Heldu beharreko ertz ugari

Heldu beharreko ertz ugari

N. Salazar – A. Laskibar

Ertz ugariz josita dago segurtasuna eta arrisku egoeren zein delituen prebentzioa uztartzen dituen lana. Ez da erraza gizarteko kolektibo anitzen errealitateari eta beharrizanei heltzea. Denek argi azaltzen duten gauza bakarra da errora, oinarri-oinarrira jo behar dela prebentzioa lantzeko, eta bizitzako arlo guztiei erreparatu behar zaiela. Elkarbizitza eta gizarte kohesionatua lortzeko behar diren baliabideez mintzatu dira Bilboko hiru kolektibo. Bakoitzak bere ikuspegitik egin du hausnarketa Bizkaiko Hitza-rentzat: Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, SOS Arrazakeria elkarteak eta Galtzagorri emakume taldeak.

Alderdi politikoez eta adituez harago, herritarrek euren bizipenen araberako iritzia eman dute Bilboko Herritarren Segurtasunerako Itunak jaso dituen proposamenei buruz. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa ziur da udalak proposatu dituen neurri guztiak oso modu zehatzean martxan jarriz gero, prebentzioa gauzatuko dutela. Hala azaldu du elkarteko presidente Javier Muñozek. Ituna adosteko udal ekimenarekin ados dago. Hala ere, segurtasun arazoei irtenbidea emateaz gain, elkarbizitza eta gizalege arazoei ere heldu beharko liokeela uste du, indarkeria ekintza eta delituen bezpera direlakoan. “Bistakoa da elkarbizitzarik ez dagoela lehenago segurtasuna bermatzen ez bada. Baina segurtasunik ez dago lehenago elkarbizitza bermatu ez bada”.

Lan horretan, udalak ez eze, bestelako erakunde eta kolektiboek ere parte hartu behar dutela sinetsita dago. “Udalera mugatu dira, eta denekin jarri behar dira harremanetan”. Hezkuntza alorra eta aldundia aipatu ditu, besteak beste. Azken horri buruz esan du ez duela parte hartu nahi izan itunean, nahiz eta kalteberak diren kolektiboetako kideak izan bere kargu. “Zer esan adingabeen egoitza horiei buruz? Porrot egiten dute, ez dute lortzen behar bezala hezterik”.

Gizarte bazterkeria egoeran edo horretarako arriskuan dauden taldeei irtenbidea emateko beharrezko baliabiderik ez du aurreikusi itunak, haren ustez. “Oraingoz ez”, bederen.

Muñozek argi du zeintzuk diren indartu beharreko arloak. “Hezkuntza, gizarte arreta eta ariketa fisikoa lehenetsi behar dira. Orain artean atxiloketa kolpez konpondu nahi izan dute delinkuentzia. Beste aukera hauek jarri behar dira martxan”. Gazteei aisialdirako eta kirola egiteko kalitatezko aukerak eskaini behar zaizkiela dio auzo elkarteen federazioko buruak. Horretan autokritika ere egin du, adinekoei jarri dioten arretarik ez dietelako jarri ume eta gazteen beharrizanei. Hezitzaile, familia eta erakundeetako ordezkarien eginbeharra da, haien ustez, aurkitzea zerk huts egin duen “gazteek nahiago badute indarkeria erabilita lapurreta egitea, baloiarekin jolasten ibiltzea baino”.

Itunak jaso duen gertuko polizia eredua baliagarria izan daitekeela deritzo. “Delituak prebenitzeko ahalmen gehiago duen polizia da. Datuak, zuzenean, herritarrengandik hartzen hasten den polizia eredua da”. Hori martxan jartzeko zailtasun ugari dago, ordea. “Polizien mentalitatetik bertatik hasita. Poliziek posible dute orain arte ez zeukaten herritarren konfiantza lortzea”.

Hala ere, arazoaren muinari heldu gabe konponbidea ez dela iritsiko esan du. “Gure leloetako bat da Bilbok bertako herritarrentzako hiri izan behar duela; pertsonentzako hiria. Eta kontsumorako hiria egiten ari dira”. Turismo tasa alturik egon ez arren, Bilbo kanpotarrei zabaltzeko obsesioa antzeman du. Gizarte kohesionatua lortzeko, ordea, horretarako neurriak nahitaezkoak direla deritzo. Adibide bezala, auzo batzuen eta besteen artean dagoen bizi itxaropenaren aldea aipatu du: “Bilbo Zaharreko bizilagunak Deustukoak baino hamar urte gutxiago bizi dira. Hiri baten barruan hain bizi itxaropen desberdinak egotea nolatan ez da hartzen arazotzat?”. Hala, baliabideen kudeaketa baino gehiago, sistema aldaketa jo du hiri kohesionatua lortzeko tresnatzat: “Gizartea aldatu behar da”.

Bilbo hiri inklusibo eta solidarioa egiteko herritarrek konkistatu dituzten eskubideak arriskuan jartzen dituzten mehatxuak baztertu beharraz ere mintzatu da elkartea. “Lan prekarietatea ezabatu behar da, auzoetako saltoki txikien gainbeherari aurre egin behar zaio eta desagerrarazi egin behar dira gazteen, emakumeen, jubilatuen, etorkinen eskubideen zein festa eredu herrikoien aurkako erasoak. Hiria erakusleku gisa aurkezten duen eredua geldiarazi behar da”.

Azkenik, ituna sinatzeko eurei deitu ez izana penaz hartu du Muñozek. “Hutsegitea izan da parte hartzea alderdi politikoetara mugatzea. Hala ere, aurrera begira jarraipena egiteko deitzen badigute, parte hartuko dugu”.

Zigortuenak zigortzeko

Etorkinak —bereziki agiririk ez dutenak—, kaleko saltzaileak eta gutxiengo etnikoak artatzen ditu SOS Arrazakeria elkarteak. Kezkatuta dago itunak kolektibo horiengan izan dezakeen ondorioengatik. Gertuko poliziaren eredua sortzeko asmoak eta polizia areagotzeak eragin dio kezka gehien Kepa Otero elkarteko kideari. “Zer nola biziko dute zenbait kolektibok kalean polizia gehiago egotea?”. Besteak beste, kaleko saltzaileei edota etxegabeei buruz ari da. “Zer egingo dute polizia horiek kalean? Profil etnikoaren arabera identifikatuko dituzte herritarrak, eta agiririk ez badute Espainiako Poliziaren atzerritarren brigadara bidali?”.

Itunak aurreikusitako neurriak ondo irudituko litzaizkioke beste batzuk ere onartuko balituzte. Besteak beste, kaleko saltzaileen jardunbidea legeztatzeko neurriak hartuko balituzte edota zenbait kolektiborentzako laguntza handiagoa egongo balitz. “Beldur gara ez ote diren kalera aterako ez delitu jakin batzuk saihesteko, baizik eta dagoeneko oso zigortuta dauden kolektibo batzuk are gehiago zigortzeko”.

Bilboko Udalak onartutako itunak jasotzen du, besteak beste, egoera bereziki kaltebera bizi duten pertsonen arrisku egoerak goiz antzemateko protokoloa. Era horretako protokoloak lagungarriak izan daitezkeen galdetuta, zalantzak sortu zaizkio Oterori. Zeintzuk kolektibori buruz ari diren argitu beharko litzatekela uste du. “Ituna sinatu duen alderdi politikoren batek ere esana du: gauza asko falta dira. Besteak beste, benetako kolektibo kalteberei buruz hitz egitea. Alegia, agiririk ez dutenei buruz”.

Ituna herritarren egonezina baretzeko erantzuna dela uste du Oterok. Abenduan eta urtarrilean gertatutako hilketen ondoren iritzi publikoak erantzun bat eskatzen zuela eta politikariek itun hau osatu dutela deritzo. Eta iritzi publiko horrek berak kolektibo jakin batzuk etiketatzea eragiten duela: “Ijitoena eta magrebtarrena, besteak beste”.

Arazoaren muinera jotzea beste irtenbiderik ez du ikusten: “Gizartearen egituraren arazoa da. Ez dut uste arazoa konponduko denik une jakin batean iritzi publiko zehatz batetik sortu den itunarekin”.

Zer da segurtasuna?

San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharreko Galtzagorri talde feministako kide Josefina Roco Sanfilipporen ustez, zaila da itunak soilik arazoaren muinari heltzea. Hala ere, eztabaida bere sakontasunean zabaltzea eta segurtasunaren kontzeptuaz hausnartzea eragiten badu, aurrerapausoa izango dela iruditzen zaio.

Segurtasunaz irudikatzen denari buruzko hausnarketa egitera deitu du, lehenik: “Segurtasunari buruz ari garenean pertsonei buruz hitz egin behar dugu, eta errealitate eta bizi baldintza oso desberdinak dituzten pertsonak daude Bilbon”. Egindako zauriak arintzeko petatxoak jartzea ez dela aski, hori argi du: “Benetako erabaki politikoak behar dira, sustraira joango diren neurriak, desberdintasunak eragiten dituzten arrazoietara joko dutenak, horiei aurrea hartu ahal izateko”.

“Segurtasunean pentsatzen dugunean, zein delitutan pentsatzen dugu? Zein delitu zigortzen dira eta zein delituren aurrean begiratzen da beste aldera? Beldurraren diskurtsoa zabaldu eta gauza oso zehatzak jazartzen dira, baina badira delitu larriagoak, gainontzeko delituen sorburu baitira: desberdintasunean, langabezian eta pobrezian sakontzen dutenak”. Horren aurrean, poliziak gehitzeak ezer gutxi konpon lezakeela iruditzen zaio.

Beste zerbaiti heldu nahi dio, beraz, Rocok: pertsona guztientzat bizitzeko hobea izango den hiria eta auzoak eraikitzeari; “gure auzoetako espazioak bizitzeko aukera dugula sentitzeari, askatasunean egon eta mugitu gaitezkeela sentitzeari”. Eta Rocoren hitzetan, segurtasun sentipen hori ez du ekartzen kaleak poliziaz zein kamerez josteak edo beste batzuek norbere bizitzaren gaineko kontrola izateak.

Auzoetan elkargunerako espazioak egotearen garrantzia azpimarratu du, hargatik. Bilbo Zaharreko bizilagunaren esanetan, horrek sustatzen du elkarbizitza, kultur aniztasuna eta konfidantza. Eta Galtzagorri San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharrerako urtetan aldarrikatzen ari den emakumeen etxeari bide ez ematea aurpegiratu dio, zentzu horretan, udalari.

Gertuko polizien proposamenaren aurrean, Rocok sorleku duen Argentinako adibidea ekarri du: Buenos Airesen, esaterako, komunitate kuadrilak daude zaintzarako. Kuadrila horiek auzotarrek beraiek osatzen dituzte, eta, beraz, segurtasunaren ideia ez da poliziek edo instituzioek goitik inposatutakoa, herritarren beharretatik sortutakoa baizik. “Auzotarrek beraiek kudeatzen dute auzoan modurik atseginean bizi ahal izateko era”.