko identitatean eta historian eragin handia izan du ogiak, beraz. Bestalde, kulturartekotasuna susta dezakeen elementu bat ere bada; ogia, era batera edo bestera, munduko txoko guztietan ez bada, gehienetan egiten dute. Premisa horiek biak eskuan, Ogiaren Festa antolatzen dute Iralan. Bihar dute laugarrena, Errege-erregina Katolikoak oinezkoentzako kalean, Kirikiño gisa ezaguna den plazan.

Labeak eramango dituzte plazara. Eta nahi duen herritar orok bere ogia egiteko aukera izango du. Gero, bateko eta besteko sekretuekin ondutako ogi horiek dastatu ahalko dituzte bertaratzen direnek. Topaketa urrunago doala azaldu du Goizalde Azkona Gazte Leku elkarteko langileak. “Lehenengo urtean, umeentzako tailerrak antolatu genituen auzoko hainbat elkarterekin. Auzoan zegoen guztia ezagutzera eman nahi genuen. Iaz jada erabaki genuen elkarteen azoka antzeko bat egin behar genuela. Alegia, auzoan lan egiten duten elkarteek zer egiten duten erakusteko azoka bat”.

Hala, batean, ogiaren karpa jarriko dute; eta, bestean, elkarteen lana ikusarazteko txokoa. Tailerrak antolatuko dituzte, denetarikoak: bakoitzak bere alorra landuko du. Eta norbanako gisa ikuskizunen bat egingo duenik ere badago. “Hainbat jarduera lotu ditugu auzoko gazte eta nagusiekin. Besteak beste, capoeira egiten duen gizon batek erakustaldia egingo du; bi gaztek dantza saioa eskainiko dute, eta San Anton Iralabarri abesbatzak kantaldia emango du. Auzoko pertsona guztiek beren alea jarriko dute, ekarpena egingo dute festa hau aurrera eramateko eta denetarik egon dadin”.

Halakoxea baita Irala: askotarikoa. Industrializazio garaiaren hasieran, Bizkaiko beste eremu batzuetara ez bezala, Iralara ez zen iritsi etorkin olderik; auzoa sortu gabe zegoen. “Pagasarri mendira igotzeko bidea besterik ez zen”. Eratu zuten, baina, Juan Jose Iralaren bidez. Eta horren bereizgarri egiten duten etxe ingeles koloretsuak ere eraiki zituzten.

Urteen poderioz, auzoaren errealitatea aldatuz joan da. Eta Bilboko migrazioaren zati handi bat bertan elkartu da. “Etorkinen tasa %7 pasatxokoa da Bilbon. Irala eta Ametzolan, %11tik gora dago. Beraz, hori ere bazen beste arrazoi bat proiektu hau hemen sustatzeko”.

Kulturen aberastasun hori zabaldu eta batzuek eta besteek elkar ezagutzeko aprobetxatu behar zutela iritzita jarri zuten martxan auzoan darabilten proiektu komunitarioa. La Caixaren gizarte ekintzak, Bilboko Udalak eta Gazteleku elkarteak antolatzen dute. Apurka, auzootako elkarte askok parte hartzea lortu dute.

Komunitatea lantzeko beharrak bultzatuta eraman zuten proiektua Iralara. “Auzo honetan elkarte mordoa dago, baita jatorri askotako herritar ugari ere, eta ideologia askotakoak. Auzoa ezagutu ostean, konturatu ginen oso jende gutxik ezagutzen zuela elkar, eta gauza bera gertatzen zela elkarteekin ere”. Beraz, auzoaren diagnosia egin zuten. Horretarako, auzoko langile eta herritarrekin hitz egin zuten. Hizketaldi horietatik atera zuten zeintzuk ziren auzoaren arazoak, premiak eta konpon zitezkeen bestelako kontuak.

Auzoaren erradiografia egin ostean, zeintzuk konponbide behar dituen aztertu dute. “Elkarbizitzaren ideia hortik ere badoa. Zehaztu egin behar dugu zeintzuk diren herritarren lehentasunak, eta erabaki zer egin genezakeen hori aurrera eramateko eta bizitza hobe bat izateko gu bizi garen eta lan egiten dugun lekuan”.

Helburu batzuk finkatuak dituzte. Besteak beste, ikusi dute Iralan, bereziki, adineko asko daudela. “Planteatu dugu zer egin dezakegun guztion artean pertsona horiei laguntzeko”. Hori, elkarbizitzari dagokionez. Baina auzoari bizitza eman beharra ere atera zen diagnositik. “Besteak beste, sustatzen hasi gara merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak elkarlanean aritu daitezen, eta auzoan erosteak eta kontsumitzeak duen garrantzia haiek azaldu dezaten”. Abiapuntu horiek sinergiak sortu dituzte auzoan, eta elkarte batzuen eta besteen arteko parte hartzea uztartu.