“Besteena ezagutzea ere bada gure asmoa”

“Besteena ezagutzea ere bada gure asmoa”

N. .S. O.

Hainbat elkarte eta norbanakok egingo dute bat Iralan, bihar, Ogiaren Festan. Elkarte horietako bat Avifes da. Buruko gaitzen bat dutenekin egiten du lan. Janire Unanue (Abanto-Zierbena, 1986) elkarte horretako langilea da; pisuen zerbitzuko koordinatzailea, hain zuzen. Santutxun dute egoitza, baina eguneko zentroa Ametzolan dago. 40 erabiltzaile inguru dituzte. Bihar, Kirikiñoko zitan bat egingo dute horietako askok euren egunerokoa ezagutarazi, tailerrak antolatu eta auzotarrak ezagutzeko.

Zer egiten du Avifes elkarteak Irala eta Ametzola auzoetan?

Avifesek buruko gaixotasunen bat dutenekin egiten du lan. Gure helburu nagusia da pertsona horien guztien bizi baldintzak hobetzea eta haien autonomia lantzea. Horretarako, hainbat zerbitzu darabiltzagu. Autonomia eta independentzia hori sustatzeaz gain, estigmatizazioaren aurka ere lanean ari gara. Buruko gaitzek estigma handia dute gizartean. Horren kontra ari gara lanean. Avifes Ogiaren Festan murgildu da Ametzolan dugulako gure eguneko zentroa.

Ogiaren Festa ogiak egiteko jaialdi bat baino zerbait gehiago da. Zein ekarpen egiten du?

Aukera paregabea da guretzat elkarte gisa. Bizkaian egiten dugu lan. Guretzat, oinarrizko arrazoiak daude bertan parte hartzeko. Alde batetik, gure lana ezagutaraztea. Bestetik, buruko gaixotasunen bat dutenen autonomia eta independentzia hori lantzeaz gain, aukera paregabea da jakinarazteko zer-nolakoak diren eta zer-nolako gaitasunak dituzten. Estigmaren aurka lan egiteko aukera ona da. Horrez gain, guk egiten ditugun zerbitzu guztiek harreman zuzena izaten dute komunitatearekin. Pisuak, eguneko zentroak, aisialdia edo kirola lantzen ditugunean, saiatzen gara herri mailako baliabide guztiak erabiltzen. Izan ere, gure ustez hori oinarrizkoa da pertsona horien gizarte partaidetza ziurtatzeko eta kolektibo honi buruzko ikuspegi desberdina eman ahal izateko.

Zuek zertan nabaritu duzue on egin dizuela era horretako jarduera batean parte hartzeak?

Guk iaz hartu genuen parte lehenengoz. Guretzat oso egun polita izan zen; berezia. Kulturartekotasun kutsua du. Horrek ere aukera ematen digu. Eskulan tailer bat antolatu izan dugu. Horrez gain, erakusleku bat ere jartzen dugu, triptikoekin, lehenago aipatu dugun guztia lantzeko eta egiten duguna ezagutarazteko. Halaber, aukera paregabea da jakinarazteko nola bizi duten gure zerbitzuak erabiltzen dituzten horiek euren egoera eta zer-nolako abileziak dituzten.

Zein harrera izan duzue Ogiaren Festan? Ematen du aukera elkar ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko?

Normalean, elkarreragin hori oso ona izaten da. Guretik joaten diren erabiltzaileek asko gozatzen dute. Oso harrera ona izaten da. Ez da inolako arazorik sortzen. Festa egun bat da. Denok goaz gozatzera eta elkarrekin parte hartzera. Denentzat onura handiak eragiten dituela esango nuke. Horrek ere ahalbidetzen du bestelako zeharkako lan batzuk egitea. Bilboko auzo batean egiten da; gure egoitza Santutxun dago, baina Bizkai osoan egiten dugu lan. Beste era batean ezagutarazteko modu bat da.

Aukera dugunean, beti hartzen dugu parte era horretako jardueretan; komunitatearekiko lotura edo harremana indartzen duten jarduerak ontzat hartzen ditugu, eta parte hartzen saiatzen gara. Buruko gaitzen bat dutenen kolektiboa uste baino handiagoa da, eta funtsezkotzat dugu hori ikusaraztea.

Eta zer transmititzen dizuete buruko gaixotasunen bat duten horiek?

Beti ez dira joaten boluntario berak. Kasu honetan, egingo duten tailerra izango da estresaren kontrako bolatxoak egitea. Beti irrikaz egoten dira parte hartzeko. Haiek beti izaten dute jarrera ona, eta berriz parte hartzeko gogoa pizten zaie.

Baliagarria da auzootako beste bizilagunak eta proiektuak ezagutzeko ere?

Bai; beti gertatzen da truke bat. Beste baliabide eta erakunde batzuk ezagutzeko aukera ematen digu, eta aukera zabal daiteke agian noizbait haiekin jarduera edo parte hartzeren bat egiteko. Guretzat, baliabideak dira. Guretzat, erakunde moduan, interesgarria da; baita haientzat ere, anima baitaitezke esperientzia berriak egitera edo parte hartzera. Hori dugu helburua. Besteena ezagutzea ere bada gure asmoa. Gure ikuspegia komunitarioa da.

Zein adin tarteko pertsonak daude zuenean?

Adinaren aldetik ez dago profil zehatzik. Ez dugu egiten lan adingabeekin. Beraz, 18 urte dituztenetatik hasi, eta 70etik gora dituztenak ere baditugu. Oso zabala da, beraz. Hori ere garrantzitsua da, horrek esan nahi baitu pertsona horiek guztiek lekua dutela gurean.

Zer egingo duzue zuek festan?

Eskulanak egingo ditugu. Horrez gain, antolaketa lanetarako behar den laguntza emateko prest egongo dira gure erabiltzaileak une oro. Bertan egongo dira, parte hartuko dute, eta gogotsu daude aukera hori izateagatik.