Ekin, gaitza azaldu aurretik

Ekin, gaitza azaldu aurretik

Natalia Salazar Orbe

Segurtasun faltaren pertzepzioak gora egin du Bilbon. Herritarrak aztoratu zituzten bi gertaera latzek astindu zuten hiriburua duela hilabete gutxi. Jon Urrengoetxea zornotzarra eta Otxarkoagako adineko senar-emazte batzuk aste gutxiren buruan hil zituzten. Abenduan eta urtarrilean, hurrenez hurren. Latzak, baina kasu bakanak izan zirela azaldu zuen Bilboko Udalak. Bilboko 2017ko segurtasunaren eta delituzko ekintzen erradiografiaren arabera, besteak beste, indarkeriazko lapurretak gutxitu egin dira, baina gora egin dute lesioak eragin dituzten delituek. Halaber, 2016an baino sexu eraso bat gehiago salatu zuten iaz, eta sexu askatasunaren aurka egindako salaketek ere 10 puntu egin zuten gora. Udalak hiria segurua dela dio, baina herritarren pertzepzioa bestelakoa da: %1 handitu da segurtasun faltaren pertzepzioa.

Presio horren aurrean neurriak hartu ditu udalak. Herritarren Segurtasunerako Ituna aurkeztu dute oraintsu, eta alderdi guztien oniritzia eta babesa izan du. Indarra prebentzioan jartzen du, eta gertuko polizia eredu bat ezartzeari oso garrantzitsu iritzi dio. 35 neurri adostu dituzte. Ia erdiak gertuko polizia eredu horri lotuta daude. Arrisku egoeren detekzio goiztiarrerako proposamen ugari ere jaso dituzte.

Zeintzuk faktoreri erreparatu behar zaie prebentzioa behar bezala landu eta itunak bilatzen duen gizarte kohesionatua lortzeko, ordea? Horra hor gakoa. Eta horixe erantzuten saiatu da Iñaki Garcia Maza, Erain Psikoterapia Humanista zentroko psikologoa. Abiapuntutik bertatik oker deritzo itunaren ikuspuntuari. “Arreta gunea ez da jarri behar segurtasunean”. Halaxe ondorioztatu du analisiari hasiera eman bezain laster. “Zer nolako gizartea izan nahi dugun eta kolektiborik kalteberenak nola artatuko ditugun erabaki behar dugu. Hori da gakoa”.

Prebentzioan, arazoen edota arriskuen muinera joko duen prebentzioan indar egin du. Horretarako ardatz nagusiak “behar bezala funtzionatuko duten gizarte zerbitzuak eta haurrak babesteko zerbitzuak” dira. “Horiexek dira bestelako lan guztien oinarriak”.

Herritarren artean konfiantza areagotzeko xedez itunak aurreikusi duen gertuko poliziaren ereduaren ordez, hezkuntza landuko duten adituen beharra azpimarratu du. “Herritarrenganako konfiantza eta gertutasun handiagoko dinamikak sortuko lituzkete figura horiek”. Polizia areagotzea eta gertutasun kutsu hori ematea herritarren arrisku pertzepzioa eta beldurra baretzera bideratutako neurria dela sinetsita dago. “Ez daukagu polizia tasa handiagoa ezartzeko neurria justifikatzen duen delitu tasarik. Behar duguna da herritarrek segurtasun sentsazio handiagoa izatea. Hala ere, gertuko poliziak ez du ekarriko segurtasun eraginkorra. Horretarako, prebentziorako beste heziketa figura batzuk behar dira”.

Hurbileko gizarte arreta

Gertuko hezitzaileen figurari buruz ari da, besteak beste. Gizarte zerbitzuen kaleko lana berreskuratzea. Horixe proposatu du. Auzoetan eta barrutietan konfiantza sortuko duen hezitzailearen irudia berreskuratu behar dela deritzo. Lehenago auzoetan ibiltzen zen kaleko hezitzailearen garrantziaz mintzatu da. “Auzotarrak ezagutzen zituen eta loturak zituen haiekin. Figura hori galduz joan da. Orain, gizarte arreta behar dutenek bulego batera joan behar dute. Gizarte zerbitzuak burokratizatuz joan dira, populazioarengandik aldenduz. Beharrezkoa da auzoarekiko gertutasunezko filosofia hori berreskuratzea”. 1980ko hamarkadan sortu zen mugimendu eta sare soziala era horretan sortu zela ekarri du gogora.

Argi du Garcia Mazak: “Gertuko poliziak delitu zehatzen bat saihets dezake une jakin batean, baina prebentzioa beste bide batetik joan behar da”. Aurretik egin beharreko lanari buruz ari da. Eta lan hori egiteko proposamen gehiago ere egin ditu.

Zerbitzuen “optimizazioa”

Bide beretik, gizarte ekintza eraginkorra aldarrikatu du. Horretarako, gaur egungo gizarte zerbitzuen funtzionamenduan aldaketak egin behar direla deritzo. “Optimizatu” egin behar dira, eta gizarte zerbitzuen koordinazioa landu eta hobetu. “Bi hanka dituzte gaur egungo gizarte zerbitzuek. Lehen arreta, udalak ematen du. Eta bigarrena, aldundiak. Lehen arretako zerbitzuek antzematen dute pertsona bat, eta gero bigarren arretara pasatzen da. Bitarte horretan denbora pasatzeaz gain, agenteen arteko deskoordinazioa ere gertatzen da”. Hala, lehen eta bigarren arreta integratuko dituen gizarte zerbitzuen markoa sortu beharko litzatekeela deritzo.

Gizarte zerbitzuon esku hartzeek koordinatuak izan behar dutela esan du. “Kasu bakoitzean agente bakarrak esku hartzeko paradigmari heltzen diogu oraindik. Eta hori ez da horrela izan behar. Hainbat kasu konplexu daude: hainbat familia. Badakigu non bizi diren, eta esku hartze koordinatuak behar dituzte. Beharrezkoa da irakasleak, auzoko osasun agenteak, gizarte langileak eta Udaltzaingoa koordinatuta egotea. Jakin badakigulako familia zehatz horrek arazo ugari dituela, eta faktore anitzak lantzen dituen arreta integratua behar duela”.

Esku hartze koordinatu horiek gauzatzeko lanak esfortzu handiagoa suposatzen du. “Egin dira ahalegin batzuk, baina oraindik lan handia dago egiteko”. Erakundeak “bide paraleloetan” bizi direla dio. Beraz, baita zerbitzu bakoitzeko langileak ere.

Horrekin lotuta, gogora ekarri du badirela hainbat familia belaunaldiz belaunaldi bazterketa eta arrisku egoerei helduta bizi direnak. Identifikatuta daude. “Arazoak sortzen dituzten familiak dira, zailtasun ugari izan dituzte. Kalteberen artean kalteberenak dira. Bazterketa ziklo bera errepikatzen dute belaunaldiz belaunaldi. Eta ez dugu egin hausnarketarik gertatzen ari denari buruz; ezta gero pertsona heldu izango diren familiotako umeei buruz ere”. Era horretako kasuetan neurriak ezartzeko beharra premiazkotzat jo du.

Haurren babeserako zerbitzuak gainezka daude. Hala esan du Garciak. Baita gizarte zerbitzuak ere, oraintsu Iñigo Pombo zinegotziak iragarri legez. Gizarteak alor horretara zer nolako baliabideak bideratu nahi dituen erabaki behar dela dio adituak. “Zeintzuk baliabide ditugu haurren esku hartzerako, horiek babesteko eta egoera zaurgarriak bizi dituztenerako? Zer egiten dugu emozionalki kontrolatzeko familiarik ez dutenekin?”.

Horiek eta beste kolektibo zaurgarri batzuek bizi ditzaketen arrisku egoeren arreta goiztiarrerako protokoloak aurreikusi ditu Bilboko Udalaren itunak. Haurrak, emakumeak, adinekoak eta bereziki egoera zaurgarriak bizi dituzten pertsonak jarri dituzte neurri horien hartzaile gisa. Udalean dagozkien arlo edo sailen eta bestelako erakundeen arteko elkarlana aurreikusi dute horretarako.

DBE gizarte ekintzara lotu

Prebentzioa ertz asko dituen afera denik ezin daiteke ukatu. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) izaera aldatzeak ere onurak ekar ditzakeela uste du psikologoak. Inklusioa eta gizarte kohesioa lortzeko ezinbestekotzat jo duen baliabidea, enpleguarekin lotutako eremura beharrean, gizarte ekintzari lotu beharko litzaiokeela dio. “DBEren sorrerako filosofia berreskuratu beharko litzateke. Alegia, lan munduari ezezik, inklusioa lortzeko bideei ere lotzea”. Dirulaguntza hori Lanbidera lotuta egonik, jasotzaileek enplegurako trebakuntza ikastaroetan parte hartu behar dute. Horrez gain, inklusiorako itun bat ere badute. “Zer gertatzen da? Lanbidek, enpleguari lotuta egonik, lehentasuna ematen diola diru-sarrera hori jasotzen dutenek lanerako trebakuntza ikastaroak egiteari. Aitzitik, ez du lehenesten bestelako betebeharrak eskatzea: besteak beste, seme-alabak eskolara eramatea edota droga kontsumo arazoak dituztenek terapiak egitea. Bestelako neurri sozialei buruz ari gara”. Gizarte ekintzarako balio handiko lan erreminta bat galdu dela deritzo Garciak. “Gizarte egoera zaurgarrian dauden familia askok era honetako prozesuei berriz heltzea ahalbidetuko luke neurri honek”.

Ituna ere, kohesioaren alde

Bilboko Herritarren Segurtasunerako Ituna sinatu dutenek ere ezinbestekotzat jo dute “gizarte inklusiboa, solidarioa eta kohesionatua izatea”. Gizarte horrek aukera berdintasuna eskaini behar duela ere jaso dute. Segurtasun politika publikoak oinarri horien gainean eraiki behar direla diote, “benetan eraginkorrak” izango baldin badira. Beharrezko deritzote segurtasun-politika prebentiboa lehenesteari. “Horretarako oinarritzat hartu behar dira hezkuntza eta trebakuntza programak eta gizartea ahalduntzeko programak, bazterketa sozial eta ekonomikoko errealitateei aurre egin eta delitu ekintzetara eraman dezaketen premiazko egoerak konpontzeko xedez”. Helburu nagusi gisa Bilboko herritarren segurtasuna jarri dute. Eta herritarren parte hartzearekin jarduteko baliabideak jaso dituzte itunean.

Hainbat talde zaugarri

Kolektibo kalteberak eta gizarte bazterketa egoeran dauden taldeak ere identifikatu dituzte. Eta eurentzako neurriak jaso. Emakumeak —bereziki indarkeria matxista pairatzen dutenak—, adinganeak, adinekoak, delituen biktimak eta gizarte bazterketa egoeran zein horretarako arriskuan dauden kolektiboak identifikatu dituzte.

Garcia Mazak kolektibo kalteberei buruzko beste ikuspegi bat eman du. Batetik, belaunaldiz belaunaldi bazterketa egoera kronikoa bizi duten familiak kokatu ditu. Horien barruan, familia desegituratuen barruan bizi diren umeei aipamen berezia egin die.

Beste arreta gune bat familiarik gabe dauden adingabe atzerritarrak dira. “Adinez nagusi egiten direnean, erakundeek haurren babeserako dituzten zerbitzuetatik kanpo geratzen dira. Irregulartasun egoeran dagoen populazio kopuru bat bada, eta horiek ez dute baliabide sozialetarako ia aukerarik. Agenda politikoaren barruan ez daudenez, ordea, ez dituzte jotzen arreta gunetzat”.

Emakumeari ere arreta berezia eskaini dio Garcia Mazak. Bereziki, bazterketa egoeran dauden emakumeei: “Diskriminazio bikoitza bizi dute. Bata, emakume izateagatik, eta, bestea, pobre izateagatik”. Prostituzioan ari direnei eta emakumeen salerosketako biktima diren emakume migratzaileen egoera latzei aipamen berezia egin die.

Azkenik, gizarte isolamendua bizi duten herritarrak ekarri ditu gogora. Gizarte loturak galdu dituzten herritar ugari antzeman dituzte. Auzotarren arteko harremanak zein herritarren arteko loturak galdu izanak eragindakoak dira asko eta asko. Familia erreferenteen faltak ere arazoak sortzen dituela deritzo. “Guraso askok egun osoa ematen dute etxetik kanpo, lanean, eta gero zaila egiten zaie seme-alabei mugak jartzea eta behar bezalako heziketa ematea”. Faktore horien ondorioz, gazte eta heldu asko loturarik gabe leudeke.

Hala, hausnarketa eta neurri sakonagoak galdegin ditu psikologoak: “Bilboko ituneko neurriek segurtasun pertzepzioa ase nahi dute, arazoen prebentzio eraginkorra egin ordez”.